TAMA-JOKOA

GARAPEN-FASEA

5. JARDUERA: UNITATE DIDAKTIKOAREN EDUKIAK BERRIKUSTEA TAMAREKIN.

Ariketa honen bidez, UDan agertu diren kontzeptuak eta edukiak berrikusiko ditugu. Hasierako fasean egin genuen galdetegia errepika dezakegu, baina kasu honetan joko baten bitartez.

Lehenik eta behin, ikasleei gogoraraziko diegu, Senegalgo Tama musika-tresnari danbor-hizlaria esaten zaiola, mezuak bidaltzeko balio baitu. Guk ere gelako perkusiozko musika-tresnak, erritmoen bidez, elkarri mezuak bidaltzeko erabiliko ditugu.

Ikasleak bi taldetan banatuko ditugu. Ikasgelako izkina banatan kokatuko ditugu bi taldeak; talde bakoitzak hamar erritmo-txartel izango ditu (7. eranskina). Erritmo-txartelen atzealdean, UDarekin erlazionatutako galderak egongo dira. Horrez gain, taldekide bakoitzak perkusiozko musika-tresna bat izango du. Tama jokoan erritmo-txartelak eta bakoitzari dagokion galderak eta erantzunak aurkitu ditzakegu.

Jokoa sinplea da: talde bat hasiko da, erritmo-txartel bat aukeratu (beste taldeak ezin du jakin zer txartel den) eta bertan agertzen den erritmoa denek batera jo. Beste taldeak asmatu beharko du zer erritmo jo den, dagokion txartela hartu eta horren atzealdean dagoen galderari erantzun. Asmatzen badute, puntu bat taldearentzat (ezagunak diren arrazoiengatik, jokoak ez du txapelketa izan behar).