I. IRAKURGAIA
David, Israelgo errege igurtzia
Samuelen lehenengo liburutik (1 Sm 16, 1b. 6-7. 10-13a) (ENTZUN)
Egun hareetan, Jaunak esan eutsan Samueli: «Bete adarra orioz eta zoaz. Belemeko Jeseregana bialtzen zaitut, haren semeen artean begiz jo dot-eta nire errege izango dana».
Jese eta beronen semeak heldu ziranean, Samuelek Eliab ikusi eta esan eban berekautan: «Zalantza barik, aurrean dau Jaunak bere igurtzia». Baina Jaunak esan eutsan Samueli: «Ez begiratu horren itxura eta luzereari, alde batera itzia dot-eta. Jainkoak ez deutso begiratzen gizakiek begiratzen deutsoenari, gizakiek itxureari begiratzen deutsoe-eta; Jainkoak, barriz, bihotzari».
Jesek bere zazpi semeak eroan zituan Samuelen aurrera; baina Samuelek esan eutsan: «Jaunak ez dau horreetatik inor aukeratu». Orduan, Samuelek itaundu eutsan Jeseri: «Honeek al dozuz seme guztiak?» Harek erantzun: «Txikiena gelditzen da; artzain dabil». Samuelek esan eutsan Jeseri: «Agindu ekarteko; ez gara jaten hasiko, bera etorri arte». Ekarriazo eban, beraz, mutila: ule-gorria zan, begi-ederra, itxura bikainekoa. Jaunak esan eutsan Samueli: «Jagi eta igurtzi egizu; horixe da».
Hartu eban, bada, Samuelek orio-adarra eta igurtzi egin eban bere anaien aurrean. Egun haretan Jaunaren espiritua Davidegan sartu zan eta haren jabe izan zan aurrerantzean.
ERANTZUN SALMOA
Sal 22, 1-3. 4. 5. 6
R/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.
Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean:
larra gurietan etzunazoten nau.
Atsedenezko iturrira naroa,
eta bizkortu egiten deust barrua.
Banaroa bidezidor zuzenetatik,
bere izenagaitik.
Ibar ilunetan banabil ere,
ez nago gaitz-beldur,
Zeu neugaz zagoz-eta:
Zure zigorra eta makilea, honeek dira nire poza.
Atontzen deustazu mahaia,
arerioak daukadazala begira;
orioz igurtziten deustazu burua,
gainezka dago nire edontzia.
Zoriona eta grazia ditut aldean,
nire bizi guztiko egunetan;
eta Jaunaren etxean naz biziko
luzaroen luzaro.
II. IRAKURGAIA
Jagi zaitez hilen artetik,
eta Kristok argituko zaitu
San Paulo Apostoluak Efesoarrei egindako gutunetik (Ef 5, 8-14) (ENTZUN)
Senideok: Sasoi batean ilunpe zineen; orain, barriz, argi zaree Jaunari esker. Ibili zaiteze, beraz, argiaren partaide lez; zuzentasuna eta egia guztia dira argiaren frutu on izatea. Aztertu zer jakon Jaunari atsegin eta ez parte hartu ilunpean bizi diranen egintza usteletan; salatu egizuez, ostera, lotsagarria da-eta horreek ezkutuan egiten dabena aitatzea ere. Baina argiak salatzen dauan guztia agirian gelditzen da, eta agirian gelditzen dana argi bihurtzen da.
Horregaitik esaten da:
«Itzartu zaitez, lo zagozan hori,
jagi hilen artetik,
eta Kristok argituko zaitu».
EBANJELIOA
Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean emoten diran zatiak itzi daitekez
Joan zan itsua, garbitu,
eta ikusten ebala bihurtu zan
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 9, 1-41) (ENTZUN)
Aldi haretan, Jesusek, bidez joiala, jaiotzatik itsu zan gizon bat ikusi eban. [Eta ikasleek itaundu eutsoen: «Maisu, nork egin eban pekatu, hau itsu jaioteko, honek ala honen gurasoek?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez honek, ez honen gurasoek, ez eben pekatu egin, Jainkoaren egintzak honegan agertu daitezan jaio zan itsu eta. Egun-argi dan bitartean egin behar ditut bialdu nauanaren egintzak; badator gaua, eta orduan inork ez daike lanik egin. Munduan nagoan bitartean, munduaren argia naz».
