Gure zirkularrak eta oharrak modu arin eta erosoan jasotzeko aukera berria duzue. WhatsApp kanala sortu dugu, eta hemendik aurrera, informazioa une oro eskuragarri izango duzue zuen sakelakoan. Horrela, asteko zirkularrak eta bestelako jakinarazpenak modu azkar eta zuzen batean iritsiko zaizkizue.
Kanalean sartzeko, erabili esteka hau eta Jarraitu sakatu. Gainera, kanpaitxoa 🔔 aktibatuz gero, ez duzue ezer galduko eta jakinarazpen guztiak automatikoki jasoko dituzue. Kanal hau komunikazioa errazteko eta informazioa eskuragarriago egiteko sortu dugu.
Batu gure komunitatera eta egon adi Larramendi Ikastolako jakinarazpenetara!
DBH3ko ikasleak Ekin proiektua garatzen aritu ziren urtarrilean Morgako aterpetxean.
Proiektu honen helburu nagusia ikus-entzunezko kodeak eta narratibak helaraztea izan zen, ikasleei eduki erakargarriak sortzeko tresnak emanez. Horrela, modu erraz eta sortzaile batean laburmetraiak, bideoklipak, telebistako programak eta bestelako ikus-entzunezko edukiak garatzeko aukera izan zuten. Prozesu horretan, hainbat teknika esperimentatu zituzten, beren sormena lantzeko eta ikus-entzunezko ekoizpenaren oinarriak sakonago ulertzeko, beti ere talde-lanean.
DBHko 4.mailako ikasleak, urtarrilaren 10etik 19ra bitartean, erdialdeko Europan barrena ibili ziren ikasketa bidaian.
10 egunetan zehar, Paris, Brujas, Luxemburgo eta Estrasburgo bezalako hiriak bisitatzeko aukera izan zuten.
Parisko Louvre Museoa, Notre Dame Katedrala, Eiffel Dorrea, Auzo Latinoa, Estrasburgoko Katedral Gotikoa eta Brusesako Atoniuma ezagutzeko aukera izan zuten, besteak beste.
Urtarrilaren 31n, Hendaian, Zumin Nazionala ospatu zen, eta Euskalduna bereizgarrian sakontzen jarraitzeko aukera izan genuen. Euskal Herriko ikastolen zuzendariak eta hizkuntz proiektuetako arduradunak bildu ginen, eremu ez formalaren garrantzia aztertzeko. Horretarako, Jaime Altuna Ramirez gizarte antropologoa eta EHUko irakaslea gurekin izan genuen.
Bi ikasturte daramatzagu Euskalduna bereizgarria lantzen. Aurreko urrian, Iñaki Iurrebasok euskararen egoeraren irakurketa orokorra eskaini zigun, eta ikastolei erronkak planteatu zizkigun. Orain arte hiru esparrutan aritu izan gara lanean: eremu formalean, Josune Zabalarekin; familia esparruan, Paula Kasaresekin; eta Ikastoletatik kanpoko esparruan, Jon Unasobizkairekin.
Egun emankorra izan zen, ikastolen arteko elkarlana sendotzeko eta euskararen erabilera indartzeko urrats berriak emateko.
Otsailaren 13an, Donostian ospatu zen Enjoy Thinking jardunaldian parte hartu zuen Maria Galdeano gure ikastolako Zuzendari Pedagogikoak. Hezkuntzaren eraldaketa eta berrikuntzaren inguruko hausnarketa sakona egin zuten Coral Regi, Leire Arana eta Marc Colomer bezalako adituek, Euskadiko eta inguruetako zuzendaritza-taldeetako 100 kide baino gehiagorekin batera.
Jardunaldia amaitzeko, mahai-inguru bat antolatu zen, eta bertan hartu zuen parte Maria Galdeanok. Ikastetxeak eraldatzeko funtsezko elementuak eztabaidatu zituzten, eta Mariak honakoa nabarmendu zuen: "Irakasle guztiengan konfiantza izatea ezinbestekoa da. Lan-taldeak sortu, ateak ireki, praktikak partekatu, taldea egin eta jendea kultura horretan sartu."
Ekarpen aberasgarria izan zen, hezkuntzaren etorkizunari begira gogoeta egiteko aukera emanez.
Otsailaren 20an Larramendi Ikastola Kooperatibaren Ohiko Batzar Orokorra burutu genuen.
2023-24 ikasturteko kudeaketa aztertu, urteko kontuen azterketa eta obespena, eta ekitaldiaren emaitza ekonomikoak aurkeztu ziren.
Horretaz gain, 2024-25 ikasturtearen helburuak eta lan ildoen aurkezpena egin zen, arlo pedagogikoan eta kudeaketa mailan.
Amaitzeko, Artezkaritza Kontseiluaren berritze partziala burutu zen.
Larunbatean, gure ikastolako ikasle eta irakasle talde bat Gasteizen izan zen First Lego League lehiaketan parte hartzen. Ekimen honek teknologia, berrikuntza eta talde-lana uztartzen ditu, eta gure ikasleek aukera paregabea izan dute garatutako sormena, pentsamendu kritikoa eta arazo-konponbide estrategikoak azaltzeko.
Lehiaketan, robotika erronka, proiektu zientifikoa eta balioen erronka gainditu behar izan dituzte.
Goiz osoan zehar, giro aparta izan zen, beste ikastetxeetako parte-hartzaileekin esperientziak partekatzeko aukera izan zuten, eta teknologiaren munduan sakontzeko aukera paregabea izan zen.
Ohitura zaharrak jarraituz, kalera atera ginen Agate Deuna bezperan. Koplak ozen abestuz, makilarekin gogor jo genuen zorua, lurra esna zedin.
Sua prestatu eta lagunartean elkarturik, txistorra gozoa jan genuen Txitxiburduntzi egunean.