I. IRAKURGAIA
Herri aukeratuaren fede-autormena.
Deuteronomio liburutik Dt 26, 4-10
Moisesek honan berba egin eutsan herriari: «Abadeak zure eskutik lehen frutuen otzarea hartu eta Jaunaren, zure Jainkoaren, altara aurrean jarriko dau.
Orduan, Jaunaren, zeure Jainkoaren, aurrean esango dozu: «Nire aita noraezean ebilen aramearra zan; Egiptora jaitsi eta etorkin moduan bizi izan zan han, lagun bakar batzukaz. Egipton herri handi egin zan jentez eta indarrez.
Egiptoarrek tratu txarra emon euskuen, zapaldu eta morrontza gogorra ezarri. Deadar egin geuntson Jaunari, gure arbasoen Jainkoari; Jaunak gure deadarra entzun eban eta gure atsekabe, neke eta estualdia ikusi ebazan. Eta Egiptotik atara ginduzan Jaunak ahalmen handiz eta esku indartsuz, arerioakan bildur-ikara sortuz, ezaugarri eta egintza harrigarriak eginez. Toki honetara ekarri ginduzan eta lurralde hau emon euskun, esnea eta eztia dariozan lurraldea. Orain, hona hemen non dakartsudazan, Jauna, Zeuk emon deustasuzan lurreko emoitzen lehen frutuak».
Hori esanik, Jaunaren, zeure Jainkoaren, aurrean itziko dozu eskeintza, eta Jauna, zeure Jainkoa, ahuspez gurtuko dozu».
ERANTZUN SALMOA
Sal 90, 1-2. 10-11. 12-13. 14-15
R/. Neugaz egon zaitez, Jauna, larrialdian
Zagoz nirekin, Jauna, larrialdian
Goi-goikoaren aterpean bizi zaran horrek,
gaua Ahaltsuaren kerizpean emoten dozun horrek,
esaiozu Jaunari: «Zu nire babesleku eta gaztelu,
ene Jainko, Zugan dot konfiantzea». R/.
Ez dozu zoritxarrik izango,
ez da zure txabolara izurririk hurreratuko,
bere aingeruei agindu deutse-eta,
zu bide guztietan zaintzeko.
Besoetan eroango zaitue,
harriekin estropezu egin ez dagizun. R/.
Suge eta sugegorrien gainean ibiliko zara,
oinazpian hartuko dozuz lehoia eta herensugea.
«Onik atarako dot, niri lotuta dagoalako,
toki seguruan jarriko, nire izena autortzen daualako. R/.
Dei egingo deust, eta Nik erantzungo;
beragaz izango nau larrialdian,
libratuko dot eta ospez jantziko. R/.
II. IRAKURGAIA
Kristogan sinesten dauanaren fede-autormena.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako gutunetik Erm 10, 8-13
Senideok: Hau dino Liburu Santuak: «Hurrean dozu berbea, zeure ahoan eta zeure bihotzean». Berba hori, hain zuzen, guk iragarten dogun sinesmenaren mezua da. Izan ere, zeure ahoz autortzen badozu Jesus Jauna dala, eta zeure bihotzean sinesten badozu Jainkoak hilen artetik biztu ebala, salbauko zara. Izan ere, bihotzez sinesten dauana zuzentzat hartzen dau-eta Jainkoak, eta ahoz autortzen dauana salbau egiten da. Liburu Santuak dino: «Haregan sinesten dauana ez da lotsatan geldituko».
Judua izan ala ez, ez dago bereizkuntzarik, bat bera da-eta guztien Jauna, dei egiten deutsoen guztientzat eskuzabala. Izan ere, «Jaunaren izenari dei egiten deutsana salbauko da».
EBANJELIOA
Espirituak eroanik, basamortuan zehar ibili zan,
deabruak tentatzen ebala.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik Lk 4, 1-13
Aldi haretan, Jesus Espiritu Santuaz beterik bihurtu zan Jordandik. Espirituak eroanik, basamortuan zehar ibili zan berrogei egunez, deabruak tentatzen ebala. Ez eban ezer jan egun hareetan, eta azkenean gosetu egin zan. Orduan, deabruak esan eutsan: «Jainkoaren Semea baldin bazara, esaiozu harri honi ogi bihurtu daitela». Jesusek erantzun eutsan: «Liburu Santuan idatzirik dago: "Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi"».
Gero, deabruak, toki goi batera eroanik, munduko erreinu guztiak erakutsi eutsozan une batean eta esan eutsan: «Horreen guztien agintea eta ospea emongo deutsudaz: neuri emon deusteez eta gura dodanari emoten deutsodaz. Beraz, gurtzen banozu, zurea izango da dana».