Hau esanik,] txistua bota eban lurrera, txistuaz lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi eutsazan itsuari; gero, esan eutsan: «Zoaz eta garbitu zaitez Siloeko uraskan». (Siloek "Bialdua" esan gura dau). Joan zan, bada, itsua, garbitu eta ikusten ebala bihurtu zan.
Auzokoek eta lehen eskean ikusten ebenek esaten eben: «Ez al da hau jesarrita eskean egoten zana?» Batzuek inoen: «Bai, bera da». Beste batzuek: «Ez, ez da ha, haren antzeko bat baino». Berak, barriz, inoan: «Bai, haxe naz».[Orduan itaundu eutsoen: «Zelan edegi jatsuz, bada, begiak?» Eta harek erantzun: «Jesus dalakoak lohia egin dau, begiak igurtzi deustaz eta agindu: "Zoaz Siloera eta garbitu"; joan, garbitu eta ikusten hasi naz». Itaundu eutsoen: «Non da gizon hori?» Harek erantzun: «Ez dakit».]
Zapatua zan Jesusek lohia egin eta begiak edegi eutsazan eguna. Horregaitik, fariseuakana eroan eben itsua izandakoa, eta fariseuek barriro itaundu eutsoen zelan hasi zan ikusten. Harek erantzun eutsen: «Lohia jarri eustan begietan, garbitu nintzan eta ikusi egiten dot».
Fariseuetako batzuek inoen: «Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ez dau zapatuko atseden-eguna errespetatzen-eta». Beste batzuek, barriz, inoen: «Zelan egin daike pekatari batek holako ezaugarririk?» Eta ez etozan bat euren iritzietan. Barriro itaundu eutsoen itsuari: «Eta zuk zer dinozu begiak edegi deutsuzanaz?» Harek erantzun: «Profetea dala».
[Halan ere, juduek ez eben sinestu gura gizon ha itsua izan eta ikusten hasi zanik. Beraz, haren gurasoei deitu eta itaundu eutseen: «Hau al da zuen semea, itsua jaio zala dinozuena? Zelan ikusten dau, bada, orain?» Gurasoek erantzun eutseen: «Guk badakigu gure semea dala eta itsua jaio zala; baina orain zelan ikusten dauan edo begiak nork edegi deutsazan, hori ez dakigu. Itaundu berari, badau adina-eta bere buruaren barri emoteko». Juduen bildurrez berba egiten eben gurasoek honan, ordurako agintariek erabagita eben-eta Jesus Mesias zala autortzen ebana euren alkartetik botatea. Horregaitik esan eben gurasoek: «Badau adina, itaundu berari».
Juduek bigarren aldiz deitu eutsoen itsua izanari eta esan eutsoen: «Autortu egia Jainkoaren aurrean. Guk badakigu gizon hori pekataria dala». Harek erantzun eutsen: «Pekataria dan ala ez, ez dakit. Dakidan gauza bakarra hauxe da: itsua nintzala eta orain ikusi egiten dodala».
Hareek barriro: «Zer egin deutsu? Zelan edegi deutsuz begiak?» Harek erantzun eutsen: «Esan deutsuet lehen ere, eta ez deustazue jaramonik egin. Zergaitik entzun gura dozue barriro? Zuek ere haren ikasle izan gura dozue ala?»
Hareek irainez bete eta esan eutsoen: «Zeu izango zara horren ikasle; gu Moisesen ikasle gara. Guk ziur dakigu Jainkoak Moisesi berba egin eutsala, baina Hori nongoa dan ere ez dakigu».
Harek orduan: «Hori bai harrigarria! Zuek nongoa dan ere jakin ez, eta Harek niri begiak edegi. Jakina da Jainkoak ez deutsela pekatariei entzuten, jainkozale danari eta beraren guraria egiten dauanari baino. Egundo ez da entzun itsua jaiotako bati inork begiak edegi deutsazanik. Gizon honek, Jainkoagandik ez baletor, ezin izango leuke ezer egin».] Hareek erantzun eutsoen: «Goitik beheraino pekatari jaio zinan, eta zu guri irakatsi guran?» Eta kanpora bota eben.
Jakin eban Jesusek bota egin ebela eta, aurkitu ebanean, itaundu eutsan: «Sinesten al dozu Gizonaren Semeagan?» Harek erantzun: «Esaidazu nor dan, Jauna, sinestu dagidan». Jesusek esan eutsan: «Ikusi dozu; zugaz berbetan diharduana bera da». Harek orduan: «Sinesten dot, Jauna». Eta aurrean ahuspeztu jakon.
[Ondoren, Jesusek esan eban: «Epai baterako etorri naz Ni mundu honetara; ondorioz, ikusten ez dabenek ikusi dagien, eta ikusten dabenak itsu bihurtu daitezan». Jesusegaz egozan fariseu batzuek, hori entzunik, esan eutsoen: «Gu ere itsuak ete gara, bada?» Jesusek erantzun eutsen: «Itsuak bazinee, ez zeunkee pekaturik. Baina ikusten dozuela dinozuenez, zeuen pekatuan irauten dozue».]
HITZALDIA
Senideok: Garaizumako 2. katekesi nagusian sartuta gagoz. Gaia: Sinismena. Ingurua: Jesusek itsuari ikusmena emotea. Salakuntzak: Gizakiok azalekoari begiratzen deutsogu; Jainkoak bihotzari; eta beste hau: “Ikusten dozuela dinozuenez, zeuen pekatuan irauten dozue”.
Jesusengan sinistea, ba, inguruari sakonera begiratzea da; azalean ez gelditzea: azalean akatsak baino ez dagoz; ona eta probetxuzkoa, barruan, sakonean, egoten dira; eta hara heltzeko beste begi batzuk behar dira: sinismen-begiak. Maitasunez begiratuazoten daben begiak.
Sinismena ez da, ba, Jainkoari zer edo zer (zeozer) eskatzeko ahalmena, ingurua Jesusen begiez ikustea baino. Eta han behartsuak ikusi daitekez; injustiziak ikusi daitekez; eta baita erreinuaren aztarnak ere…
Hau da: dana ez da txarra. Ba dago onik ere. Baina txarra salatu egin behar da. Jesusek Farisearren itsukeria salatu egiten dau. Pobreen ahalmenetik Banketxeak berkapitalizatzea salatu egin behar da. Eta, ahal dan neurrian, hareetatik norbere diru guztia atara eta “Banka Etika”n sartu.
Onaren aztarnak ere ikusi daiguzan: txarkeriaren aurka eratu eta jagiten diran talde burrukalariak; Natura zaintzearren, edo etxegabetuen alde jartearren mobilizatzen diranak; besteen eskubideen alde aldarrikatzen dabenak… Erreinuko aztarnak dira.
Itxaropenez begiratu behar deutsogu bizitzeari: Jainkoak sakonera begiratzen irakasten deusku; txarkeria salatzeko bihotza emoten deusku; eta onaren aldeko burrukarako adorea emoten deusku.
Eskertu deiogun emon deuskun fedea, eta hau erabilten, eguneratzen eta zaintzen jakin daigula eskatu deiogun.
Eskariak
† Sakonera begiratzeko begiak emon gura deuskuzan Jainkoari eskatu deiogun sinismen argitasuna:
—Zeure Semeagan sinisten dogunok osotzen dogun Elizan, Jauna, zeure berbea aurkitzen eta haren ondasunak zabaltzen jakin daigun…
Emoiguzu, Jauna, sinismena
—Behartsuarengan zeure deia entzuten eta haren beharrizanean gure larregitik laguntzen ahalegindu gaitezan…
—Ahaltsuek egiten dabezan gehiegikeriak, eta, euren gerizpean geuk egiten doguzanak ere, salatzeko adorea izan daigun, gizarte zuzenagoa eraiki ahal izateko…
—Eliz alkarteetako hozkerien, itxikerien, bakotxakerien eta daukaguna ondo erabilten eta alkarbanantzen ez jakitearen aurka burrukatzeko…
† Jainko sortzailea: atara gaizuz ilunpeetatik, eta emoiguzu txarkeria salatzeko adorea, eta ingurua sinismenez begiratzea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
HITZALDIA (ENTZUN)
Senideok: hona gaurko domeka honetan Jaungoikoak zer eskeintzen deuskun, zer irakasten deuskun, zer opa deuskun. Lehenengo ta behin, Jaungoikoa ez da azalkerietan eta itxurakerietan gelditzen; barrura joten dau, eta baita gizakiaren barruraino ere, barru-barrutik barrituz, eta gizakia oso-osoko eginez, bere espirituaren indarrez, gerotxoago ikusiko dogun lez.
San Paulok eskari bat egin deusku: "Ibili zaiteze, beraz, argiaren seme-alaba lez: on izate, zuzentasun eta egia guztia argiaren frutu da-ta." Baina guzti hori ulertzeko, eta, Jaungoikoaren graziaz geuretzeko, goazen ustetsu eta eskuzabal ebanjeliora. Zer aurkitzen dogu bertan?
Ebanjelioko itsua, jaiotzaz itsu dana, inoiz ikusi ez dabenen ezaugarri da. Eta bere inguruan ikusten dogu zergaitik ezin ikusi daiken: gehienek uste dabe Jainkoak zigortu egiten dauala; pekatariari ez deutsola entzuten; eta beste batzuk Moisesen Legeak salbatu daikela-ta bihotz zarratuaz bizi dira. Hona hemen, ba, zelan egon geintekezan geure kulturearen menpean edo baita geure erlijiokeriaren menpean ere.
Begira zelango irudi ederra egiten deuskun ebanjelariak Jesusegaz.
Lehenengo ta behin, Jesusen jokabidean Jainkoaren jokabidea bera agertzen deusku: Jesus hurreratu egiten da itsuagana, eta bere itsutasuna ez dala bere errua ez inoren errua, ez eta, gitxiago!, Jainkoaren zigorra. Makala da gizakia, eta han-hor-hemen agertuko ditu makaltasunak. Baina Jainkoak ez dau bertan behera izten; Jainkoa hurreratu egiten jako gizakiari eta bere dohaia eskaini. Begira zelan: bere ahoko txistua lurrera bota, lupetza egin, eta itsuari begietan ezarri. Ez deusku honek gogora ekarten Jainkoak zelan egin zituan zeru-lurrak eta gizakia? Jesusek, ba, hemen, Jainkoaren eginkizunetan dihardu: gizaki barri egin daike Jesusek; eta beste inork ere ez.
Baina gizakiak onartu egin behar dau; ez dau bere gainetik eta bere ezelango ahalegin barik egingo: zoaz, eta garbitu zaitez —dinotso itsuari. Eta ikusmenagaz dator. Barria da! Eta hain barria! Ez dabe ezagutzen; edo ezpaiak sortu-azoten ditu. Eta berbizkundeko berbak erabiliko ditu, bere barrikuntzea iragarteko: neu naz! Eta behin ta barriro kontatu behar izango dau gertakaria...; eta halan eta guztiz ere ez deutsoe sinistuko. Zein bihotz gogor garan, edo zein itsu bizi izan nahi dogun, geuretxoan zarratuta!
Senideok: Jesusek egin geinkez gizaki barri; Jesusek salbatu geinkez. Eta bai geu eta baita gure ingurua ere, Jesusen salbamenaren zain dago; Jaungoikoaren egarri da. Baina hainbatek ez dabe ezagutzen (horixe da ebanjelioko itsua); eta beste hainbatek ezin ezagutu dabe, euren erlijiokerietan eta ustekerietan zarratuta bizi diralako. Eta itxaroten dagozan barrikuntzea ez dabe lortuko ez giza-jakintzatik, ez eta kultu, erlijiokeria edo holangoetatik ere, Jesusen jarraitzaile izatetik baino.
Eta geuri dagokigu, senideok, hau ulertzea, bizi izatea eta gure inguruan zabaltzea. Hauxe da gure Elizearen eginkizuna, misinoa, Jesusengandik hartu dauan eta hartzen dauan agindua. Eta gutariko bakotxak bere inguruan bete daikena; eta Eliza lez, mundu guztira zabaldu beharrekoa.
Izan daiguzan, ba, gogoan baita gure Elizbarrutiko misiolariak ere. Egin gaitezan eurekin geu ere misiolari, eurei gure otoitzaz eta geure diruaz lagunduz; euren bitartez, gure ondasunak hango pobreekin bananduz, eta horrela geu ere misiolari bihurtuz. Baina baita egon gaitezan ere zuhur gure Elizbarrutiak eskatzen deuskuzan ezaugarriak emoteko: umeen ardurea; gazteentzako eredu izatea; eleizgauzetan arduratsu jokatzea eta abar. Ibili gaitezan Jesusen argitan, berak emoten deuskuzan aukerak ondo aprobetxatuz. Jesusek berak argitu daizala gure begiak!
ESKARIAK († Zuzendariak; —Ohargileak)
† Alkartu gaitezan otoitz berean, aldendu daizan mundutik Kristoren argiak pekatuaren eta heriotzearen lainoak. Eskariei hauxe erantzungo deutsegu:
Jauna, argitu gaizuz zeure argiaz.
