I. IRAKURGAIA
Jainkoak ituna egiten dau
Abraham fededunagaz.
Hasiera liburutik (Has 15, 5-12. 17-18)
Egun hareetan, Jaunak kanpora atarazo eban Abram eta esan eutsan: «Begiratu zerura eta kontatu egizuz izarrak, ahal badozu». Eta, gainera, esan eutsan: «Horrenbeste izango dira zure ondorengoak». Abramek sinestu egin eban Jaunagan, eta Jaunak zuzentzat hartu eban. Eta esan eutsan: «Neu naz Jauna, kaldearren Ur uritik atara zindudazana, lurralde hau zuri jabetzan emoteko».
Abramek esan eutsan: «Jainko Jauna, nondik ezagutuko dot lurraldearen jabe izango nazala?»
Jaunak erantzun eutsan: «Ekarri egidazuz hiru urteko txahal bat, hiru urteko ahuntz bat, hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usakume bat». Ekarri zituan Abramek honeek guztiak eta erdibitu egin zituan, eta zatiak bata bestearen aurrez aurre ipini; hegaztiak ez zituan erdibitu. Hegazti harrapariak sarraskira etozan, eta Abramek uxatu egiten zituan.
Eguzkia sartzean, lozorroan murgildu zan Abram, eta ikara handia sartu jakon.
Eguzkia sartu eta ilun-baltz egin zanean, laba bat ketan eta zuzi bat sutan agertu ziran abere-zatien artetik igaroz. Egun haretan Jaunak agintzari hau egin eutsan Abrami: «Zure ondorengoei emongo deutset lurralde hau, Egiptoko ibaitik hasi eta Eufrates ibai handiraino».
ERANTZUN SALMOA
Sal 26, 1. 7-8ab. 8c-9. 13-14
R/. Jauna dot argi eta salbamen
Jauna dot argi eta salbamen, nork ni bildurtu?
Jauna biziaren babes, nork ni izutu?
Entzun, Jauna, nire dei-hotsa,
erruki zakidaz eta erantzun. R/.
Bihotzak esaten deust:
«Bilatu egizu haren aurpegia».
Zure aurpegi bila nabil, Jauna,
ez ezkutatu niri zeure aurpegia. R/.
Ez baztertu zeure zerbitzari hau hasarre,
Zu zaitut-eta laguntza.
Ez itzi ni eskutik, ez zapuztu,
salbatzaile zaitudan Jainko. R/.
Ziur dakit Jaunaren ontasuna gozatuko dodala
bizidunen lurrean.
Itxaron Jaunagan!
Eutsi gogor, izan bihotz!
Itxaron Jaunagan! R/.
II. IRAKURGAIA
Irakurgai laburragoa egin gura bada, itzi daiteke kako [ ] artean emoten dan zatia.
Kristok bere gorputz aintzatsuaren irudiko egingo gaitu.
San Paulo Apostoluak Filipoarrei egindako gutunetik (Flp 3, 17—4, 1)
Senideok: [Izan zaiteze nire antzeko, eta begiratu nigan dozuen ereduaren arabera bizi diranei. Izan ere, asko dira Kristoren kurutzearen arerio lez bizi diranak. Askotan esan deutsuet eta barriro dinotsuet orain malko artean. Holakoen azkena hondamendia da; sabela dabe jainko, euren lotsarietan harrotzen dira eta lurreko gauzetan bakarrik pentsetan dabe.]
Gu, ostera, zeruko uritar gara eta handik itxaron dogu Salbatzailea, Jesu Kristo Jauna. Berak antzaldatuko dau gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren irudiko eginez, gauza guztiak ere menpe jarteko dauan ahalmenari esker.
Holan, bada, ene senide gogoko eta maiteok, nire poza eta nire koroa, iraun egizue holan Jaunari leial, maiteok.
EBANJELIOA
Otoitzean ziharduela,
aurpegiko itxura aldatu egin jakon.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 9, 28b-36)
Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendira igon eban otoitz egitera. Otoitzean ziharduala, aurpegiko itxura aldatu egin jakon, eta jantzia zuri disdiratsu bihurtu. Haretan, gizon bik Jesusegaz berbetan ziharduen, Moisesek eta Eliasek, aintzatan agertuak, Jerusalemen jazotekoa zan Jesusen heriotzaz berba egiten eben. Pedro eta lagunak logureak jota egozan; baina esnatu ziran eta Jesusen aintza eta Haregaz egozan gizon biak ikusi ebezan.
Honeek alde egitean, Pedrok esan eutsan Jesusi: «Maisu, bai ederto gagozala hemen! Egin dagiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat eta bestea Eliasentzat». Ez ekian zer esaten eban ere.
Hau esaten ziharduala, hodei batek estaldu zituan, eta hodeian sartzean bildurrak hartu zituan. Ahots batek urten eban hodeitik, esanez: «Hauxe da nire Semea, nire Aukeratua. Entzuiozue». Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik agiri zan.
