Guraso eskolak martxan!

Azaroan eta abenduan ikasturte honetako lehen formazio zikloa antolatu dugu FID zentroarekin elkarlanean. 0-2 urteko familientzako formazio zikloa izan da, lehenengo haurtzaroarekin zerikusia duten gaien inguruan formatu eta hausnartzeko elkargunea eskainiz.

Ikasturtean zehar familia gehiagori zuzendutako formazio zikloak antolatzea da asmoa.

Guraso ordezkarien bilera

Abenduaren 15ean guraso ordezkarien bilera izan dugu. Ikasturte honetako plan pedagogikoa aurkeztu eta familien asebetetze mailak aztertu ditugu elkarrekin. Ondoren, beraien iritzi, kezka eta proposamenak jaso eta hauen inguruan solasteko aukera izan dugu.

Familien eta ikastolaren arteko komunikazioa arintzeko asmoz, whatsapp taldea sortzea proposatu da.

Unibertsitateen bisitak

Batxilergoko 2.mailako ikasleek hurrengo urtean zein bide hartuko duten erabaki behar dute. Erabakia beraiena izan arren, laguntzeko gauza asko egin ditzakegu. Horren adibide dira, beraien eskaintzaren berri emateko hainbat unibertsitatetik jasotzen ditugun bisitak.

Matrikulazioa 2022/23

2022/23 ikasturteko matrikulazio epea urtarrilaren 17tik 28ra izango da.

Abendua eta urtarrilean zehar, elkarrizketa pertsonalak eskaini eta ate irekien jardunaldiak antolatu ditugu. Aurten, eskola orduetako bisita gidatuak ere eskaintzen ari gara, gure hezkuntza proiektua hobeto ezagutarazteko asmoz.

Euskararen eguna

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Ikastolan baina, osasun egoera dela eta, abenduaren 22an ospatu dugu. Aurten, euskara ardatz hartuta, lagun izkutua antolatu dugu. Gela bakoitzak, egokitu zion beste gela bati egin dio oparia: dantza, jolasa, bertsoa, abestia, marrazkia... euskara eta euskal kulturari erreferentzia eginez.

DBHkoen Gabonetako kontzertua

DBHko lehenengo zikloko ikasleek, gabonetako kontzertua eskaini digute.

Olentzero eta Mari Domingi ikastolan!

Urtero bezala, Olentzero eta Mari Domingi Madalenetik jaitsi dira gure ikasleekin egoteko.