40. IKASTAROA

GRAMATIKA

DENA eta GUZTIA

DENA izenik gabe erabiltzen da.

Umeek DENA sinesten dute. DENOI gustatzen zaigu irabaztea.

GUZTIA izenarekin zein bakarrik erabil daiteke.

Umeek gauza GUZTIAK sinesten dituzte. Umeek GUZTIA sinesten dute.

GUZTIOI gustatzen zaigu irabaztea. Gizaki GUZTIOI gustatzen zaigu irabaztea.

Erakusleekin (hau, hori, hura…) aposizioan erabiltzen da: aurretik erakuslea eta ondoren GUZTI jarriz.

Hau GUZTIA berriro aztertu behar dugu.

Honek GUZTIAK ez du ezertarako balio.

Horrela ere erabiltzen dugu:

HAU guztiAU txarto dago.

HORI guztiORI gezur hutsa da.

PASARTEA

Alaba jaioberriaren izena hautatzea ez zen erraza izan.

Erditzearen unera arte egon ziren aukerak aztertzen, gogokoen zein zuten jakin gabe Oihana, Ainhoa, Nahia… Zein zen beraien alabatxoarentzat izenik egokiena?

Ospitalerako bidearen larritasunean hartu zuten azken erabakia. Ez zizkioten buelta gehiago emango: Oihana. Hori izango zen izena.

Hurrengo egunean, izenik egokiena hautatu izanaren pozarekin abiatu zen aita erregistrora, jaio berri zen izartxoaren izena ematera.

Pozarren sartu zen bulego tristean, eta hango funtzionarioen begirada hilei jaramonik egin gabe irribarrez jarraitu zuen mahai gainean behar ziren paper guztiak utziz.

Minutu batzuk igaro ziren funtzionarioak lehen aldiz hitz egin zion arte.

—Zein izen jarriko diozue haurrari? —galdetu zion ahots monotonoz.

Aitak irribarre zabal batekin erantzun zion bere poza ezkutatu ezinik.

—Oihana —esan zion, alabaren izena hitz magikoa izango balitz bezala ahoskatuz.

Funtzionarioa begi goibelez begira gelditu zitzaion.

—H non darama horrek? —galdetu zion aita zoriontsuari lehor.

Aita pentsakor gelditu zen eta pixkanaka irribarrea aurpegitik desagertzen joan zitzaion.

—Olatz —izan zen bere erantzun tristea.