41. Ikastaroa

"IGELAK" Pelikularen estrenaldia, abenduak 2an.



GRAMATIKA

Subjektua eta koma.

Subjektua ez da komaz bereizten predikatutik; bestela esanda, subjektuaren ostean, salbuespenak salbuespen, ez da koma bakarra jartzen:


- Koldok bi liburu ekarri ditu.

- Horrek guztiak gatazka asko konpondu eta gerrak saihestu zituen.

- Sagu emeak kantuan aritzen dira sexu-bikotekidea bilatzeko.


Komaren erabileraren inguruan gehiago jakiteko, hona jo dezakezue.

IRAKURGAIA

—Maite zaitut —esaten zion, garrasika irainduz umiliatzen zuen bakoitzean.

—Maite zaitut —hitzematen zion mahaian eserita, bazkaria hotz zegoenaren aitzakiaz platerak lurrera botatzen zituen bakoitzean.

—Maite zaitut —xuxurlatzen zion damututa, emandako jipoiaren ondorioz lurrean botata uzten zuen bakoitzean.

—Maite zaitut —erregutzen zion barkatzeko etxera mozkortuta iritsi eta bortxatzen zuen bakoitzean.

—Nik ere maite zaitut —erantzun zion emazteak, senarrari sabelean sukaldeko aiztoa sartzeagatik atxilotuta eraman zutenean.