KOMUNIKAZIO-FASEA

BIDEO-GRABAKETA


Dakigunez, azken ataza gauzatzeko, ikasleek landu diren abesti edo dantza guztietatik bat aukeratu interpretatu eta grabatu beharko dute jaialdian proiektatuko den bideoklipean txertatzeko. Euskal Herriko kulturarekin edo musikarekin antzekotasunak ere bilatu beharko dituzte.

Lehenik eta behin, unitatean ikasitako koreografiak, abestiak eta musika-tresnekin jotzeko partitura guztiak berrikusiko ditugu talde handian. UD honetan aipatu diren kulturen arteko parekotasunak gogoraraziko dizkiegu.

Ondoren, ikasleak talde txikitan banatuko ditugu (irakasleak aukeratuko du taldekatzea librea izango den ala ez). Talde batek, bere proposamen artistikorako, honako UD honetatik zerbait aukeratzen duenean, irakasleari jakinaraziko dio.

Fase honetan beharrezkoa da ikasleak ondo gidatzea eta talde txikitan entseguak egiteko aukera eta baliabideak eskaintzea.

Grabaketak irakasleok egingo ditugu, taldea prest sentitzen denean, baina betiere denbora mugatuz.

Grabaketak atal hauek izango ditu (12.eranskina):

    1. Taldekideen aurkezpena.
    2. Errumaniaren deskribapen laburra (alderdi geografikoak, kulturalak, musikalak ...).
    3. Aukeratutako abestiaren edo dantzaren deskribapena.
    4. Antzezpena.
    5. Euskal Herriarekin egiten duten konexioa.

Grabaketa guztiak bideo batean bateratzeko bideoak editatzeko edozein aplikazio erabil dezakegu (Windows Movie Maker, Wax, VirtualDub, VideoPad, etab.). Eskolan ditugun baliabideen eta denboraren arabera, ikasleei haien bideoak editatzeko aukera eskainiko diegu, modu horretan, teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak erabiltzen ikasteko.

Horretaz gain, ikasleek Errumaniako kantu bilduma bat egingo dute, ikastetxeko jaialdian bozogorailuetatik entzungo dena. Horretarako, Errumaniako hainbat genero eta musika estilotako bilaketak egin beharko dituzte Interneten, une bakoitzerako egokiak direnak, hau da, musika lasaiak, dantzagarriak, jolasgarriak, etab. Ondoren, abestiak deskargatu eta kanpoko disko gogor batean gorde beharko dituzte.