01erramu_elizkizuna
Elizpean
V/. Hosanna Dabiden semeari!
R/. Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena:
Hosanna! (3) zeru-goienetan!
Oharra (Ohargileak)
Senideok: Garizumeak Jaunaren Misterioaren atarian jarri gaitu: Jesukristoren Nekaldi, Heriotza, Biztuera, Zeruratze misterioa. Hori beteteko sartu zan Jesus Jerusalemeko bere uri santuan. Orain egingo doguna sarrera ha gogoratzea ta barritzea da; eta Jesusi kurutzeraino jarraitzeko gogoa sendotuko dogu.
Abadeak
Egin daigun otoitz
Indartu, Jauna, Zugan uste on dabenen fedea
eta entzun bihotz onez gure otoitzak:
gaur Kristo Erregeri erramuekaz laguntzen deutsogunok
Beronengan iraun daigula,
egintza onen frutuak emon daiguzan.
Errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.
—Amen.
EBANJELIOA (erramu-bedeinkapena) /«A»
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Mateoren liburutik (Mt 21, 1-11)
Jerusalemera hurreratu ziranean, Oliamendi ondoko Betfage herritxora heldurik, ikasle bi bialdu zituan Jesusek, esanez: «Zoaze aurreko herritxo horretara; bat-batean asteme bat aurkituko dozue lotuta, eta astakume bat haregaz; askatu eta ekarri niri. Eta inork ezer esaten badeutsue, erantzun: "Jaunak behar ditu, baina batbatean bihurtuko ditu"».
Hori jazo zan Jainkoak profetearen bidez esana bete zedin:
«Esan Sion uriari:
"Hara, bajatortzu zeure erregea,
apal eta asteme baten gainean,
zamari baten umearen gainean"».
Joan ziran, bada, ikasleak eta Jesusek agindu eutsen lez egin eben; ekarri ebezan astoa eta astakumea, eta euren jantziak bizkarrean ezarri eutseezan, eta Jesus gainean jesarri zan. Jente askok bere jantziak zabaldu eutsazan bidean; beste batzuek, barriz, zuhaitzei adarrak moztu eta bidean zabaltzen ebezan. Aurretik eta ondotik joian jenteak honan inoan oihuka:
«Hosanna Daviden Semeari!
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Hosanna Goi-goikoari!»
Jesus Jerusalemen sartu zanean, uri osoak, harriturik, itauntzen eban: «Nor dogu Hau?» Jenteak erantzuten eban: «Hau Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa».
Jaunak esana
EBANJELIOA (erramu-bedeinkapena) /«B»
† Jesukristoren ebanjelioa san Markosen liburutik (11, 1-10)
Jesusek Betfage eta Betania aldetik Jerusalemera hurreratzean, Olio-mendi ondoan bere ikasleetako bi bialdu ebazan, esanez: «Zoaze aurreko auzo horretara, eta han sartzean, astakume bat aurkituko dozue lotuta, oraindino gainean inor jarri ez jakona. Askatu eta ekarri eizue. Eta inork zer darabilzuen esaten badeutsue, erantzun; “Jaunak behar dau, eta berehala bihurtuko dau hona”».
Joan ziran, ba, eta astakumea ate ondoan lotuta aurkitu eben, kanpotik bidean; eta askatu eben. Han ziran batzuk esan eutseen: «Zer darabilzue astakumea askatzen?» Eurek, Jesusek esana erantzun, eta eroaten itzi eutseen.
Eroan eben astakumea, eta euren soinekoak ezarri eutsoezan; eta Jesus gainean jarri zan. Askok euren soin-gainekoak zabaldu ebezan bidean; beste batzuek, barriz, landetan ebagitako adarrak. Eta aurretik eta ondoren joiazenek oihuka inoen: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua, gure aita Dabidengandik datorren erreinua! Hosanna Goi-goikoari!»
