B urtean
Nahiago bada, A urteko domeka honetako irakurgaiak hartu daitekez, 269. or.
I. Irakurgaia
I. Irakurgai hau era laburrean ik. honen ondoren.
Legea Moisesen bidez emon zan.
Urteera liburutik
(Ur 20, 1-17)
Egun hareetan, Jaunak hitz honeek esan ebazan: «Neu naz Jauna zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
Ez egin idolorik, ez irudirik, goiko zeruan, beheko lurrean edota lurpeko uretan diranetatik. Ez ahuspeztu horreen aurrean, ez emon gurtzarik be. Ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra naz-eta: gorroto deusten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dot, hirugarren eta laugarren gizaldiraino; baina milagarren gizaldiraino agertzen deutset errukia Ni maite nabenei eta nire aginduak gordetzen dabezanei.
Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigor barik itziko haren izena alperrik erabiltzen dauanik.
Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. Sei egunez egingo dozu lan eta zeure eginkizun guztiak burutuko. Baina zazpigarren eguna atseden-eguna dozu, Jaunari, zeure Jainkoari, eskeinia. Egun horretan ez dozu bape lanik egingo, ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabeak, ez zure morroiak, ez zure neskameak, ez zure abereak, ezta zure herrian bizi dan etorkinak be. Izan be Jaunak sei egunean egin ebazan zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia, eta zazpigarrenean atseden hartu eban. Horregaitik, bedeinkatu egin eban Jaunak zapatua eta egun sakratutzat ezarri.
Aintzat hartu aita-amak luzaro bizi zaitezan Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
Ez gura izan lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxu be».
Jaunak esana.
I. Irakurgaia era laburrean.
Legea Moisesen bidez emon zan.
Urteera liburutik
(Ur 20, 1-3. 7-8. 12-17)
Egun hareetan, Jaunak hitz honeek esan ebazan: «Neu naz Jauna zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigor barik itziko haren izena alperrik erabiltzen dauanik.
Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. Hartu aintzat aita-amak luzaro bizi zaitezan Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
Ez gura izan lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxu be».
Jaunak esana.
Erantzun Salmoa (Sal 19 [18], 8. 9. 10. 11 (R/. ik. Jn 6, 68c))
R/. Zeuk daukazuz, Jauna, betiko bizia daben hitzak.
V/. Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau. R/.
V/. Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.
V/. Jaunaganako begirunea garbi, iraunkor betiko,
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko. R/.
V/. Urrea, urre garbitua baino desiragarriago,
eztia, ezti barria baino gozoago. R/.
II. Irakurgaia
Guk, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu,
gizakientzat onartuezina,
baina deituentzat Jainkoaren jakituria.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo epistolatik
(1 Ko 1, 22-25)
Senideok: Judeguak ezaugarri eske dabiltz eta jentilak jakituria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, judeguentzat onartuezina eta jentilentzat zorakeria dana; baina deituentzat, judegu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indarra eta Jainkoaren jakituria da. Izan be Jainkoaren zorakeria ei dana gizakiak baino jakitunago dalako, eta Jainkoaren ahuleria gizakiak baino indartsuago.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurreko txatala (Ik. Jn 3, 16)
V/. Hain maite izan eban Jainkoak mundua,
bere Seme bakarra emon eutson;
harengan sinisten dauanak betiko bizia dau.
Ebanjelioa
Desegin egizue tenplu hau,
eta hiru egunean jasoko dot.
✠ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik
(Jn 2, 13-25)
Aldi haretan, hurrean zan judeguen Pazko-jaia, eta Jesusek Jerusalemera igon eban. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituan, eta diru-trukatzaileak bertan jesarrita. Jesusek, sokaz zartailua eginik, bota egin zituan danak tenplutik, baita ardiak eta idiak be, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli egin zituan. Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu horreek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzita dagoanaz gogoratu ziran: «Zure tenpluaren maiteminak erreko nau».
