FUNGA ALAFIA

GARAPEN-FASEA

4. JARDUERA: FUNGA ALAFIA ABESTEA, DANTZATZEA ETA XILOFONOAREKIN JOTZEA

Funga Alafia ongietorria emateko erabiltzen den Afrika mendebaldeko abestia da. Gure erronkari eutsiz, Euskal Herrian ongietorria edo agurra emateko abestirik edo dantzarik ba ote dagoen galdetu dezakegu.

Aurkezpena ikusi (6. eranskina) eta abestia eta koreografia ikasiko ditugu.

Koreografiaren pausuak ikasteko ikusi bideo-tutoriala pantailan.

Dantza ikasi ondoren Funga Alafia txirulaz eta xilofonoz jotzen ikasiko dugu. Ikasgelan ditugun plakazko musika-tresnen arabera antolatuko ditugu taldeak. Ikasle guztiek plakazko instrumentuak jotzea egokiena izan arren, batzuetan ezinezkoa da, eta, ondorioz, moldaketak egin beharko ditugu. Adibidez, taldearen erdiak koreografia egin lezake eta beste erdiak musika-tresnak jo litzake (plakazkoak eta intonazio zehaztugabekoak erritmoa markatuz).

Partituran (6. eranskina) lau plakazko musika-tresna proposatzen dira: xilofono sopranoa, bi xilofono altu eta xilofono baxua.

Hasteko, xilofonoak jotzeko teknika azalduko diegu:

  • Baketa besoaren luzapen bat da.
  • Besoek lasai eta erlaxatuak egon behar dute, tentsiorik gabe.
  • Baketei malgutasunez baina aldi berean tinkotasunez eutsi behar zaie.
  • Baketek errebotatu egin behar dute plaka jotzean (baketa ez da plakan itsatsita geratu behar, bestela plakaren bibrazioa mozten dugu).

Ondoren, eskalako nota guztiak teknika egokia erabiliz joko dituzte, jo ahala noten izenak ozen esanez.

Partitura ikasteko ohiko pausoei jarraituko diegu:

  • Partituraren forma aztertu. Guztira, lau konpas dira: lehenengo biak galdera, eta azkeneko biak erantzuna.
  • Erritmoa markatu, sinkopari erreparatuz.
  • Solfeatu notak, hasieran intonatu gabe eta ondoren intonatuz.
  • Xilofono sopranoek joko dute lehendabizi dagokien pentagrama; ondoren, xilofono altuek eta azkenik, xilofono baxuek.
  • Denek beren zatia menderatuta daukatenean batuko dira instrumentu guztiak.
  • Azkenik, intonazio zehaztugabeko perkusio-instrumentuek erritmoa joko dute.

Bukatzeko, Funga Alafia denok batera interpretatuko dugu, bakoitzak dagokion zatia.

Hurrengo saioetan abesti hau erabil dezakegu, ikasleek elkarri ongietorria emateko bihotzez.


FUNGA ALAFIA GENIALLY.pdf
FUNGA ALAFIA PARTITURA.pdf