Jaunak esana
EBANJELIOA (erramu-bedeinkapena) /«C»
† Jesukristoren ebanjelioa san Lukasen liburutik (19, 28-40)
Aldi haretan, Jesus Jerusalengo bidean gora abiatu zan, danen aurretik. Betfage eta Betaniara hurreratu zanean, Olio-mendi deritzon ondoan, bere ikasleetako bi bialdu ebazan, esanez: «Zoaze aurreko auzo horretara: eta hor sartzean, astakume bat aurkituko dozue lotuta, oraindino gainean inor jarri ez jakona. Askatu eta ekarri eidazue. Eta inork itanduko baleutsue, zergaitik askatzen dozuen, zuek erantzun: “Jaunak behar dau”».
Joan ziran bialdutakoak, eta harek esan eban lez aurkitu eben. Eta astoa askatzen ziharduela, jabeak esan eutsen: «Zergaitik askatzen dozue astoa?» Eta hareek erantzun: «Jaunak behar dau».
Eroan eutsoen Jesusi, eta euren soinekoak asto-gainean ipinita, gainera igoten lagundu eutsoen. Eta aurrera joiala, jendeak bere soinekoak zabaltzen eutsozan bidean. Olio-mendiaren beheko aldera hurreratu ziranean, ikasle talde osoa pozez beterik, oihuka hasi zan Jainkoa goratzen, ikusi ebezan mirari guztiekaitik, esanez: «Bedeinkatua Jaunaren izenean errege datorrena! Bakea zeruan eta aintza zeru-goienetan!»
Jende-arteko farisear batzuek esan eutsoen: «Maisu, isilerazo eizuz zure ikasleak». Jesusek erantzun: «Hara, neuk dinotsuet: honeik isiltzen badira, harriek egingo dabe deadar».
Jaunak esana
Oharra
Jesus goratu eban jendetzearen antzera, lagundu deiogun orain Jaunari pozez kantari.
Ibilteunerako abestia
(zuzendua) Hosanna! Hosanna! Hosanna!
Hosanna! Zeruen goienetan!
Dabid erregearen semea dogu Jesus: Hosanna!
Jerusalenen sartzean danok gorets daigun: Hosanna!
Aintza ta goralpena zuri, Jesus, Jauna!
Hosanna! Hosanna! Hosanna!
Hosanna! Zeruen goienetan!
Goralpenen artean hartzen dabe guztiek: Hosanna!
Abarrak eskuetan, nagusi ta txikiek: Hosanna!
Aintza ta goralpena zuri, Jesus, Jauna!
Hosanna! Hosanna! Hosanna!
Hosanna! Zeruen goienetan!
Agintariek ez, baina xumeenak pozez: Hosanna!
Jesus goraltzen dabe euren Salbatzaile lez: Hosanna!
Aintza ta goralpena zuri, Jesus, Jauna!
Hosanna! Hosanna! Hosanna!
Hosanna! Zeruen goienetan!
Behin elizan sartuta...
Kristo, gure Errege, adora dagigun;
zeru-lurren Jabe autortu dagigun.
Fede bizi baten denok ernai, zureak gara gu, o Jesus, bai, (2)
ez beste jaberik ez dogu nahi.
(Eta otoitza esanez hasten da Mezea)
Egin daigun otoitz
Jainko ahalguztidun betikoa,
gizaki guztiei apaltasun-bidea erakusteko,
gure Salbatzailea gizon egitea
eta kurutzean hiltea nahi izan dozu.
Egizu, arren,
haren Nekaldiko irakaspenak gogoan hartu daiguzala,
beragaz batera biztu gaitezan.
Zurekin eta Espiritu santuarekin batean
Jainko ta errege bizi da-ta, gizaldi ta gizaldietan.
—Amen.
LEHENENGO IRAKURGAIA
- Jaungoikoaren Zerbitzaria agertzen jaku lehenengo irakurgai honetan. Jaungoikoagandik hartu dauan egitekoa beteten ahaleginduko da, irainei aurpegia alboratu barik. Oinaze ugari jasango dituan "zerbitzari" honek Jesus gogoratzen deusku bere Nekaldiko sufrimentuetan.
