Lehenengo eta behin, eta proiektu hau ulertu ahal izateko, rol-jokoak zer diren jakin behar dugu. Hona hemen azalpen labur bat:
Rol-jokoak jarduera ludikoak dira, eta bertan parte hartzen duten jokalariek bukaera ezezaguna daukan istorio bat antzezten dute. Rol-jokoan, partaide bakoitza pertsonaia baten bizipenetan murgiltzen da, eta jokoa zuzentzen duen pertsonaia ere bada. Hasierako trama oinarritzat hartuta, pertsonaia guztiek jokoaren zuzendariak proposatzen duen istorioari itxura ematen diote.
Hori guztia garatzeko, hauek behar ditugu:
- gogoa
- sormena
- arkatza eta papera
- dadoak
(Honelako dadoak behar dituzu. Oso erraz eros ditzakezu Interneten edo joko-denda batean.)
Denok amestu dugu inoiz film baten protagonistak garela; halakoetan, honelako gogoetak izaten ditugu: «Egoera horretan, ni pertsonaia hori banintz, zera egingo nuke: ...». Horretan datza rol-jokoa; baina, filmarekin alderatuta, oso alde garrantzitsu eta berezia dauka: gidoia ez dago aldez aurretik idatzita; izan ere, taldekide guztion artean erabakitakoaren arabera sortuko da istorioa, dadoek agindutakoa kontuan izanda, noski! Hortaz, zuen erabakiaz gain, ausazkotasunak ere bideratuko ditu zuen abenturak; horretarako, dadoen emaitzak interpretatu egin beharko dituzue.
Rol-jokoak zer diren jakiteko, oso interesgarria izan daiteke gelan brainstorming bat egitea. Badaude halakoak online egiteko erreminta onak: Bubbl.us, freemind.sourceforge.net eta Evernote.com, besteak beste.
Guk, esaterako, Google Draw erabili dugu eredu hau sortzeko: