I. IRAKURGAIA
Is 58, 9b-14
Gose danari zeure ogitik emoten badeutsazu,
zure argia ilunpetan zabalduko da.
Isaias Profetearen liburutik
Honan berba egiten dau Jaunak:
«Buztarri guztiak, salaketak eta gaizki-esateak
baztertzen badozuz,
gose danari zeure ogitik emoten badeutsazu
eta behartsuaren preminea asetzen,
zure argia ilunpetan zabalduko da
eta zure ilunaldia eguerdi bihurtuko.
Jaunak gidatuko zaitu beti,
basamortuan ere aseko
eta zure gorputza indarbarrituko dau;
urez asetutako baratza izango zara,
agortzen ez dan iturburu.
Antzinako horma jausiak berreregiko dozuz,
mendeetako oinarrien gainean jasoko;
"Harresi zulatuen barritzaile" deituko deutsue,
"Etxe hondatuen konpontzaile".
Zapatuz zeure eginkizunak izten badozuz
eta nire egun santuan negoziotan jarduten ez badozu,
zapatuari zeure atsegina deitzen badeutsazu
eta Jaunaren egun santua ohoregarritzat hartzen,
zeure eginkizun, negozio eta arazoak baztertuz,
orduan Neu, zeure Jauna, izango nozu atsegin.
Lurraldeko mendi-gainetan jarriko zaitut
eta zure arbaso Jakoben ondareaz janarituko».
Holan berba egin dau Jaunak.
ERANTZUN SALMOA
Sal 85, 1-2. 3-4. 5-6.
Zure bidea erakutsi egidazu, Jauna,
zure egian ibili nadin.
Makurtu egizu, Jauna, belarri hori,
entzun egidazu, gizajoa eta behartsua nozu.
Zintzo nazan ezkero Zugaz, zaindu nagizu,
Zugan uste on dauan morroi hau salbau egizu.
Neure Jainko zaitut: Erruki nitzaz, Jauna,
egun osoan Zeuri deiez nago-eta.
Alaitu egizu morroi honen arimea,
Jauna, Zeugana joten dauan nire arimea.
Ona zara, Jauna, eta errukiorra,
deitzen deutsuen guztientzat maitasunez betea.
Entzun, Jauna, nire otoitza,
aditu nire eskariaren hotsa.
EBANJELIOA
Lk 5, 27-32
Ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino,
Bihozbarritu daitezan.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik
Aldi haretan, Jesusek Lebi izeneko zergalari bat ikusi eban, zergak batzeko mahaian jesarririk, eta esan eutsan: «Jarraitu Niri». Harek, dana itzirik, zutitu eta jarraitu egin eutsan.
Lebik bazkari handia emon eutsan Jesusi bere etxean; Jesusegaz eta honen ikasleekin batera zergalari eta bestelako jente asko egoan mahaian. Fariseuek eta hareen lege-maisuek marmarrean ziharduen eta esan eutseen ikasleei: «Zergaitik jaten eta edaten dozue zergalari eta pekatariekin?»
Jesusek erantzun eutsen: «Ez dabe osasundunek osagilea behar, gaixoek baino; ez naz zintzoei dei egitera etorri, pekatariei baino, bihozbarritu daitezan».
ESKARIAK
† Sarriegitan izaten da gure guraria (helburua ere bai?) ahal danik eta etekinik handiena ataratea, eta zekenak izaten gara Jainkoagaz eta hurkoagaz. Jo daigun erreguka Jainkoagana:
—Elizearen alde: eskuzabaltasunean hezi daizan bere seme-alabak, ondasun guztietatik askatzen hasiz, eskatu deiogun Jaunari.
—Jai-egunak alkarren zerbitzurako, etxekoak, zaharrak eta gaisoak ikustatzeko eta Jainkoa horrela goresteko aprobetxatu daiguzan, eskatu deiogun Jaunari.
—Diru-gosez ase ezinik dabizenek pobreen oihua entzun daien eta harei zerbitzu egitea pozgarriagoa dala aurkitu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Giuzarteak ondo esaten ez deutsen baztertu, gitxitu, aurrean erabili edo gaitzetsien alde: ahalbait lasterren aurkitu daien gizarte aldatua, eta baita han eurentzako leku duina ere, eskatu deiogun Jaunari.
—Otoitzean alkartzeko zoria daukagunok behartsuei begira jarri gaitezan otoitz egiterakoan, eta harei zerbitzea dala ondasunik handiena autortu daigun, eskatu deiogun Jaunari.
† Jainko errukitsua: zabaldu eiguzuz begi-belarriak eta bihotza gure inguruko errukarriengana. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
IRUZKINA
Oraingoan Jesusek mahaian dihardu, eta pekatariez inguraturik! Zer uste izango ete dabe "legelari zintzoek"? Baina bost ardura deutso horrek Jesusi. Bere eginbeharra Jainkoaren errukia iragartea da. Eta halako pekatari batek, Jesusen deiari erantzutearren, bertan behera izten dau dana. Bizitzaz guztiz aldatzen dau. Eta bere poza bereekin ospatzen dau. Eta hantxe dago Jesus ere, pekatari baten bihozbarritzeak zeruetan dauan poza iragarten.
Jainkoaren errukia, parkamena eta besarkadea doakoa dala ulertu ezin dabenek ezin daikee onartu holangorik, eta euren harriduran «Zergaitik jaten eta edaten dozue zergalari eta pekatariekin?» galdetuko dabe. Ez dagoz bihozbarritzeko gertu. Betekizunez eta eskaintzariz "lortu" nahi dabe Jainkoak doan emoten dauana.
Ziurtasuna emoten deustan "dana" iztea da Jainkoaren besarkadea onartu ahal izateko bide bakarra. Eta, batzuetan, zein gatx egiten jakun hori; hain ziur ez daukagula ere, sarritan nahiago izaten dogu ziurtasuna emoten deuskuela uste doguzanei "lotuak" bizi izatea. Eta ukatu egiten dogu Jainkoak emon nahi deuskun askatasuna, aske bizi izatea, lotura barik agertzea...