OROKORTZE- ETA TRANSFERENTZIA-FASEA

Unitate didaktiko hauetan, herrialde batzuetako adierazpen artistiko eta kultural batzuk ikasi ditugu. Orain zerbait gehiago dakigu landu ditugun herrialdeei buruz (haien geografia, jaiak, tresnak, dantzak, kantuak, kondairak...). Era berean, konturatu gara antzeko ezaugarri asko daudela hainbat herrialdetako musika-adierazpenen artean, Euskal Herria barne. Azken finean, herrialde gisa batzen gaituzten alderdietan jarri dugu arreta, eta ez bereizten gaituztenetan.

Gure ikastetxean, beste herrialde batzuetatik etorritako ikasleak eta familiak hartzeko protokolo bat jarri da martxan. Protokolo horretan, familiei ongietorria emateko ikuskizun artistiko bat txertatzea erabaki da.

Oraingoz, familia gehienak Marokotik, Pakistandik, Txinatik eta Boliviatik datozela egiaztatu dugu. Beraz, aipatutako herrialdeekin lotutako adierazpen artistiko (dantza, abestia, instrumentu-taldea…) bat prestatzea proposatuko dugu, orain arte erabili dugun formatu berarekin, hau da, honako pausoei jarraituz:

  1. Herrialdearen deskribapen laburra (alderdi geografikoak, kulturalak, musikalak...).
  2. Aukeratutako abesti edo dantzaren deskribapena.
  3. Antzezpena.
  4. Euskal Herriarekin egiten duten konexioa.

Aipatutako protokoloak ere, eskolako jaialdi guztietan, euskal musikaz gain, beste herrialde batzuetako abesti tradizionalak bozgorailuetatik erreproduzitzea aurreikusten du. Beraz, gure beste eginkizun bat, abesti tradizional horien bilduma egitea izango litzateke.