CAPOEIRA

garapen-fasea

3. JARDUERA: CAPOEIRA-TALDEA SORTZEA

3.1. CAPOEIRAKO OINARRIZKO MUGIMENDUAK IKASTEA ETA RODA BAT OSATZEA

Capoeira Brasilgo kultur-adierazpen ezagunetakoa da mundu mailan. Jarduera honen helburua, Capoeiraren ezaugarriak ezagutzea (jatorria, esanahia, parte hartzen duten musika-tresnak…) eta dantza-arte martzial horren oinarrizko pausoak ikastea litzateke.

Capoeiraren ezaugarriak aurkezpenean (4. eranskina) jasotzen dira. Gela girotzeko, Vinicius de Moraes eta Toquinhoren, Berimbau abestia entzungo dugu. Capoeira esklabotzaren gaiarekin estuki lotuta dagoenez, aukera ezin hobea aurkezten zaigu gai horri heltzeko, hala nola, gaur egun dauden esklabotza moduei buruz hitz egin genezake.

Horretaz gain, lanerako musikari buruz hitz egin genezake, hau da, lan fisiko eta errepikakorrak egiten dituzten pertsonek, asperdura murrizteko a capella abestutako abesti erritmikoak, blues estiloaren aitzindariak. Brasilera eraman zituzten esklabo afrikarrek, abestiak eta erritmoak inprobisatzen zituzten azukre- eta kotoi-landategietan lan egiten zuten bitartean. Euskal Herrian badugu horrelako adibideren bat ere: txalapartaren jatorriaz teoria asko dauden arren, aditu batzuk txalaparta, sagarra txikitzearen lanarekin lotzen dute.

Alde teorikoa albo batera utziz, Capoeiraren oinarrizko pausoak ikasiko ditugu. Gure helburua, beti bezala, teoria praktikarekin lotzea da, kontzeptuak zentzumenen bitartez asimilatzeko.

Dantza-arte martzial horretan ehundaka pauso daude: defentsarako, erasotzeko, akrobazien bitartez aurkariak distraitzeko, etab. eta urtetako prestakuntza beharko litzateke capoeira ikasteko. Gure kasuan, lau pauso ikasiko ditugu, dantza-capoeiraren ikuspegi orokorra emango digutenak:

- Ginga (oinarrizko jarrera).

- Alboko eskiva (defentsarako jarrera).

- Meia lua (ostiko erdizirkularra).

- Au (akrobazia).

Oinarrizko pausoak barneratuak ditugunean, roda osatuko dugu. Beroketa ariketak eta luzamenduak egin ondoren ikasleak biribilean jarriko dira eta O que é Berimbau, Capoeirako kantaren leloak abestuko dituzte erritmoa txaloekin markatuz. Aurkezpenean (4. eranskina) jasotzen dira abestiaren hitzak.

3.2. BERIMBAU MUSIKA-TRESNA EGITEA

Jarduera-osagarri bezala, berimbau, Capoeirako musika-tresna nagusia eraiki genezake, gure rodari itxura egiazkoagoa emateko. Dena den, benetako berimbau bat sortzea oso zaila izango litzateke, materialak lortzeko zailtasuna (kalabaza lehorra...) eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren tresnen arriskua medio. Beraz, nahi izanez gero, aurkezpenean (4. eranskina) proposatzen den itxurazko berimbau bat sortu dezakegu.

3.3. SACI PERERÉ BRASILGO IPUINAREKIN ERLAXATZEA

Aurreko ariketak egin ondoren, seguruenik, umeak oso aztoratuak egongo dira; beraz, ariketa honen helburua umeak lasaitzea izango da. Ikasleak lurrean etzango dira buruz gora eta begiak itxita. Ondoren, Saci Pereré Brasilgo kondaira (4.eranskina) kontatuko diegu.