—Sinismena Elizearen batasunean bizi dabenen alde: erakutsi deieen besteei, euren bizi-esperientziaz, benetan zentzuna emoten deutsen argia aurkitu dabela. Egin daigun otoitz.
—Jainkoa zalantza ta argi-ilunetan bilatzen dabenen alde. Jainkoak bere presentziaren argiaz argitu daizan, eta askeago ta zoriontsuago egingo dauzen topaketea izan daien haregaz. Egin daigun otoitz.
—Sufritzen dagozanen alde, etorkinen alde, miseriaren ilunpe baltzean bizi diranen, edo indarkeriaren edo gerrearen biktimen alde: gure maitasunaren ta alkartasunaren argia ta berotasuna sentitu daien. Egin daigun otoitz.
—Elizkizun honetan alkartu garanon alde: alkarri lagunduta, eta Jesukristoren argiaren gidaritzapean burutu ahal izan daigun Pazko argirantzako Garizumako bide hau. Egin daigun otoitz.
† Entzun, Jauna, zintzotasunez zuzentzen deutsugun otoitza; ilunpetan gagozala, zuk dakarskuzun salbamena sinisten dogulako. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
OTOITZA (ENTZUN)
Itsukeriak jota bizi gara, Jauna:
geurea baino ez ikusteraino,
eta, sarritan, geurea ere ez ikusteraino.
Zalekeriak itsutu gaitu,
erosokeriak eta ondasun goseak
eta neurri barik kontsumitzeak.
Azaleko begiradan geratuz,
sakonera begiratzea galdu dogu
eta alkar ezin dogu ezagutu.
Emoiguzu zeure begiradeaz ikustea:
atzerritarrengan, errefuxiatuengan,
behartsuengan… zeu ikustea.
Emoiguzu geure burua baino harago
joan ahal izateko begiradea:
erreinuko seme-alaben ikusmena.
Iruzkina
Egiptoko joputzatik urteten dauan aldra harek ez daukaz gauzak errez; ez eta gitxiagorik ere. Egiptoarren erasotik onik urten baeben, eremuko laztasunen aurka egin behar izango dabe, eta hori nahikoa ez-eta, alderdi hareetako herrialdeak ere kontuan hartu behar izango ditu euren menpe ez jausteko. Eta hemen sarritan huts egingo dabe israeldarrek: herritarron ohituretan eta siniskerietan-eta jausiko dira-ta. Euretariko bat zan sugea ernaltze ugaritsuaren ezaugarri hartzea, eta halaxe gurtzea, gurtza hori euren Jaunari baino emon behar ez eutsoenean. Horregaitik Moisesen ausardia, sugearen gurtza horretatik bere herria atarateko: tantai baten zintzilikatu sugea haren bildurretik urteteko.
Irudi hauxe erabiliko dau Joan ebanjelariak deigarri: Jesusek ere, suge haren antzera jasoa izan behar dau, hari begiratzen deutsonak bizia izan daian. Gora jasoa izatea, ba, Joanen ebanjelioan aintzaltzea izango da: danen begietan haragi txikituz hilten dana ez da porrotean hilten, aintzatan goraldua baino.
Antxina Moisesengana jo eban sugearen izurritea jasaten eban herriak; Nikodemok Jesusengana joten dau, bere ilunpeetatik urteteko. Norengana joten dogu guk gure ezinetan, ilunpeetan, atsekabean... Jainkoak baztertu eta gaitzetsi egingo gaitula uste dogu, pekatari garalako? Ba, entzun daigun bere mezua: «Jainkoak ez eban-eta bere Semea mundura bialdu, mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baino».
Hau ulertzeko/onartzeko zenbat aldatu behar dauan oraindino gure buruak! Jainko zigortzaile bat ikasi dogu, daukagu buruan sartuta, komeni jaku gure egintzetarako..., baina ez da hori Jesusek iragarten deuskuna: Jainkoak bere betera daroa sorkuntza osoa, bere zorionera; eta hantxe gagoz geu ere. Begiratu deiogun kurutzeratuari; bere arnasa emotean somau daigun Jainkoak zenbat maite gaitun, geuri emoten deusku-ta bere bizia; eta urten daigun ilunpeetatik, eta ilunpetako egintzetatik, argitan bizi izateko eta besteentzako ere argitasun izateko.