INAUTERIAK

garapen fasea

2. JARDUERA: RIO DE JANEIROKO INAUTERIEN DESFILEA ANTZEZTEA

Atal honetan Rio de Janeiroko inauterietako desfile ospetsua antzezten saiatuko gara, bertan ematen diren musika-adierazpenak praktikan jarriz. Lehenengo ariketa batukada bat sortzea izango da; gelan ditugun perkusiozko musika-tresnak erabil ditzakegu edo birziklatutako materialekin musika-tresna berriak sortu. Bigarren jarduerak sanba dantzaren oinarrizko pausoa ikastea du helburu. Bukatzeko inauteritako maskarak eta apaingarriak sortuko ditugu.

Gure arazo-egoerak ezartzen digun erronkari eutsiz, alegia, Euskal Herriaren eta beste herrialdeen arteko antzekotasunak bilatzea, Brasilgo eta Euskal Herriko inauteriak alderatuko ditugu antzekotasunak eta desberdintasunak bilatuz. Brasilgo inauterien jatorria eta ezaugarriak aurkezpenean (3. eranskina) jasotzen dira.

2.1. BATUKADA TALDEA SORTZEA

Jarduera honetan, Brasilgo batukadaren ezaugarriak ezagutuko ditugu eta batukada-talde bat osatuko dugu hainbat erritmo interpretatuz. Lehendabizi batukadaren jatorria, ezaugarriak eta berariazko musika-tresnak ezagutuko ditugu (aurkezpena 3. eranskina).

Ondoren, batukada-taldea osatuko dugu. Lehenengo pausoa, musika-tresnak antolatzea izango da. Oso zaila denez batukadako berariazko musika-tresnak eskuragarri izatea, material birziklatuak erabiliz antzeko soinua dituzten musika-tresnak sor ditzakegu. Aurkezpenean (3. eranskina) gure batukada taldean erabiliko ditugun musika-tresnak (surdoak, repiniqueak eta caixak) egiteko ideia batzuk jasotzen dira. Caixak eskoletako musika-geletan izaten diren kaxa arruntengatik ordezka daitezke, eta surdoak bonboengatik. Azken finean, musika-gelan ditugun baliabideekin eta sortutako tresnekin antolatu beharko dugu gure batukada-taldea. Partituran proposatzen diren musika-tresnez gain beste batzuk ere gehitu ditzakegu (marakak, güiroak, kanpaiak, etab.) soinu anitzak txertatzeko eta ekoizpena aberasteko.

Batucada Rio de Janeiro partituran (3. eranskina) ikusten den bezala, gure taldeak bost musika-tresna mota izango ditu: caixa bat, repinique bat eta hiru surdo (bakoitza tamaina desberdinekoa). Instrumentu bakoitzeko lau edo bost ale egon daitezke, ikasle kopuruaren arabera.

Irakasleak zuzenduko du taldea, 4/4-ko konpasa ondo markatuz eta zati bakoitzaren sarrera txilibituarekin abisatuz.

Musika-tresnak banatzean, kontuan izan, surdoak funtsezkoak direla batukadan, tempoa markatzen dutelako eta ondorioz gainontzeko musika-tresnek haiei jarraitu behar dietelako. Beraz, tempoa ondo eraman eta mantentzen duten ikasleei banatu beharko dizkiegu surdoak.

Caixaren eta repiniquearen erritmo batzuk nahiko konplexuak direnez banakako lanketa eskatzen dute.

2.2. SANBA DANTZAREN OINARRIZKO ERRITMOA ETA PAUSOAK IKASTEA

Gure Brasilgo inauterietako desfilean ikasle batzuk sanbaren oinarrizko pausoa dantzatuko dute. Beraz, honako jarduerak sanbaren oinarrizko pausoa ikastea du helburu. Horretaz gain, jarduera-osagarria bezala, sanbaren oinarrizko erritmoa panderoarekin jotzen saiatuko gara.

Dantzatzen hasi aurretik, sanba musika-estiloaren ezaugarriak ezagutuko ditugu (3. eranskina). Ondoren, aurkezpeneko tutoretza-bideoa ikusiko dugu, non sanbaren oinarrizko pausoaren oinen eta besoen mugimenduak azaltzen diren. Mantso eginez gero, nahiko erraza suertatzen da sanbaren oinarrizko pausoa, baina abiadura hartu ahala oso konplexua bihur daiteke. Beraz, sanba modu arinean dantzatzeak praktika asko eskatzen du.

Sanba estiloan gehiago sakontzeko, bi jarduera-osagarri egin ditzakegu; bata, sanbaren oinarrizko erritmoa panderoarekin ikastea litzateke, eta bestea, gorputz perkusioarekin. Tutoretza-bideoan azaltzen dira erritmoa panderoarekin ikasteko jarraitu beharreko pausoak. Aurkezpenean gorputz-perkusioarekin erritmoa egiteko jarraibideak ere jasotzen dira.

Dantzarekin gertatzen den bezala, sanbaren erritmoa modu arinean jotzeak erronka handia suposatzen du. Ariketak eskatzen duen kontzentrazioa dela eta, ikasleei banaka entseatzeko aukera eskaini beharko diegu.

Desfilean, sanba-dantzariak gure batukada-taldeak jotzen dituen erritmoak dantzatzen saiatu beharko dira. Dena den, pausoa praktikatzeko edozein sanba lasaia baliagarria litzateke. Aurkezpenean jasotzen dira proposamen batzuk.

2.3. DESFILERAKO MASKARAK SORTZEA

Youtuben, hainbat materialekin inauterietako maskarak nola egin erakusten duten tutoretza-bideo ugari daude. Oro har, maskara horiek egiteko erositako materialak erabiltzen dira, hala nola, lentejuelak, luma artifizialak, purpurina, etab. Hala ere, irizpide ekologikoak direla medio, eskolatik, ahal den neurrian, birziklatutako materialekin eskulanak egitea sustatu beharko genuke. Aurkezpenean (3. eranskina) proposatzen den eredua material birziklatuekin egin daiteke.


BATUCADA RIO DE JANEIRO (1).pdf