Orduan judeguek itaundu eutsoen: «Zer ezaugarri emoten deuskuzu hori egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Desegin egizue hau tenpluau, eta hiru egunean jasoko dot». Judeguek erantzun eutsoen: «Berrogeita sei urte behar izan ziran tenplu hau eregitzeko, eta Zuk hiru egunean jasoko dozula?» Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.
Hilen artetik berbiztu zanean gogoratu ziran ikasleak esandako honetaz, eta sinistu egin eben Liburu Santuetan eta Jesusek esandako hitzean.
Pazko-jaian Jerusalemen egon zan bitartean, askok sinistu eban Jesusengan, egiten zituan mirarizko seinaleak ikusita. Jesus bera, ostera, ez zan haietaz fidatzen, ze, danak ezagutzen zituan; ez eukan harek gizakiaren barri inork emon beharrik, ze, ondo ezagutzen eban gizakiaren barruan dagoana.
Jaunak esana.
(LAGUNGARRIAK)
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Garizumako hirugarren domeka honetako elizkizunera. Jainkoa hobeto ezagutzeko aukerea emongo deusku; haren Seme Jesus maiteago izateko aukerea ere bai.
Geugan dago gogoz erantzutea: betikoan jarraitu gura badogu, entzun-gor egingo dogu. Jesusen kurutzeagaz bat egitea, Pazkoara holantxe heltzen garala-eta, aukeratzen badogu, ezinbestekotzat joko dogu arretaz eta gogo onez jarraitzea.
Kantuz emon deiogun hasierea.
Sarrera-kantua
Dei egingo deust, nik entzungo,
ospez jantzi ta libratuko.
Bizi luzea nik emongo,
salbamenera eroango.
3. Jaunari deutso begiratuko ta distiratsu egongo;
hark aurpegia alai izango eta ez da lotsatuko.
4. Sortu zuk nigan bihotz garbia, ene Jainko, ni barritu;
bialdu zeure Espiritua, nire barrua sendotu.
Damu-otoitza (edo ezaugarri(ar)en aurkezpena)
† Erruki, Jauna.
—Pekatu egin dogu-ta.
† Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona.
—Eta salbau gagizuz.
Ur 20, 1-17
Hona hebertarrek zelan ulertzen eben Jainkoa: bere herriagaz alkargoa egin dauan Jainkoa da. Alkargo horri zintzoa izateak "10 berbok" (aginduak) izan behar dauz kontuan. Hartu daigun gogoan zein zehatzak diran, eta Jesusengan zelango osotasuna hartuko dauan.
Erantzun salmoa (Sal 19)
Salmo-egileagaz batera, goretsi daigun Jainkoaren "berbea" (haren aginduak, haren jakituria), gure artean iturri horretantxe edateko gogo biziagaz.
1 Ko 1, 22-25
Zatiketan bizi diran korintoarrei Paulok, onartzeko gatx egiten dan, Jesu Kristoren aurpegia aurkezten deutse: Jainkoaren bete-beteko berbea dala autortuz baino onartu ezinekoa. Horrexengan alkartu behar dogu.
Ebanjelioa (Jn 2, 13-25)
Jainkoagazko Alkargoak bizirik iraun daian, edo, apurtu badogu, barriztatzeko, abereak edo dirua eskaini behar ete da?, ala Jainkoak geu gura gaitu opari lez, eta ez abereak? Hauxe da Jesusen erantzuna. Egin deiogun harrerea gorespen kantuaz.
Jainko Herriaren otoitza (ESKARIAK)
† Jainkoa ezagutzeko eta maiteago izateko gogoagaz zuzendu deioguzan eskariok haren errukiaz bat eginda:
—Jesusen jarraitzaileok osotzen dogun Eleizearen alde: haren altzoan danok bat egitera heldu gaitezan, aginduen betetasuna Jesusengan aurkituz, egin daigun otoitz.
—Gure inguruan ikusten doguzan, eta geuk ere eragiten doguzan, txarkerien errudunen bila ibili ez gaitezan; geure bizikerea, kontsumoa eta behartsuenganako alkartasuna landu baino, egin daigun otoitz.
