I. IRAKURGAIA
Lehen gurasoen sortzea eta hareen pekatua
Hasiera liburutik (Has 2, 7-9; 3, 1-7) (ENTZUN)
Jainko Jaunak gizona moldatu eban lurreko hautsez eta bizi-arnasa bota eutsan sudur-zuloetara, eta gizona bizidun egin zan.
Gero, Jainko Jaunak baratzea landatu eban Edenen, sortalderantz, eta han ipini eban Berak moldatutako gizona. Jainko Jaunak mota guztietako zuhaitzak sortu ebazan lurretik, begientzat eder eta ahoarentzat gozo, eta baratzearen erdian biziaren zuhaitza eta onaren eta gaizkiaren ezagutza emoten eban zuhaitza landatu ebazan.
Sugea zan Jainko Jaunak egindako piztietan maltzurrena. Sugeak esan eutsan emakumeari: «Galazo egin deutsue, beraz, Jainkoak baratzeko arbola guztietako frutuetatik jatea?»
Emakumeak erantzun eutsan: «Baratzeko zuhaitzen frutuetatik jan daikegu; baratze erdian dagoan zuhaitzaz bakarrik esan deusku Jainkoak: “Horretatik ez jan, ezta ikutu ere hori, hil gura ez badozue”».
Sugeak esan eutsan emakumeari: «Ez zaree hilgo, ez! Ondo daki Jainkoak, horretatik jan orduko, begiak edegiko jatzuezala eta Bera lakoak izango zareela, onaren eta gaizkiaren ezagutzaren jabe».
Emakumeak, zuhaitza jateko gozoa eta begientzat ederra eta ezaguerea jaristeko ona zala ikusirik, haren frutuetako bat hartu eta jan egin eban; gero, senarrari emon eutsan eta harek ere jan egin eban. Orduan begiak edegi jakeezan eta narru gorri egozala ohartu ziran. Piku-orri batzuk josi eta estalki bana egin eben.
ERANTZUN SALMOA
Sal 50,3-4.5-6ab.12-13.14 eta 17
R/. Erruki, Jauna, pekatu egin dogu-eta.
Erruki zakidaz, Jainko, zure maitasun handiaz,
kendu egizu nire errua zure amaibako errukiaz.
Garbitu nagizu zeharo nire hobenetik,
garbitu nire gaiztakeriatik. R/.
Nire bihurrikeria ezagutzen dot,
nire hobena beti begien aurrean daukot.
Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri bakarrik,
zure begietan oker dana egin dot nik. R/.
Bihotz garbi bat, Jainko, sortu egizu nigan,
arnasa bizkorra barritu egizu nire barruan.
Ez nagizu urrundu zeure aurretik,
zure arnasa santua ez kendu niri. R/.
Zure salbamenaren poza bihurtu egidazu,
zure arnasa zabalez sendotu nagizu.
Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena. R/.
II. IRAKURGAIA
Irakurgai laburragoa egin gura bada, kako [] artean emoten dan zatia itzi daiteke.
Pekatua ugaritu bazan,
askoz ugariago zabaldu zan grazia.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik (Erm 5, 12-19) (ENTZUN)
Senideok: Gizon baten bidez sartu zan pekatua mundura, eta pekatuaren bidez heriotzea; holan, heriotzea gizaki guztiakana zabaldu zan, guztiek egin ebelako pekatu. [Egia da legea baino lehen bazala pekatua munduan; baina pekatua ez jako inori ezartzen, legerik ez badago. Halan ere, Adamengandik Moisesenganaino nagusi izan zan heriotzea gizakien gain, baita Adamen hutsegitearen antzeko pekaturik egin ez ebenen gain ere. Adam etortekoa zanaren irudia da.
Baina Jainkoaren dohaiagaz ez da pekatuagaz lez jazoten. Izan ere, gizon bakar baten pekatuaz guztiak hil badira, askoz ugariago zabaldu dira guztientzat Jainkoaren grazia eta dohaia, beste gizon bakar bati esker, hau da, Jesu Kristori esker. Eta ondorioei jagokenez ere, Jainkoaren dohaiagaz ez da gizon bakarraren pekatuagaz lez jazoten. Izan ere, pekatuak, bakarra izan arren, guztien gaitzespena izan dau ondorio; graziak, barriz, pekatuak asko izan arren, guztien parkamena.]
Gizon bakarraren pekatuagaitik heriotzea nagusitu bazan, zenbatez gehiago ez ete dira bakar bategaitik, Jesu Kristogaitik, nagusi izango betiko bizitzan salbamenaren grazia eta dohai oparoa hartzen dabenak!
Beraz, baten pekatuak gizaki guztiei gaitzespena ekarri eutsen lez, baten leialtasunak gizaki guztiei salbazinoa eta bizia ekarten deutsez. Eta baten obedientzi ezagaitik guztiak pekatari egin ziran lez, baten obedientziagaitik guztiak zuzen izango dira.
EBANJELIOA
Jesusek barau egiten dau berrogei egunez,
eta tentaldiak jasaten ditu.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 4, 1-11) (ENTZUN)
Aldi haretan, Espirituak basamortura eroan eban Jesus, deabruak tentatu egian. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zan.
