58. Ikastaroa

Erdal hitzen deklinabidea

Euskaraz tradizio idatzirik ez duten erdal hitz berri batzuk jatorriz idazten diren bezala idazten dira euskaraz ere, grafia aldatu gabe: bungalow, campus, chantilly, collage, curriculum, sandwich, whiski...; Calais, Glasgow, Google, Greenpeace, Shakespeare, Sarah, Sydney...

Horietako batzuek ez dute arazorik sortzen deklinatzeko, garbi baitago hitza, bai grafikoki, bai ahoskerari dagokionez, hala bokalez bukatua denean (harakiri, swahili, geisha, Zimbabwe...), nola kontsonantez bukatua denean (camping, croissant, western, Kiev...). Eta horrela deklinatuta erabiliko ditugu: harakiria egin; judoa daukat gero; karatean jardun/aritu; balleta dantzatu; campingik ez aurkitu ...

Beste erdal hitz askotan, ordea, hitzaren azken letra eta hitz horren fonema (hotsa) ez datoz bat. Halakoetan, zalantza sortzen da: Shakespeare? ala [xekspir]?, François? ala [franzua]?, croissant? ala [kruasan]?...; alegia, zer hartu behar da kontuan nola idazten diren ala nola ahoskatzen diren?

IDAZTEKO letra da oinarria, eta letra hartu behar da kontuan deklinatzeko. Alegia, euskal hitzak balira bezala hautatu behar da deklinabide-atzizkia, kontuan harturik zein den hitzaren azken letra, kontsonantea ala bokala.

(Shakespeare) Shakespeareren/Shakespeare-ren, Shakespearek/Shakespeare-k...

(Calais) Calaisen/Calais-en, Calaisek/Calais-ek...

(Google) Googleren/Google-ren, Googlek/Google-k...

(De Gaulle) De Gaulleren/De Gaulle-ren, De Gaullek/De Gaulle-k...

(Apple) Appleren/Apple-ren, Applek/Apple-k...

AHOSKATZEKO: Komeni da jatorrizkoan duten ahoskera kontuan hartuta ahoskatzea, idatziari itsu-itsuan lotu gabe.

(Shakespeare)[xekspirren], [xekspirrek]...

(Calais) [kaleren], [kalek]...

(Google) [gugelen], [gugelek]...

(Greenpeace) [grinpizen ], [grinpizek]...

MARRATXOAREKIN ALA MARRATXORIK GABE?. Erdal hitzaren eta deklinabide-atzizkiaren arteko marratxoaren erabilera aukerakoa da, estilo-irizpide hutsa, eta Euskaltzaindiak arautu gabekoa, bestalde. Ezin, beraz, zorrotz erabaki kontua. Hitza bera (edo toki edo pertsonaia) oso ezaguna ez denean marratxoaren erabilera argigarria izatea, ongi bereiztuz hitza bera eta deklinabide marka. Beste kasu batzuetan, ordea, astungarri gerta liteke marratxoa. Konbentzio hutsez jokatzen dute, hortaz, estilo-liburuek. Gehienek, erdal hitz ‘berri’aren lehen agerraldian, letra etzanez edo/eta marratxoz bereizten dute hura; gero, jadanik ‘ezagun’tzat harturik, letra etzana edo/eta marratxoa kenduta jarraitzen dute.

Euskara Batuaren Eskuliburua


Mendiak APP


Mendiak APP aplikazioak Euskal Herriko 2.000 gailur nagusien informazioa biltzen du, informazio praktikoarekin; eta aplikazioari esker, euskal mendizaleek euren igoera guztiak markatu eta gordetzeko aukera dute, baita lagunekin partekatzekoa ere. Euskarazko aplikazioen artean arrakasta handiena izan duen aplikazioen artean dago. 2016an argitaratu zenetik, 15.000 deskarga inguru izan ditu. Aplikazioaren bertsio berritua argitaratu dute ekainaren hasieran, mapa berriekin, dominak lortzeko aukerarekin, eta abar. Prest dugu, doan eta euskaraz, Android eta iPhone gailuentzat.

Informazio gehiago CodeSyntaxen webgunean.