—Marte ezagutzeko dirutzak eta dirutzak eralgiten dauzan gizarte honek, senidea ezagutzeko, ha maitatzeko eta haren laguntzaile izateko eralgiketea handitu daian eta hesiak suntsitu daizan, egin daigun otoitz.
— …/.. egin daigun otoitz.
—Jainkoaren egarriak bultzatuta alkartu garanok, agertu daigun haren berbeaganako zaletasuna eta egarria, geure isiltasunean Ebanjelioa irakurriz eta hausnartuz, egin daigun otoitz.
† Alkargoaren Jainkoa, beti leial agertzen zarana: ezagutu zaiguzala Jainko errukitsu eta parkatzaile, gure inguruan horren autorle izan gaitezan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
1) Basamortuan zehar dabila Jainko-herria erromes;
argi, bake ta maitetasuna dakarren zeruen galdez.
Agindu-lurra Jainkoak deutso emongo kateen ordez;
penak utzita poztu daitezan bizi barri baten pozez. R/.
R/. Zure pozetan goaz, Jerusalen barri;
fedeak zuregan dau bere ziment-harri.
Maitasunak zu zaitu bere berogarri.
Biztu itxaropena zure herriari.
2) Israel barri kurutzearen ondoren doa bidari;
bide iluna argitutzeko hodeia dauka gidari.
Zerua dau hark, Kristok agindu, erreinu eta lur barri;
beronek deutsoz oinak sendotzen Jainko-herri barriari. R/.
3) Herriak euren minaren minez dagoz ezin-egonetan;
bake, poz, argi, egia eta maitetasun bilaketan.
Entzun zuk hareen negar antsia, eutsi bideko nekeetan,
larri dabilz-ta zure etxe-bila fedearen urratsetan. R/.
(EDO…)
Jaungoikoaren hegoenpean: ze bakean! (2)
Indar guztiak dituenaren kerizpean (2).
Jauna, nik dinot: "Nire kerizpe dot zuregan;
bihotz guztiaz nago Jaunaren eskuetan."
Azkenean
Gugaz Alkargoa egin dauan Jainkoa lehen baino hobeto ezagutzen dogu: ez dago eraikin bati lotuta, edo ohitura edo ohikune batzui lotuta. Eta gugandik eskatzen dauana ez da abereak edo dirua, senidea errespetatu daigula baino, maitatu eta laguntza osoa emon deiogula. Horixe izango da, geure burua beheratuz, Jainkoari egin geikeon eskeintzaria, Jesusegaz batera.
Senideok: Liturgiaren dinamikan sartuko bagina, guretzako poztasun-iturri eta adore-emoile bihurtuko litzateke. Ez gaitezan, ba, axal hutsean gelditu; jar daigun arreta detaile guztietan.
Aurtengoa "C" ereduko Liturgia dogu. Azpimarratzen dana, Jainkoaren eta gizakiaren arteko Alkargoa da. Halan, Jainkoa ezagutzeko aukerea daukagu, eta gure burua eta gure eginkizunak onbideratzeko aukerea.
Ez gara geratzen ahalegindu garala, orain arte baino hobeak izan garala, edo eskeintzari gehiago egin dogula, eta, horregaik, Jainkoak saritu egingo gaitula ustean. Ez. Beste hauxe uste dogu: Jainkoak badauala guretzat zeozer, eta horrek zorionera eta betetasunera garoazala-eta, horrexen bila urteten dogu, eta horixe ospatzen dogu.
Israelen Jainkoa, bere herriagaz Alkargoa egiten dauan Jainkoa da. Bere burua behartzen dau bere herriagaz leial izateko, hari hutsik ez egiteko. Gauza bardina eskatuko deutso herriari; baina honek, behin eta barriro egingo dau huts, Jainkoari baino inguruko herriei gehiago begiratzen deutselako,
Herri honek, Jainkoaren aurrean, bere hutsegitea autortzen jakingo dau, gauzak okertzen jakozanean Jainkoagana bihurtuz erruki eta parkamen eske. Askotan profetak izango dira herriari bere hutsegitea eta Jainkoaren errukira bihurtzea gogoratuko deutsoenak.