Hurreratu jakon tentatzailea eta esan eutsan: «Jainkoaren Seme baldin bazara, esaizu harri honeek ogi bihurtu daitezala».
Jesusek erantzun eutsan:
«Liburu Santuan idatzirik dago: "Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, Jainkoaren ahotik urteten dauan berba guztitik baino"».
Orduan, deabruak uri santura, Jerusalemera, eroan eban eta tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan eutsan: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota egizu zeure burua goitik behera, idatzirik dago-eta: "Bere aingeruei agindu deutse zu zaintzeko", eta "eskuetan eroango zaitue, harriekin estropezu egin ez dagizun"».
Jesusek erantzun eutsan:
«Beste hau ere idatzirik dago: "Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa"».
Orduan, deabruak mendi handi batera eroan eban eta, munduko erreinu guztiak eta hareen edertasuna erakutsiz, esan eutsan: «Guzti hori emongo deutsut, ahuspez gurtzen banozu».
Orduan Jesusek esan eutsan:
«Alde hemendik, Satanas! Idatzirik dago-eta: "Jauna, zeure Jainkoa, gurtuko dozu, eta Ha bakarrik zerbiduko"».
Orduan, deabruak itzi egin eban, eta aingeruak hurreratu jakozan zerbitzera.
ESKARIAK
† Jainkoak gure giza izatearen osotasunean gura gaitu eta bere Semeagan emoten deusku gailur horretara heltzeko bidea. Goazen eskale beragana:
—Iparra galduta, nora-ezean eta baita lur jota ere dagozen gizakien alde: izan daien Jesus nork iragarri, ha ezagutu daien eta haren egitasmoan buru-belarri sartu daitezan euren nortasunean tente jarteko, egin daigun otoitz.
—Elizearen alde: gaurko gizakiari Jesus Salbatzaile lez iragarten jakin daian, maitasunean iragarri deion eta haren kezketan eta beharrizanetan sartzeko ahaleginak egin daizan, egin daigun otoitz.
—Jainkoagana osasun eske, zori eske edo aberastasun eske zuzentzen diranen alde: guzti horrei emoten deutsen garrantzia baino handiagoa emon deioen haren berbeari eta euren burua eskeintzeari, egin daigun otoitz.
—Euren burua besteen laguntzan eta zerbitzuan emoten dabenen alde: besteen aldeko laguntzan emoten daben ahaleginak bere frutua emon ahal izan daian eta euren poztasunean gorantza joan daitezan, egin daigun otoitz.
—Garizumaldi honetan Jainkoaren berbea dastatzeko, otoitzean jarduteko eta zintzoago jokatzeko ahaleginetan dihardugunok ez gaitezan etsipenean jausi, ez eztikeriaren tentaldietan ere, hur-hurretik jarraitu deiogula baino gure gizatasunean gura gaituan Jesus Jaunari, egin daigun otoitz.
† Zeure berba salbagarriaz asetu gura gaituzun Jainko Salbatzailea: atara gaizuz tentaldian jaustetik eta emoiguzu otoitzerako zaletasuna. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Iruzkina
Garizuman zeharreko lehenengo irakurgaiak Jainkoaren herria aurkezten badeusku, eta honen huts egitea, Jainkoagandik aldentzea..., ebanjelioak Jesus aurkeztuko deusku Jainkoaren gizon lez, gizaki garaile lez, Jainkoaren herri barriaren hasiera lez.
Basamortuan zirikatua izan zan herria. Basamortuan zirikatua izango da Jesus. Baina honek garaile urtengo dau tentaldietan: basamortuan "lagun" izango ditu basapiztiak, eta aingeruak zerbitzari izango ditu.
Joan Bateatzailearen atxilotzeak sarrerea emongo deutso Jesusi; amaitu da aldi zaharra, hasi da barria. Eta, aldi barrian sartu zarala adierazteko, bihozbarritzea dozu ezaugarri.
Hauxe izango da Garizumaldian dagokigun eginbeharra: bihozbarritzea. Jainkoa geugana begira jarri nahi izatetik, Jainkoarengana begira jartea. Ha geure esanetara jarri nahi izatetik, geu bere esanetara jartea. Bere Espirituak eroango gaitu aldakuntza horretara, eta bizi ahal izango dogu berbizkundearen barritasuna.
HITZALDIA (ENTZUN)
Senideok: Garizuman sartu gara. Horixe dinosku begietatik sartzen jakuzan ezaugarriok: abadeak daroan margoa, ubela (edo moraua-lila); ingurua ere motelago daukagu, ez hain apain: ez dago lorerik; liturgiak ez dau abesten Aintzarik, ez Aleluiarik… Aldatu egin da dekorazinoa, eta horrek zeozer esan gura dau. Zer? Margoak dinosku: gertakizunetan sartzen gara. Pazkoa gertatu gura dogu. Horrek zera esan gura dau: guretzako garrantzizko gauzea dala Pazkoa.