Ikasleek isilik gorde eben, eta egun hareetan ez eutsoen inori esan ikusitakorik ezer.
HITZALDIA
Gaurko Liturgiak, senideok, gure bizitzan aukeraketa sendo bat egitera eroango gaitu, halan gura badogu: bide lez, edo eredu lez, Jesus jarten deusku, eta helburu lez Jainkoaren altzoa. Gauzak ez deuskuz erreztuko: asko sufritu behar izango da bidean (ezbaiak, erasoak ilunaldiak, zihurkeriei oratuta bizi izan gura izatea, ingurukoen beste era bateko aukeraketak eta hareen irri eta barreak…); ez da gauza erreza aukeraketa hau egitea. Baina merezi dau.
Halan esan deusku, behintzat, Paulok Filipotarrei egindako bigarren gutunean. Bere esperientziatik, ez dau merezi mundukerietan geratzeak, ez dabe gizakia asebeteten eta bai, luzarora, lotsa gorritan izten. Ostera, Jesusen jarraitzaile zintzo izateak bere osotasuna emoten deutso gure bizitzeari.
Baina hau, senideok, sinismena da; ez da ikusten eta ikutzen dan gauzea: uste inorengan jartea da, Jesusengan. Merezi dau? Itxura baten, porrotean amaitzen da Jesusen bizitzea…
Jesusen ingurukoek eurek desbideratu gura dabe Jesus bere asmoetatik; ez dabez argi ikusten. Bai; argi ikusten dabe nagusien haserrea eta jendearen ukapena; gitxi batzuk baino ez deutsoela jarraitzen, eta eurok ere ez-bai artean; gehienak ogi-bila, osasun eske, edo non-ze-barri lez dabiz bere inguruan. Jesusek ere bere ezbaiak daukaz horren aurrean: ea erratuta dagoan, eta ete dan hori Jainkoak gura dauana hausnartzen dau.
Eta hori argitzeko otoitzera joten dau. Eta otoitz horretara lagunik minenak eroango dauz. Beraganako hareen uste ona indartu guran-edo. Otoitz horretan Jainkoaren baieztapena hartuko dau: beragan gauzatzen dira Legea (Moises) eta Profeta Hitza (Elias); beragandik sortuko da Jainkoaren herri barri benetakoa. Baina heriotzatik igaro beharra dago. Ez da izango bere ahaleginei esker; hori, bere bidez, Jainkoak berak egingo dauana da, eta bere aldi eta epeetan. Eta, behar bada, ez dau ikusiko, ikutuko, bere egunetan. Onartu daiteke holango uste onik Jainkoagan?
Lehenengo irakurgaian eredu bat emoten izan jaku: Abrahan. Jainkoagandik hartutako agintzaria luzarorakoa joakon. Zahartzarora doa bera, ieta indarrak ahultzen joakoz; eta oraindino ez dago Jainkoaren erantzunik… Baina Jainkoak ez dau ezaugarri barik, edo bere barririk, emon barik itziko Abrahan. Alkargo bat egingo dau haregaz. Izugarria alkargoaren gauzatzea: piztiak zati bitan jarriak dagoz alderdi banatan; euren artetik igaroten danari, harei gertatua gertatuko jako alkargo-hitza beteten ez badau. Eta, nor da hareen erditik igaroten dana? Abrahan ez; Jainkoa baino ez, su eta ke itxuran… Jainkoagazko alkargoan gizakiak ez dauka, ba, galtzekorik ezer; dana dau irabazteko; Jainkoak eskuratzen dau ardura guztia; Jainkoak berak zuzenduko dauz gizakiaren oinak, argituko dau haren adimena, egingo deutse ez-ikusia haren erratuei… Merezi dau Jainkoaz fidatzeak.
Baina zelan gauzatu eta zehaztu hari emondako berbea? Jesusi entzunez; uste on osoa harexengan jarriz. Horixe bideratuko dogu garizuma aldi honetan zehar, Jainkoaren hitzak lagundurik eta otoitzaren errotan eihota.
OTOITZA
Jesus: zu autortzen ziatuen ebanjelioetara
ustetsu eta sinistun hurreratzean,
zugan uste on osoa jarteak merezi dauala
aurkitzen dogu eta bizten jaku horretarako gogoa.
Baina hainbat dira egunerokoan aurkitzen doguzan
oztopoak, ezinak, makal aldiak eta erasoak,
eta azaleko erlijino betekerietan geratzeko
arrisku ezin garaituan jausi geintekez.
Emoiguzu zure Hitzaganako egarri bizia,
ebanjelioa irakurriz zetaz maitemintzea
mundukeria guztien gainetik maitatu zaiguzan
eta ezerk ez gaizan zugandik aldenduazo.