Herriak, alde batetik, Jainkoaren 10 berbak (Aginduak) daukaz, Jainkoaren nahia ezagutzeko. Beste alde batetik, inguruko herriekaz eta hareen ohitura eta sasi-jainkoekaz bizi izan behar dabe. Sarriegitan gatx egingo jake Jainkoaren aginduren bat edo beste betetea, eta erreztasunera joko dabe, huts eginez.
Itun Barriak hutsik egiten ez dauana aurkezten deusku, aurreko domekan ikusten genduanez, Aitak Legearen eta Profeten gainetik maite lez aurkeztua, eta hari entzuteko aginduz.
Baina geuri ere, haren entzule izatea baino errezago egiten jaku geure usteetan geratzea. Halan dagoz zatituta Korintoko kristinauak, eta ezin ulertu leikee Paulok aurkezten deutsen mezua: Jesu Kristoren kurutzea eta heriotzea eurengandu behar dabela Pazkoara, bizitza barrira, heltzeko.
Ebanjelioan ere horixe ikusten dogu: judeguek euren otoitz eta eskeintzarietan jarraitzen dabe, Jesus onartu ezinda. gaurko ebanjelioak Jainkoaren gogoko eskeintzari bakar lez Jesus aurkezten deusku. Honek ez deutsoz Aitari "gauzak" eskeiniko, bere burua baino: geu garala Jainkoaren jauretxe, ozen adieraziz.
Izan daigun gogoan: hortxe daukaguz "10 berbak" (Aginduak); hortxe daukaguz Jesusen egintzak, "lehena" gaurkotu eta osotzen dabenak; eta hortxe dogu lehengo eta oraingo herria (euren artean geu ere). Eta ikusten dogu zein errez joten dogun Jainkoari "gauzak" eskeintzera, gure burua geuretzat gordez. Hori ez da uste osoa Jainkoagan izatea, geuk emon geikeozan gauzetan baino.
Horretan aberatsek aurrea hartzen deuskue. Jainkoa, ostera, pobreena, ez-eukiena, baztertuena… da. Honeek ezin deutsoe euren burua baino besterik eskaini. Jesusi jarraituz baino ez dogu hori ulertuko eta gure bizitzan gauzatuko.
I. IRAKURGAIA
Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [ ] artean
emoten diran zatiak itzi daitekez.
Legea Moisesen bidez emon zan.
Urteera liburutik (Ur 20, 1-17)
Egun hareetan, Jaunak berba honeek esan zituan: «Neu naz Jauna, zure Jainkoa, Egiptoko lurraldetik, esklabotzatik, atara zinduzana. Ez izan Ni beste jainkorik.
[Ez egin idolorik, ez irudirik, goiko zeruan, beheko lurrean edota lurpeko uretan diranetatik. Ez ahuspeztu horreen aurrean, ez emon gurtzarik ere. Ni, Jauna, zure Jainkoa, Jainko jeloskorra naz-eta: gorroto deusten gurasoen gaiztakeria ondorengoengan zigortzen dot, hirugarren eta laugarren gizaldiraino; baina milagarren gizaldiraino agertzen deutset errukia Ni maite nabenei eta nire aginduak gordeten dituenei.]
Ez erabili alperrik Jaunaren, zeure Jainkoaren, izena, Jaunak ez dau-eta zigor barik itziko beraren izena alperrik erabilten dauanik.
Izan gogoan zapatu eguna, Jaunari sagaratzeko. [Sei egunez egingo dozu lan eta zeure eginkizun guztiak burutuko. Baina zazpigarren eguna atseden-eguna dozu, Jaunari, zeure Jainkoari, eskeinia. Egun horretan ez dozu bat ere lanik egingo, ez zuk, ez zure semeak, ez zure alabak, ez zure morroiak, ez zure neskameak, ez zure abereak, ezta zure herrian bizi dan etorkinak ere. Izan ere Jaunak sei egunetan egin ebazan-eta zeru-lurrak, itsasoa eta horreetan dagoan guztia, eta zazpigarrenean atsedena hartu eban-eta. Horregaitik, bedeinkatu egin eban Jaunak zapatua eta egun sakratutzat ezarri.]