Pazkoetan gizakiaren barritasuna ospatuko dogu: Berbiztua, barria da, Jainkoagan da, betiko bizi da, zorionean… Haraxe deituta gagoz!
Garizumeak geure buruaren aurrean jarten gaitu, espilu baten aurrean lez. Eta zintzotasunez jokatzea eskatzen deusku. Erantzun daigun, ba: gura dot gizaki barri izaterantza abiatu? Egon naiten ziur: ez naz bakarrik abiatuko, ez inoiz ere bakarrik egongo: Jesus Jauna doa aurretik bidea egiten, eta berak irakatsi eta zabaltzen deusku bide hori.
Gidari, Jainkoa bera dogu. Bera berban aurkituko dogu. Eta biderako… gizaki barri izateak eskatzen deuskuna eskuratu behar izango dogu, edo gizaki barri izatea galerazoten dauana, baztertu.
Lehenengo irakurgaiak Jainkoaren maitasuna eta txeratasuna (karinoa) aurkeztu deuskuz. Zelango txeraz egiten dauan gizakia, eta zelango ingurua gertatzen deutson, eta zelango burubideak emoten deutsozan… Baina dana ez da ona. Hantxe dabil Gaizkilea ere, gizakia beretzat irabazi guran. Eta atzipetuko dau (engainatu), makala dalako gizakia. Eta Gaizkileagaz lagun izatearren, bere Egileagandik aldendu egingo da, haserretuko da: maite-maite dauan harengandik aldendu egiten da…
Jakin baleu, behintzat, bere errua, bere pekatua, autortzen! Baina ez: inor erruduntzen dau bere pekatuaz. Eta hortxe doa bere astuntasunean sufritzen.
Aldietan zehar Jainkoak bere erakutsia emongo deutso gizakiari. Eta gure aldietan Jesusengan aurkitu geikez Jainkoak guretzat gura dauan ona eta bedeinkapena. Hurreratu gakiozan. Beragan ikasiko dogu gizaki barri izateko bidea.
1 Jainkoari emon entzumena. Beste iragarki inguruetatik aldendu entzumena. Horixe da eremua, ezaugarri lez. Han ez dago isiltasuna besterik. Hantxe aurkitu geike Jainkoa!
2 Gogor egin zintzaldiei (tentazinoei). Gaizkileak ez dau atsedenik hartzen gu menperatu arte. Ezagutu, ba, pekatu-bideak: larregikeria, erosokeria, kontsumokeria, besteetaz ez arduratzea, zeken jokatzea… Guzti horrek zahartzarora garoaz.
3 Laguntza hartzea, ebanjelioan eta garizumako ezaugarri lirateken limosna, barau eta otoitzean.
Begira zer dinoskun Frantzisko aita santuak, ebanjelioko poztasuna bizi izateko daukaguzan eragozpenen artean hurrengo hau azpimarratzen deuskula:
z. 83: Elizan edo norbere bizitzan ikusten danaz lur-jota, inguruak eskeintzen deuskuzan eztikerietara joteko arriskuan gagoz, eta eurei atxikitzeko gogotan… Eta berau izan Deabruaren eztikeriarik handiena! Eta zer? Ba, bizitza emotera deituak garan arren, ilunpea eta barru-nekea besterik emoten ez daben gauzez liluratuta bizi garala… Hauxe aldarrikatzen deutsuet: ez eiozue itzi inori ebanjelizatzearen poza kendu deizuen!
Bai, senideok: aldi gatxeetan bizi gara, aldi bakotxak bere alderdi gatxak daukazan arren. Hortxe dago krisia, hilaren azkenera heldu ezina, etxetatik kanpora atarateak, lanik eza, kanpora urten beharra, guregana datozenei gogorkeriqaz erantzutea, baketzerik lortu ezina, ustelkeria, bakotxak beretxoa zaindu gura izatea… Baina hortxe daukagu baita ames ederrak emon leikiguzan aita santua ere; gizarteko zuzengabekeriak eta ustelkeriak salatzen dabezan taldeak ere; eta zeozer egin gura daben eliz-taldeak ere…
Ez gaitezan kexati izan. Hartu daigun esku eskura jarten jakuzan taldeetan (aita santuaren gutun adore-emoilea lantzeko; edo ebanjelioaren irakurketarako; edo… jo daigun barikuetako Kuruzbidera, erretiroetara…), eta esku hartze horrek itxarrik eta gogotsu iraunazoko deusku. Bide horretan zehar helduko gara Gizakiaren Barritasuna ospatzera eta dastatzera Pazkoetan.
OTOITZA (ENTZUN)
Jainkoak askea (librea) egin nau
eta onerako eta zorionerako.
Baina handia da sumatzen dodazan
txarrerako deiak eta jokerak.
Ez naitela jausi, Jauna,
txarkeria bera ere, pekatua, ukatzean,
edo txarkeriaren eta ontasunaren
gainetik egon gura izatean.
Zeure Espirituak eroan naiala, Jauna,
eta berak irakatsi deidala
besteak jarten neure buruaren aurretik,
gizaki barritu lez jokatzen.