Jardunaldi Pedagogikoak

Azaroaren 16an eta 17an Ikastolen Elkarteak Jardunaldi Pedagogikoak antolatu zituen Irungo Ficoban. "Bazatoz" lelopean, Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorra azaltzea izan zen helburu.
Ostegunean, Ikastola-eredua (Zer-Nor gara?) eta pertsona-eredua (Zer lortu nahi dugu?) aztertu genituen pertsona kooperatiboak eta pertsona euskalduna sakonduz. Ostiralean, berriz, Nola lortu nahi dugu? galderari erantzunez printzipio psikopedagogiko eta oinarrizko hezkuntza-ildoetatik abiatu eta, irakaskidetza, ebaluazioaren kultura eta ikuspegi eta estrategia inklusiboak landu genituen.

Elkartasun Kutxa

Milio bat euro banatu ziren azaroaren 28ko Batzar Nagusian, eskaera egin zuten hamar proiekturi laguntzeko

Hauek izan ziren Euskal Herriko 113 ikastolen Elkartasun Kutxan aurten jarri duten diruari esker 2024.urtean laguntza jasoko duten ikastolak: Kattalin Elizalde kolegioa, Ikastolen Etxea, Argia, Baztan, Ibaialde, Labiaga, jaso, Argantzun, Txintxirri eta Zubimusu Ikastolak.


Informazio gehiago Ikastolen Elkarteko web gunean.


Emakumeen aurkako indarkeria desagertarazteko eguna

Azaroaren 25aren harira, ikastolako etapa ezberdinei begirako zenbait aktibitate eta proposamen didaktiko antolatu genituen, gai horretaz guztiok sentsibilizatzeko eta ikasleen artean zein helduen artean berdintasuna,errespetua eta askatasuna sustatzeko.

Euskararen Eguna

Urtero bezala, aurten ere egitarau zabala eta anitza izan genuen abenduaren 1ean, ostirala, ikastolan, Euskararen Eguna gogoan: ipuin kontalaria, antzerkia, bertso emanaldia. Bertan, ikastolako ikasle eta irakasle guztiek hartu genuen parte.


Eo Olentzero kanta berria

Larramendi Ikastolan Gabon kanta berri bat sortu dugu, Eo Olentzero izenekoa. 

LH4-5-6 eta DBH1eko ikasle talde bat Fruizko Gaua estudioan egon ziren abestia grabatzen.

Larunbatean, Gabon kanten topaketa ospatu zen Mungiako San Pedro elizan eta bertan Eo Olentzero abestia abestu zuten.

Musika: Ainara Arrizabalaga

Hitzak: Jone Larrinaga

Ikusi abestiaren bideoa.

DBH3-4ko Larramendi Reporteko ikasle talde bat abestiaren estudioko grabazioa kubritzen egon zen.

Hezkuntza lege proiektuaren balorazioa

Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu zen Hezkuntza Lege proiektuaren txostenaren balorazioa egin zuen aurrekoan Ikastolen Elkarteak agerraldi batean, Ikastolen Etxean. Ikastolen Elkarteko presidente Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis Sukiak hartu zuten hitza. 

Elkarteak gogorarazi zuenez, “bi urte luze ibili gara hezkuntza legearen inguruan gogoetatzen, eztabaidatzen, biltzen…”. “Galdu ezinezko aukera baten moduan irudikatu zuten prozesua”, onartu zuten. “Edozein herrirentzat estrategikoa den gai baten da hau, datozen belaunaldien etorkizuna baldintzatuko duena”, nabarmendu duenez. 

Informazio gehiago gure web gunean.

Guraso ordezkarien bilera

Aurreko astean ikasturte honetako guraso ordezkarien lehen bilera egin genuen.

Beste gai batzuen artean, iaz garatutako Hizkuntza Proiektua aurkeztu eta ikastolako hizkuntz trataeraz eta hizkuntz plangintzaz hitz egin zen. 

Beti bezala, gelako ordezkarien esku jarri da bertan landutakoa eta zuen gelako ordezkariaren bitartez jasoko duzue materiala.

DBHko eraikinaren inaugurazioa

Larramendi Ikastolan duela urte batzuk hasi ginen espazioak egungo Hezkuntza Markora egokitzen. 

Larunbatean, ikastolako DBHko eraikin eraberrituaren inaugurazio ekitaldia egin genuen. DBHko espazioak erakusteaz gain, orain dela urte gutxi eraberritutako HHko espazioak ere bisitatu genituen.

Gonbidatuen artean, ikastola sortu zeneko lehen Kontseilu Errektoretzako lehendakaria Claudio Gonzalez eta Benito Agirre bokala egon ziren.

Eskerrak eman aurkezpen lanetan aritu zen Ander Elordui ikasle ohiari, Amilotxen izenean dantza egin zuten ikastolako ikasle Ekhi Gamboa eta Joane Eguiari, Taket bertso eskolako bertsolari eta ikastolako guraso den Asier Legarretari, kafea eta lunch-a antolatu zuten DBH3ko guraso eta ikasleei eta, nola ez, bertaratu ziren juntakide ohi, ikastolako lankide eta familiei, Ikastolen Elkarteko lankideei eta beste ikastoletako lankideei.