Hartu aintzat aitamak, Jaunak zeure Jainkoak emongo deutsun lurraldean luzaro bizi zaitezan. Ez hil inor. Ez egin adulteriorik. Ez ostu. Ez egin guzurrezko testigantzarik lagun hurkoaren kontra.
Ez gura izan lagun hurkoaren etxerik, ez haren emazterik, ez morroirik, ez neskamerik, ez idirik, ez astorik, ezta beste ezertxo ere».
ERANTZUN SALMOA
Sal 18, 8-9. 10-11
EDO…
R/. Entzungo al dozue gaur Jaunaren ahotsa:
“Ez gogortu zuen bihotza”.
Jaunaren legea bikain, barrua arnasbarritzen dau;
Jaunaren agindua fidagarri, heldubakoa zuhur egiten dau.
Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren pozgarri;
Jaunaren agindua distiratsu, begien argigarri. R/.
Jaunaganako begirunea garbi, betiko irauten dau.
Jaunaren erabagiak egiazko, dan-danak bidezko.
Urrea, urre araztua baino desiragarriago,
eztia, ezti barria baino gozoago. R/.
II. IRAKURGAIA
Guk, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu,
gizakientzat oztopo dana,
baina deituentzat Jainkoaren jakituria.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako lehenengo gutunetik (1 Ko 1, 22-25)
Senideok: Juduak ezaugarri eske dabiltz eta jentilak jakituria bila; guk, barriz, Jesu Kristo kurutzeratua predikatzen dogu, juduentzat onartezina eta jentilentzat zorakeria dana; baina deituentzat, judu izan ala ez, Kristo hori Jainkoaren indar eta Jainkoaren jakituria da. Izan ere Jainkoaren zorakeria gizakiak baino jakintsuagoa dalako, eta Jainkoaren ahuleria gizakiak baino indartsuagoa.
EBANJELIOA
Desegin egizue tenplu hau,
eta hiru egunetan jasoko dot.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jn 2, 13-25)
Aldi haretan, hurreratu zan juduen Pazko-jaia, eta Jesusek Jerusalemera igo eban. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituan, eta diru-trukalariak han jesarrita. Jesusek, lokarri-zartailu bat eginez, bota egin zituan danak tenplutik, baita ardiak eta idiak ere, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli zituan. Uso-saltzaileei esan eutsen: «Kendu horreek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzirik dagoanaz gogoratu ziran: «Zure tenpluaren maiteminak erreko nau».
Orduan juduek itaundu eutsoen: «Zer ezaugarri emoten deuskuzu hori egiteko?» Jesusek erantzun eutsen: «Desegin egizue tenplu hau eta hiru egunetan jasoko dot». Juduek erantzun eutsoen: «Berrogeita sei urte behar izan ziran tenplu hau eregiteko, eta Zuk hiru egunetan jasoko dozula?» Harek, ostera, bere gorputzaren tenpluaz ziharduan.
Hilen artetik berbiztu zanean, gogoratu ziran ikasleak esandako honetaz, eta sinestu eben Liburu Santuetan eta Jesusek esandako berban.
Pazko-jaian Jerusalemen egon zan bitartean, askok sinestu eben Jesusen izenean, egiten zituan ezaugarriak ikusita. Jesus bera, ostera, ez zan hareetaz fidatzen, danak ezagutzen ebazan-eta; ez eban Harek gizakiaren barri inork emon beharrik, ondo ezagutzen eban-eta gizakiaren barruan dagoana.