Isaias Profetaren liburutik (Is 50, 4-7)
Ikasi baten mihina emon deust nire Jaunak,
berba bizkorgarria emon deioedan nekatuei;
belarria zuhur jarten deust goizero,
ikasiak lez entzun dagidan.
Jaunak belarria edegi deust,
eta nik ez deutsat gogorrik egin; ez dot atzera egin.
Bizkarra ipini deutset joten ninduenei;
matrailea, bizarretik tiraka egiten eustenei.
Ez deutset aurpegia alboratu irain eta txistuei.
Neure Jauna neban laguntzaile;
horregaitik ez nintzan lotsatu;
horregaitik ipini neban aurpegia, harri gogor lez;
eta badakit ez nazana lotsagarri geldituko.
Jaunak esana!
Erantzun salmoa Sal 21, 8 9. 17 18a. 19 20. 23 24
R/. Ene Jainkoa, non zagoz zu? Zelan eskutik itzi nozu?
Ikusten nabenak holan dabilkidaz barreka,
ezpain keinuka eta buru eraginka
«Jaunagan dau uste on, salbatu begi;
maite badau, onik atara begi». R/.
Txakur taldeak nauka inguraturik,
gaizto taldeak erdian harturik.
Esku oinak zulatu deustez,
hazur guztiak bat banatu daikedaz. R/.
Nire jantziak eurentzat banatzen dabez,
nire soinekoa zotz egin dabe.
Zu, ostera, Jauna, ez egon urrun,
Zu, neure indar, zatorkidaz arin lagun. R/.
Nire senideei zure izena deutset iragarriko,
batzarraren erdian zaitut goretsiko.
«Goratu egizue Jauna, bildur deutsazuenok, †
Jakoben seme guztiok, ospatu egizue,
izan Haren bildur, Israelen seme guztiok». R/.
Bigarren irakurgaia
Hil eta biztu dan Jesusenganako fedea autortzen deusku San Paulok bigarren irakurgai honetan: Apaldu egin eban bere burua, horregaitik Jainkoak goratu egin eban.
San Paulo Apostoluak Filipotarrei (2, 6-11)
Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanarren,
ez eutson gogor eutsi Jainkoagaz bardin izateari;
bestelan baino:
bereaz hustu egin zan, morroi izaerea hartuz,
eta beste edozein lez agertuz.
Eta gizon lez agerturik,
apaldu egin eban bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
kurutzeko heriotzaraino.
Horregaitik, Jainkoak goratu egin eban,
eta izen guztien gaineko izena emon eutson,
Jesusen izenera belaun guztiak makurtu daitezan,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mihin guztiek autortu dagien:
«Jesukristo Jauna da», Aita Jainkoaren aintzarako.
Jaunak esana
Nekaldiari harrerea egiteko:
Aintza, Jesus, zuri beti: zu zara gure argi!
…./..
Homilia
Senideok: Jerusalenen Jaunaren sartzea ospatu dogu ospe handiz eta alaitasunez. Eta ondorengoa heriotza zigorra, nekaldia eta heriotzea izan dira, mundu honetako ahaltsuen indarpean.
Zein argi ikusi geiken liturgia honetan munduan daukagun gizakion arteko zatiketea, eta ahaltsuek apalen eta pobreen gain erabilten daben (dogun?) gogorkeria, zigorra eta zuzengabekeria!
Jainko Aitari zintzotasunez erantzutearren, erlijio-agintariek, agintari politikoen aurrean salatzen dabe Jesus, eta heriotzara zigortuazoten.
Gure inguruan, bai erlijioaren eta baita beste eretako ahaltsuen bidebakokeria asko eta asko salatzen daben guztien irudi dogu Jesus. Eta atara geike irakatsirik haren jokabidetik.
Senideok: Jainkoari zintzotasunez erantzun gura deutsogunok, Jesusi jarraituz, gure inguruan dagozan bidebakokeriak ikusteko zabaldu behar doguz begiak; hareik salatzeko jaso behar dogu ahotsa, eta alkartu behar dogu bidebakokeriak salatzeko alkartzen diran guztiekaz, ez ideologia batek edo bestek bultzatuta, Jesus Jaunaren irakatsiak eta bere Espirituak bultzatuta baino.
