HASIERAKO FASEA

SENEGALEN AURKEZPENA

Ikasleei arazo-egoera azalduko diegu, erronka zertan datzan garbi izan dezaten. Izan ere, unitate didaktiko honetatik, ikasleek ideiak hartuko dituzte proposamen artistiko bat prestatzeko eskolako nazioarteko jaialdirako. Gogoratuko diegu haien proposamenek Euskal Herriko eta beste herrialde bateko kulturaren edo musikaren arteko antzekotasunen bat jaso beharko dutela.

Hasierako fase honetan, ikasleei galderak edo proposamenak egiteko aukera emango diegu. Horrela, ikasleak arazo-egoera barneratu dutela ziurtatuko dugu. Ondoren, aukeratutako proposamen artistikoa librea dela argituko diegu, hau da, ikasleek gelan landutakoa molda dezaketela beren erara; adibidez, txirulaz ikasitako kanta batekin, koreografia bat asmatzea.

Azalpenak eginda, ikasleen aurrezagutza ebaluatuko dugu, unitate didaktiko honekin erlazionatutako galderak eginez. Hona hemen adibide batzuk:

    • Ba al dakizue zein kontinentetan dagoen Senegal?
    • Zein dira Senegalgo hizkuntza ofizialak?
    • Senegalek ba al du itsasorik?
    • Ezagutzen al duzue Senegalgo musikariren bat?
    • Ezagutzen al duzue Senegalgo musika-tresnaren bat?
    • Egon al zarete inoiz musika afrikarraren inguruko kontzertu batean?

Hurrengo saioetan erabiliko dugun metodologia eta bete beharreko arauak zehaztuko ditugu. Ikasleei ohartaraziko diegu jarduera guztiak ebaluatuko ditugula, eta ebaluazio horretan jarrera ona izateak duen garrantzia azpimarratuko diegu. Beharrezkoa ikusten badugu, "jarrera ona" izatea zer den edo ikasleengandik zer espero dugun argituko diegu ikasleei.

UDan sortzen diren gorabeherak kudeatzeko, proposamenak eta kexak jasotzeko postontzi bat presta dezakegu.

Lehenengo hausnarketa egin ondoren, Senegalgo musikaren aurkezpena (1. eranskina) arbel digitalean ikusiko dugu. Aurkezpenaren bukaeran dauden galderei erantzungo diegu, ikasleek zer barneratu duten jakiteko.