HITZALDIA
Senideok: Garizumako hirugarren domeka honek israeldarrek egindako lorpen handi baten aurrean jarten gaitu: atseden egunaren aurrean. Lehenengo irakurgaian entzun dogun 10 aginduen iragarpena benetan luzatzen da «Jaunaren eguna», «atseden eguna», aitatzerakoan. Zeozer esan gura dau horrek: hebertarrentzat aparteko garrantzia eukala egun horrek; Jainkoari eskeinitakoa zan, haren herriko seme-alaba askeentzat (libreentzat), baina baita morroi-mirabeentzat ere, euren arteko erbestekoentzat eta abereentzat eurentzat ere bai. Esan daiteke, astegunetan, lanean buru-belarri sartuta, ez egoala Jainkoarentzat astirik, eta beharrezko ebela hari eskeinitako eguna: jai-atseden egun horretan jardungo eben etxekoekazko eta lagunekazko hartu-emonetan, Jainkoari eskeinitako egun giroan.
Ebanjelioak Jerusalemgo tenpluan gauzatzen dauz hartu-emonok. Eta begira antxinako hain garrantzi handiko atseden eguna, Jainkoari eskeinitakoa, zertan geratu dan batzuentzat: negozio-egun bihurtu dabe. Hantxe dagoz, Jerusalemgo jauretxean, sal-erosketan eta diru-aldaketan. Eskeintzetarako beharrezko ziran, eta euren lekuan egozan. Baina zer ikusiko ete eban Jesusek hareengan, sokaz zigor bat egin eta handik ataraten ekiteko! Pobreen eskeintzetarako usoak saltzen egozenei, ordea, begiramena izan eutsen, berba egiteraino.
Senideok: zer da guretzat domeka, Jaunaren atseden-eguna? Benetan da Jaunari eskeinia? Gogoan doguz Jaunaren maiteak: gaisoak, behartsuak, gizarte honek bazterreratuak…? Zelangoa da gure otoitza, liturgia, eskeintza…? Onartuko ete leuke eta aintzat hartuko Jesus Jaunak?
Gure gizarteak EMAKUME LANGILEAREN EGUNA ospatzen dauan honetan gogoan izan behar dogu eliztarrik gehienak andrazkoak dirala; eliz-lanetan diharduen gehiengo bat andrazkoena dala; andrazkoak etxean geldituko balira elizeak ez leukela askorik iraungo… Baina ha ta guztiz ere emakumea baztertua dago gure elizan; ez da agertzen ardura eta aginte lekuetan, eta lan apaletarako baino ez jako dei egiten…, eurak izanda, gainera, fedearen transmisinoa egiten dabenak, gehienbat.
Geuk esaten dogu, borondaterik onenaz, baina ohikerian edo errutinan jausita gagozala, beste bizitasun bat behar dogula, ez dogula poztasun edo jai-giroko aurpegirik mezatan, eta abar eta abar. Ikusten dogu erruki emoteko itxuran agertzen garala eta zeozer behar dogula: aldendu da langilea, aldendu da gaztea; aldenduko ete da emakumea?
Gure Elizbarrutiak bere ardurearen barri emon deusku. Boskarren Ebanjelizatze Egitasmoa martxan jartean bereizketa aldia iragarrita, otoitzera eta hausnarketara deitu gaitu.
Gure Pastoral Barrutian (Gernikaldean) 140 lagun inguruk dihardue 16 taldetan hausnarketan eta otoitzean. Parrokia bitan hileko meza baten egiten dabe lan hori han alkartzen diranek. Gehiengo handi-handi bat da taldeotan andrazkoena, nagusiak, edadekoak, gehienbat, eta euren kezkak eta itxaropenak agertu dabez Elizeaganako maitasuna eta ardurea argi itziz.
Euren bizitzan kontraesanak ikusten dabez, eta ibilbide bat egin dabela ere bai: euren burua arduratsuagoa eta gaurkotuagoa ikusten dabe; betekizun edo kunplimentu hutsean ez dirala geratzen; nagusi eta zaharrenganako eta behartsuenganako laguntzan ere badiharduela… Baina ez dakie zelan gaztetu gure elizea, urrinduak zelan erakarri eta gaurko munduan zelan kokatu, eta oraindino azaleko kultoan geratzen diranak zelan erakarri Ebanjelioaren barritasunera eta poztasunera.
