Azaroaren 26an Ikastolen Elkarteak antolatutako Jardunaldi Pedagogikoetan parte hartu genuen.
“Bagatoz, inklusiotik ekitatera” goiburua izan zuten Ikastolen aurtengo Jardunaldi Pedagogikoek. Hezkuntza inklusiboaren eta ekitatezkoaren ikuspegia izan zen nagusi, eta gizarte gero eta anitzagoan ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko apustu partekatua azpimarratu zen.
Euskal Herri luze zabaletik etorritako ia 600 lagun, ikastoletako eta ikastoletatik haragoko hezkuntza profesional, bildu ginen Donostiako Kursaalen, eta ekarpen mamitsuak entzuteko aukera izan genuen jardunaldiotan hitza hartu zuten Euskal Herriko eta nazioarteko adituen eskutik.
1,1milioi euro banatu ziren abenduaren 11ko Batzar Nagusian, eskaera egin zuten zazpi proiekturi laguntzeko.
Hauek izan ziren Euskal Herriko 115 ikastolen Elkartasun Kutxan aurten jarri duten diruari esker 2026.urtean laguntza jasoko duten ikastolak eta proiektuak: Nafarroako Argia eta Ibaialde Ikastolak, Iparraldeko Kattalin Elizalde Kolegioa, Lizeo berrirako proiektua eta Ikastolen Etxea, Bizkaiko Bihotz Gaztea Ikastola eta Gipuzkoako Zubimusu Ikastola.
Horretaz gain, ikasturte honetako kudeaketa plana eta aurrekontua onartu ziren.
Abenduaren 9an, Altxa Burua mugimenduaren lehen bilera izan genuen. Mugimenduak haur eta gazteen teknologia-erabilera arduratsua bultzatzen du, eta bere helburu nagusiak interneterako sarbidea duten lehen gailuen entrega atzeratzea, eskolak mugikorretatik libre izatea eta hezkuntza digital osasungarria sustatzea dira.
Proiektu honek ikasleen ongizatea, eskola-giro orekatua eta familien inplikazioa indartzen ditu. Horretarako, gurasoz osatutako talde autonomo bat sortzea proposatu zen, hitzarmenen jarraipena egiteko, prestakuntza-jarduerak antolatzeko eta ikastolaren plan digitala gainbegiratzeko.
Azaroaren 25aren harira, ikastolako etapa ezberdinei begirako zenbait aktibitate eta proposamen didaktiko antolatu genituen, gai horretaz guztiok sentsibilizatzeko eta ikasleen artean zein helduen artean berdintasuna, errespetua eta askatasuna sustatzeko.
Larramendi Ikastolako Prentsa tailerreko bi taldek Beldur Barik lehiaketan sari bana irabazi dute.
Sarituak izan diren lanak Zure hitzen pisua eta Ez da soilik gurutze bat izan dira.
Zorionak!
Urriaren 30ean Gau Beltza ospatu genuen ikastolan, gure arbasoen ohiturak berreskuratuz eta euskal tradizioari eutsiz!
Urtero bezala, aurten ere egitarau zabala eta anitza izan genuen abenduaren 3ean, ikastolan, Euskararen Eguna ospatzeko.
Bertan, ikastolako ikasle eta irakasle guztiek hartu genuen parte.