Jesusek erantzun eutsan:
«Idatzirik dago: "Jauna, zeure Jainkoa, gurtuko dozu,
eta Bera bakarrik zerbiduko"».
Orduan, deabruak Jerusalemera eroan eban eta, tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan eutsan: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota egizu zeure burua hemendik behera, idatzirik dago eta: "Bere aingeruei aginduko deutse zu zaintzeko", eta "eskuetan eroango zaitue harriekin estropezu egin ez dagizun"».
Erantzun eutsan Jesusek:
«Agindua dago: "Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa"».
Eta tentaldi guztiak amaiturik, alde egin eban deabruak Jesusegandik hurrengo egokiera arte.
ESKARIAK
† Jainkoari eskeintza egiterakoan, gogoan izan behar dogu beragandik hartu dogula dana, eta hainbat dagoela ahora zer eroanik ez daukela...
—Elizearen alde: bere uste on osoa Jainkoagan baino ez daian jarri, eta, horren erakutsi lez, aberastasunetatik eta agintekeriatik askatzeko urratsak emon daizan, eskatu deiogun Jaunari.
(—Munduko goseari aurre egin gura deutson «ESKU ALKARTUAK» erakundeko langileen alde: adore izan daien, Espirituak gidatu daizan eta egiten daben lanak bere etekinak izan daizan Mundu alkartuagoa eta gizakoiagoa lortze-bidean, eskatu deiogun Jaunari.)
—Aginpideari eta etekinak lortzeari gogor eutsiz, gure lur hau eta baita hainbat herrialde ere hondamenera daroezanek honeen oihuak eta guztion beharrizanak aintzat hartu daiezan, eta guztion ona bilatzera bideratu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Hondamenean dagozan eta sufritzen daben guztien alde: euren egoerea entzun eta ikusiazo daien eta, duintasunean bizi izateko, besteon laguntza eskuratu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure familietan etekinik handienaren bila barik alkar maitasunaren bila jardun daigun, eta zaharrek eta gaisoek euren leku duina izan daien euretan, eskatu deiogun Jaunari.
—Otoitzerako alkartzeko aukerea dogunok bilatu daigun ez Jainkoa geure zerbitzuan jartea, geu bere esanetara jartea baino, eta horretarako otoitzean bizkortu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Gure askatasuna eta zoriona gura dozuzan Jainko Jauna: emoiguzu Deabruak jarten deuskuzan tentaldietan zeure laguntza, garaile urten daigun eta gizarte gizakoiagoa eraiki ahal izan daigun. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
HITZALDIA
Senideok: Garizuman sartu gara eta asmo ederrekaz aurkitzen gara. Gure salbamen-historiako ibilbidea egin gura dogu eta Pazkoan bete-betean bizi izatera heldu gura dogu. Asmo ederrak, txalogarriak. baina, aldi berean, badakigu espiritua gertu dagoana, beti prest; baina haragia makala dana, eta gure gogorik onenak sarritan gogo hutsean gelditzen dirala, gauzatu barik, amets huts.
Ziztu bizian bizi gara. Dana egin gura dogu, eta atzorako. Eta ez garala heltzen sumatzen dogu. Nekatuta aurkitzen gara hasi baino lehen. Asteburuek, oporrek eta ihesaldiek ez deuskue arintzen gure nekea; sarritan neketsuagoak izten gaitue. Ze norabide emon gure bizitzeari? Jainkoagazko hartu-emonak horretarakoxe dira: bakotxak bere bizitzeari lepotik oratzeko eta Jainkoari begira jarteko, harexengan baino ez dauala salbamena autortuz.
Garizumako lehenengo domeka honek horrexen aurrean jarten gaitu. Ez gaitu gura alde batetik Jainkoari laguntza eske baina eguneroko bizitzan ezertan aldatu barik, eta beste alde batetik kexati eta maldizinoetan, harek eskatzen deuskuna egin arren, ezertan ez deuskula-ta laguntzen. Jainkoak bizikeraz aldatzera deitzen gaitu; eta, ziztu biziaren gurpilean biraka eta etenbako biran bizi izan arren, bizitzeaz aldatu geikela onartzera bultzatu gura gaitu.
Lukas ebanjelariak Jesus gizaki barri lez aurkeztu deusku: bera dogu Adan barria. Hau Espirituaren esku dago, eta Jesus eremura daroa, bakardadera, han bere buruagaz topo egin daian, eta benetako aukeraketea egin daian: ez dot Satanasen morroi izan gura, Jainkoaren zerbitzari baino. Eta Jesusek egiten dauan aukeraketea aurkezten deusku benetako aukeraketa askatzaile eta salbatzaile lez. Jainkoak askatu egiten nau, zorionera eta bete-beteko bizitzara naroa; Satanasek, ostera, bere maltzurkeriez, diruaren, errezkeriaren edo handigurearen morroi/mirabe egingo nau, eta egin dodan aukeraketatik aldendu naitela bilatuko dau.