Baina itxaropentsu agertzen dira, lehen baino argiago daukelako Elizea ez dala abadeen gauzea, kristau guztiena baino, eta arduretan sartuta dagozela ikusten dabe, oraindino egiteko asko dagoanarren.
Aintzat hartu daigun, seniodeok, taldeetan eratuta, bereizketa lanean diharduenen hausnarketea; eskerrak emon deioguzan Jainkoari gure artean lanerako sustatzen dauzenekatik, eta, euren aldeko otoitzaz, onartu daigun alkarregaz egiten dogula Jesus Jaunak gaur eta hemen gura dauan Elizea: emakumea aintzat hartzen dauana, pobrea eta pobreentzakoa, zaurituentzako osakai eta babesa… Jainkoaren zorakeria gizakion jakintza baino jakintsuagoa da-ta.
ESKARIAK
† Jainkoak bere Semeagan gura gaitu opari bizi, beragan jarri daigula uste on osoa, beragana bihurtu gaitezala… Zuzendu deioguzan gure eskariak:
—Gure Elizearen alde: emakumeak dira gehiengoa bere zerbitzuetan, ospakizunetan, sinismenaren transmisinoan…, eta, danon ustetan, ez dago behar dan bestean aintzat hartua: emakumea bere lekuan jarteko ahaleginak egin daizan, eta erabagiak hartzen diran lekuetan jarri daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure gizarteak etekinak atarateko darabil erabili emakumea, eta etxe askotan ere aurrean erabilia da. Emakumearen duintasuna aintzat hartua izan daiten eta behar dauan miresmena autortu dakion, eskatu deiogun Jaunari.
—Euren bizitza otoitzean emoten dabenen alde: beste guztiok otoitzera eroan gaiezan, Jainkoa goresteak senideen zerbitzura bizi izatera bultzatu daian gugan, eskatu deiogun Jaunari.
—Gizakien lana eta honeen jakintza eta osasuna baino gorago, baloia ostikotzen dabenak jarri dauzan gizarte honek gizakiaren duintasuna jarri daian gorengo mailan, eskatu deiogun Jaunari.
—Otoitzera eta eskeintza egitera hurrreratzen garanok bere lekuan jarri daigun Jaunaren eguna, jai egitea, senideen onerako eta alkar bizitzarako erabiliz, eskatu deiogun Jaunari.
† Zeure atsedenean esku hartzea emoten deuskuzun Jainko Jauna: gure gizarteak inor ez daiala morrontzan hartu, gizaki guztien duintasuna garatu daiala baino, eta gu horren bultzatzaile izan gaitezala eskatzen deutsugu. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
OTOITZA
Jainko sortzaile eta gizakion maitale:
beharrezko doguz zugazko hartu-emonak
zeure antz eta irudiko egin gaituzulako
eta alkarrentzako sortuak izan ginalako.
Ez eiguzu itxi legekerian jausten,
eta, gitxiago, legeak norbere onerako
eta besteak norbere azpian jarteko erabilten.
Argitu eta elikatu eizu gure bizikerea eta jarduna
gure lanak senidearen onurea ere izan daian gogoan
eta guztiontzako eremu bihurtu daigun mundua
danon Aita/Ama zarala autortu daigun.
Bihozbarritu gaizuz, Jauna.
—Amen.
ESKARIAK
† Jainkoak ez dau atsegin gure azaleko gurtza; gurtza zintzoa gura dau. Berak bihozbarritu gaizala. Eskari bakotxean hauxe erantzungo dogu:
R/. Bihozbarritu gaizuz, Jauna!
—Jainkoak berak askatzen dau azpian hartuta dagoana, hankapetua edo aurrean erabilia; baina inor behar dau hori gauzatzeko. Gure Elizeak Jainkoaren aurpegi errukitsu eta askatzailea iragarri daian, egin daigun otoitz.
