HASIERAKO FASEA

Ikasleei arazo-egoera azalduko diegu, erronka zertan datzan garbi izan dezaten; izan ere, ikasleek, unitate didaktiko honetatik, ideiak hartuko dituzte proposamen artistiko bat aurkezteko eskolako nazioarteko jaialdian. Gogoratuko diegu haien proposamenek Euskal Herriko eta beste herrialde bateko kulturaren edo musikaren arteko antzekotasunen bat jaso beharko dutela.

Hasierako fase honetan, ikasleei galderak edo proposamenak egiteko aukera emango diegu; horrela, ikasleek arazo-egoeran planteatzen dena barneratu dutela ziurtatuko dugu. Ondoren, aukeratutako proposamen artistikoa librea dela argituko diegu, hau da, ikasleek gelan landutakoa molda dezaketela beren erara; adibidez, txirulaz ikasitako kanta batekin, koreografia bat asmatzea.

Azalpenak eginda, ikasleen aurrezagutza ebaluatuko dugu, unitate didaktiko honekin erlazionatutako galderak eginez. Hona hemen adibide batzuk:

    • Ba al dakizue zein kontinentetan dagoen Errumania?
    • Zein dira Errumaniako hizkuntza ofizialak?
    • Errumaniak ba al du itsasorik?
    • Ezagutzen al duzue Errumaniako musikariren bat?
    • Ezagutzen al duzue Errumaniako musika-tresnarik?
    • Egon al zarete inoiz musika balkanikoaren inguruko kontzertu batean?

Hurrengo saioetan erabiliko dugun metodologia eta bete beharreko arauak zehaztuko ditugu. Ikasleei ohartaraziko diegu jarduera guztiak ebaluatuko ditugula, eta ebaluazio horretan jarrera ona izateak duen garrantzia azpimarratuko. Beharrezkoa ikusten badugu, "jarrera ona" izatea zer den edo ikasleengandik zer espero dugun argituko diegu ikasleei.

UDan sortzen diren gorabeherak kudeatzeko, proposamenak eta kexak jasotzeko postontzi bat presta dezakegu.

Lehenengo hausnarketa egin ondoren, Errumaniako musikaren aurkezpena (1.eranskina) arbel digitalean ikusiko dugu. Aurkezpenaren bukaeran dauden galderei erantzungo diegu, ikasleek zer barneratu duten jakiteko.