Jesusek gainditu egiten dauz tentaldiak. Jainkoaren nahiari erantzuteko bere aukeratik ez dau desbideratuko Satanasek. Eta Jesusi jarraitzeak Satanasen tentaldiak gainditzera naroala erakutsi gura deust ebanjelariak.
Ez gaitezan erreztasunaren tentaldian jausi: gose bagara harriak ogi bihurtuz. Gure lehenengo preminak asetzean geratuko ete gara, ba? Geure sabela beteteaz izango dogu nahikoa, munduan dagozan beste ogi bako gogotan hartu barik? Jainkoak gure lehen beharrizanetatik harago begiratzen irakasten deusku, eta baita gure preminak asetuz bizi izatetik harago ere.
Aberastasunak, agintea… gizakion arazoak konpontzeko beharrezkotzat joten doguz. Baina hori Satanas gurtzea litzateke. Gizakion arazoak konpontzea ez dator agintzatik edo dirutzatik —argi ikusi daikegunez—, alkarren zerbitzutik baino, batak bestearen preminak sumatzetik eta alkarbanatzetik baino. Jainkoak eroan geinkez jarrera horretara…
Jainkoagandik hartutako eginkizuna ez da uneko ospe handiaz lortzen: Tenpluko hegaletik burua bota, eta hara doazan guztien txaloak hartzeaz. Eginkizun hori eguneroko lan isilean garatzen da.
Badakigu, eta urtero barriztatzen dogun hau liturgiak berak laguntzen deusku barruratzen. Lehenengo irakurgaiak gogoratu deusku: hara-honaka (eta ziztu bizian) gabizenok Jainkoaren aurrean geure buruaren eskeintza egiteko uneren bat behar dogu; geure makaltasuna autortuz, Jainkoagan jarri geike gure uste on osoa, eta horrela urten geurea baino ez ikustetik.
Gaur «Esku Alkartuak» erakundearen eskutik, munduan gosea jasaten dabenak dakarguz gogora, eta, diru apur bat emoteaz gain, eralgikeriatik (edo burubako kontsumotik) urteteko konpromisoa hartu gura dogu, edo horrenbeste gauza alperrik galtzeko jokeratik. Alkartasunak eroango gaitu gizarte gizakoiagoa eraikitzera; Esspirituaren bultzakadaz arduratuko gara injustiziak eta ustelkeriak salatzera eta Jainkoaren errukian eta parkamenean salbamena aurkitzera.
Izan gaitezan horren barri-emoile, Jesusen jarraitzaile agertuz.
ESKARIAK
† Garizumako atarian, Jainkoaren aurpegi bila gabizala autortuz, izan daiguzan gogoan gure makaltasunak ere, eta erreguka eskatu daigun:
—Elizearen alde: aldi egoki honetan Jainkoaren errukira jo daian bere makalkeriak autortuz, eta pekatari guztientzat eredu jarraibide bihurtu daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Senide pobreagoen alde lanean diharduen guztien alde (gogoan, batez ere, «Esku Alkartuak» erakundea dogu Gosearen aurkako kanpainan): Jainkoaren aurpegi errukitsua erakutsi daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Etekina nondik atarako, senidea zapaltzea ere ontzat emoten dabenen alde: bihozbarritzerako deia entzun daien eta hari erantzutea bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Ziztu bizian bizi garan gizarte honetan, isiltasunerako eta Jainkoagaz topo egiteko eremuak eta uneak agertu eta ugaritu daitezan, guztiok izan gaitezan gero eta gizakoiago, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoaren berbara eta sakramentuetara hurreratzen garan guztiok Jainkoaren herri alkartua egitea bilatu daigun, eta alkarren bihozbarritzea bultzatu, eskatu deiogun Jaunari.
† Aldi egokiak emoten deuskuzuzan Jainko errukitsua: esker oneko erantzuna hartu daizula gugandik zeure seme-alaba lez egin daigun argi gure inguruan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
OTOITZA
Jauna: Adan barri agertzen zaiakuz.
Gizaki zaharra tentaldietan jausi zan,
baina zuk danak gainditzen dozuz,
Espirituaren esanetara diharduzulako.
Ez neuke gura sabel beteagaz geratzerik,
ez agintekerien ez dirutzen ez izen handien
egarriz bizi izanez, hareen morroi katiatua:
aldakuntza sakona behar dot, Jesus.
Emoidazu barru-isiltasuna bilatzea,
uste on osoa Jainkoagan jartea
eta zure Espirituaren arabera jardutea,
behartsuen ondoan gizaki barri izateko.