CIULEANDRA

GARAPEN-FASEA

2. JARDUERA: CIULEANDRA ABESTIA DANTZATZEA, TXIRULAZ JOTZEA ETA SEHASKA-KANTAZ ERLAXATZEA.

Honako jarduerak hiru atal ditu:

2.1. CIULEANDRA TXIRULAZ JOTZEA

Abestia txirulaz (partitura 3. eranskina) jotzen ikasiko dugu ondorengo pauso hauei jarraituz:

    1. Aztertu partituraren forma. Abestiak bi zati edo esaldi (A eta B) ditu. Zati bakoitzak galdera-erantzun egitura dauka.
    2. Landu banaka erritmo-eskema konplexuak. Bereziki, beltza punttuarekin eta kortxea eta kortxea punttuarekin eta kortxeaerdia.
    3. Markatu erritmoa.
    4. Solfeatu notak, hasieran intonatu gabe eta ondoren intonatuz.
    5. Txirulaz jo agertzen diren notak banaka, posizioak finkatzeko. Banaka landu zailtasuna duten notak (goiko mi eta goiko sol).
    6. Jo zatika (galdera lehendabizi eta erantzuna ondoren).
    7. Jo notekin, osorik.

Aukeran, gure trebezia noraino iristen den jakiteko, doinua gero eta azkarrago jo dezakegu. Ariketa aproposa izan daiteke metronomoaren erabileraz jabetzeko.

2.2. CIULEANDRA DANTZA IKASTEA

Dantza egiten hasi aurretik, Ciuleandra dantzari buruz mintzatuko gara. Horak zer diren gogoratuko dugu, eta gure arazo-egoerak ezartzen digun erronkari eutsiz, alegia, Euskal Herria eta beste herrialdeen arteko antzekotasunak bilatzea, Euskal Herrian biribilean dantzatzen diren dantzen aipamena egingo dugu. Zer zentzu ematen dioten biribilari eta modu horretan dantzatzeari, galdetu diezaiekegu ikasleei. Ondoren, Ciuleandra dantzaren jatorria, esanahia, eta Maria Tanaseri buruzko biografia ezagutuko ditugu (Ciuleandrako aurkezpena, 3. eranskina).

Orain pantailaren aurrean jarrita Ciuleandra dantzaren pausoak ikasiko ditugu (dantzaren pausoak eta bideo-grabazioa aurkezpenean bertan agertzen dira). Hasiera batean, pausoak menderatu arte hobe da ikasleak banaka kokatzea. Behin pausoak ikasita, biribilean dantzatzen hasi gaitezke.

2.3. SEHASKA KANTA BATEKIN ERLAXATZEA

Aurreko ariketak egin ondoren, seguruenik, umeak oso aztoratuak egongo dira; beraz, ariketa honen helburua umeak lasaitzea da. Monica Ciutak abesten duen Errumaniako hai Luluţu, dormi un picu' sehaska-kanta (4. eranskina) entzuten dugun bitartean erlaxatuko gara.

Ariketa hasi aurretik, abestiaren hitzak eta esanahia azaldu eta Euskal Herriko sehaska-kanta batzuk ekarriko ditugu gogora. Sehaska-kanten doinu melankolikoari buruz mintzatuko gara. Izan ere, Lo hadi aingürüa euskal sehaska kanta sentikorraren antza du hai Luluţu, dormi un picu' Errumaniako aintzinako sehaska kantak.

Ikasleak lurrean etzango dira buruz gora eta begiak itxita Errumaniako sehaska-kanta entzuten duten bitartean. Haur txikiak direla irudikatuko dute doinuaz goxatuz.

CIULEANDRA (1).pdf