Izan daigun gogoan: Jesusek bere bizia emon egingo dau. Hauxe da Jainkoaren Espirituak egiten dauana: bizia emon, ez kendu…, ezeren izenean.
Horretarako… parkatzen ikasi beharra dago: «Aita, parkatu eiezu, ez dakie-ta zer egiten daben».
Eta zein gatx egiten jakun kalterik jasan badogu kaltegileari parkamena luzatzea! Geure burua gitxiagotzea litzatekela uste dogu; kalte eginari kalte egiteaz erantzun behar jakola uste dogu.
Jesusen bihotzean ez dago gorrotorik; ez dago inor gaitzesteko gogorik, maitasuna baino; gaizkilea bera ere salbatzeko gogoa baino; Jainkoari zintzo erantzuteko erabagi sendoa baino… Eta parkatu egin daike. Eta inork ez dau esango ahula edo mekoa danik Jesus keinu zoragarri honetan: «Aita, parkatu eiezu, ez dakie-ta zer egiten daben»…
Zer daukagu bihotzean, senideok, batez ere inogandik kalterik hartu dogunok? Jesus geugaitik hil dala onartzen badogu eta sinisten, zerau eskatuko deutsogu: askatu gaizala gorroto era guztietatik; sartu gaizala maitasun bideetan, eta, parkatzeko gauza izanez, eraiki ahal izan daigula alkar onartzen dakian gizarte baketsu bat. Aprobetxatu daiguzan egunok hausnartzeko eta otoitz egiteko.
JAINKO HERRIAREN OTOITZA
† Senideok: Jesusi Jerusalemen sartzen lagundu deutsogunok badakigu zein makalak garan eta huts egin geikena. Jo daigun, ba, Jainkoaren eskuzabaltasunera:
1.—Bere seme-alaba gaituan Elizearen alde: Gure Elizbarrutiaren Ebanjelizatze eginkizuna danok, bakotxak bere neurrian, geuretu daigun, eta Gernikaldeko Elizea eraiki daigun. Eskatu deiogun Jaunari.
2.—Sinismeneko misterioen atarian Jauna goresten dihardugunok, hari eguneroko kurutzeagaz jarraitzeko gauza izan gaitezan. Eskatu deiogun Jaunari.
3.—Aste Santuko egunotan, sinismen misterioak geuretzeko, otoizgiroan bizi izaten ahalegindu gaitezan, Eskatu deiogun Jaunari.
4.—Jesusek geugaitik bizia emon dauan lez, geu ere ahalegindu gaitezan sinismena ospatzen ta iragarten geure ondokoak eta kristau alkarteak adoretzeko eran, Eskatu deiogun Jaunari.
† Hainbeste maite gaituzun Jainkoa: emoiguzu adore zure Semearen bideari jarraitzeko gure senide guztien onerako. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Oparien gaineko otoitza
Jainko Jauna, zure Semearen Nekaldiari esker
betorkigu laster zure parkamena;
eta elizkizun honetan gaurkotzen dogun
Jesukristoren opari bakar honen bidez,
emoiguzu zeure errukia,
gure pekatuek merezi ez badabe ere.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
— Amen.
Jaunartzerako deia
Jaunartzeaz Jesusen bidean beragaz bat eginda ibili gura dogula adierazten dogu, Jainkoaren morroiak gaur ere eta geure inguruetan ere bere kurutzea ta sufrimentua izango dauzala jakinik. Isilgiroan jaunartu daigun.
JAUNARTZE DENBORAN EZ DAGO ABESTIRIK…
…./..
Jaunartze ondorengo otoitza
Zure doai santuz aseturik,
otoizka gaituzu, Jauna:
zure Semearen heriotzeari esker emon deuskuzu
sinisten doguna itxarotea;
haren biztuereari esker, egizu
gure azken helburura heldu gaitezala.
Errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.
— Amen.
Oharrak