—Ondo bizi izan gura izateak ingurukoak azpian hartzera daroazenek Jainkoaren askapen deiari eskuzabaltasunez erantzun deioen, egin daigun otoitz.
—"Kanpo Zorra"ren azpian egonik, bururik altxatu ezinik dagozan lurraldeen alde: euren zorra ezabatu dakien, eta euren duintasunean ezarriak izan daitezan, egin daigun otoitz.
—Gure gizartean txarkeriaren, etxe barik iztearen, lanik ezaren, gaisoaren edo bazterkuntzearen eztena sufritzen dabenak askatasun eguna ikustera heldu daitezan ahalbait arinen, gizarteak aintzat hartzen dauzelako, egin daigun otoitz.
—Eukaristian esku hartzeko zoria dogunok, Jainkoaren seme-alaben askatasunean bizi izanez, menpeko guztien askatasuna bultzatu daigun, egin daigun otoitz.
† Emoiguzu, Jauna, benetako askatasun egarria eta gure Lurra eta senidea errespetuz hartzea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Garizumako 3. domeka honek hiru katekesi nagusietako lehenengoa emoten deusku: Jesus Jauretxea "garbitzen" ikusten dogu Joanen ebanjelioan, eta hau dala-ta judeguen begitartean jarten da, batez ere eliz-agintzarien begitartean. Orduko "eliztarrak" jota itziko ditu, nora-ezean, eta bat baino gehiago pozetan eliz-agintariei aurre egiten deutselako.
Katekesi honek gure BATEOA dakarsku gogora: hantxe garbitu ginan, eta bizibarritu; hantxe bihurtu ginan Jainkoaren jauretxe. Gogoratu daigun gure duintasuna; izan daigun gogoan beste guztien duintasuna ere, Jainkoaren seme-alaba lez; bilatu daigun Jainkoa otseintzea garbitasunean, geure burua eskeiniz, Jesusen antzera, eta ez diruz erosi daitekezan eskentzariak, geu lehengotan geratuz, bihurtu barik.
Oraindik aurrera, leku baten barik, pertsona batengan (Jesusengan) goretsi eta gurtu ahal izango dogu Jainkoa; eta, hau dala-ta, beste gizaki guztiengan. Zelango begiramenez begiratu behar izango deutsegun, ba; ezin izango doguz geure nahierara erabili, edozelan, edo menpean hartu, edo euren lepotik barre egin, e.a. Balio handikoa da pertsonea, edozein pertsona, Jainkoaren seme-alaba da-eta.
Kontutan hartzekoa da Jesusen berba hau: «Desegin egizue tenplu hau eta hiru egunetan jasoko dot», Jesusek beregana erakarri nahi gaitulako: Jainkoa leku baten gurtzetik beragan aurkitzera eroan nahi gaitulako. Eta Jesus horrengan behartsu guztiak aurkituko doguz: eurengan gurtu geike eta otseindu Jainkoa.
Begira, beste aldez, zelango begiramenez hurreratzen jaken Jesus uso-saltzaileei; usoak txiroek egiten ebezan eskeintzarietarako ziran. Esan geike, honeekaz, txiroekaz, Jesusek begiramen handia dauala; uso-saltzaileei berba egiten deutse, eta gogoratuazo zertarako dan Jauretxea, Jaunaren etxea: ez norbere "negozio"rako, Jainkoagazko hartu-emonetarako baino. Eta hartu-emonok Jesusen bitartez baino ezin geikez gauzatu...
Orduko juduek ez eben ulertu, ez eben onartu..., minduta, Jesus paretik kentzea bilatuko dabe.
Guk ere "beste" bitarteko batzuk bilatuko ete doguz Jainkoagazko hartu-emonetarako? Ala Jesusi jaramon egin eta "senideagan" otseinduko dogu Jainkoa eta gurtu, honengana begiramenez hurreratuz, eta hau menperatzea eta norbere gogora erabiltea bilatu barik, ha maitatzea bilatuz?