Gure rol-jokoa Jaun Zuriari buruzkoa izango da. Jaun Zuria Bizkaiko lehen jauna izan omen zen, eta, historian zehar, ospetsua izan da Bizkaiko eskubideak borrokatuz defendatu zituelako IX. mendean. Ezinezkoa da jakitea pertsonaia legendarioa edo historikoa den, ez baitago frogatuta hura existitu zenik.
1. Kondaira
Lehen aldiz, Conde Barcelosek (1288-1346) aipatu zuen Livro das Linhagens liburuan. Idazle horrek, XIII. mendeko Bizkaiko jaun Juan Nuñez Larakoaren eta Maria Harokoaren leinu zaharra izan zela frogatzeko, kondairaren bertsio bat idatzi zuen. Elezahar horren arabera, IX. mendean, Moniño konde asturiarrak Bizkaiko jendea menderatuta zeukan, eta bizilagunek aurre egin zioten, egoera itogarria zelako. Urte horretan, Bizkaiko kostaldera Ingalaterrako erregearen anaia heldu zen, eta bizkaitarrek beren buruzagi bihurtzeko aukera eman zioten Moniño kondearen aurka borrokatzearen truke. Bataila Paduran izan zen; baina, harrezkero, gudan isuritako odolaren ondorioz, Arrigorriaga izena ipini zioten tokiari.
2. Kondaira
Lope García de Salazarrek bere Crónica de Siete Casas de Vizcaya y Castilla liburuan (1454) Jaun Zuriari buruzko beste kondaira hau idatzi zuen: «IX. mendean, Eskoziako erregearen alaba heldu zen Mundakara, eta bertan geratu zen bizitzen. Ilunabarrean, lo zegoelarik, Sugaar deabruak haurdun utzi zuen. Jaio zen umeari Zuria izena jarri zioten, zurbila eta ilehoria zelako. Zuriak, 888. urtean, Arrigorriagan gudara eraman zituen bizkaitarrak Leoneko erregearen kontra. Guda irabazi zuten bizkaitarrek, eta Zuria jaun izendatu zuten. Leoneko armada erabat suntsituta geratu zen, eta ihes egin zutenen atzetik joan ziren bizkaitarrak gaurko Arabako Aiara haranean dagoen Luyandoko Malato zuhaitzeraino». XVIII. mendearen hasieran, zuhaitz berri bat landatu zuten lehengoaren tokian, eta guda haren omenezko oroitarria ipini. Juan Gorostiagak 1952. urtean idatzitako Bizkaiko Antzinako Epika eta Lirika liburuan jaso zituen kondairari dagozkion Erdi Aroko bertso anonimoak:
Odoldurik heldu guiñan
mallatu arbola onetara
eta urren datozenak bere
alan ikusiko gaitubela
Jon Bilbao idazleak Los vikingos en Euskal Herria liburuan (1982) azaldutakoaren arabera, Mundakara Lemor MacMorma irlandarra heldu zen erbesteratura, ehizan zebilelarik bere aita, erregea, istripuz hil zuelakoan kanporatu eta gero. Irlandako bikingo horrek Busturialdean finkatu zuen etxebizitza, eta, geroztik, Jaun Zuria izenez izan zen ezaguna.
888. urteko gatazka horretan, Leoneko errege Alfonso III.aren anaiak, Ordoño infanteak, bizia galdu zuen. Harrezkeroztik, haren gorpua Arrigorriagako Santa María Magdalena elizan dago lurperatuta. Eliza horren lehen aztarnak IX. mendekoak dira, baina ez dira gaur egun arte kontserbatu. Hala eta guztiz ere, Abrisketa auzoan dagoen baselizan erromatarren konkista aurreko harrizko apaingarriak ikus daitezke.
Gure rol-jokorako, bigarren kondaira hartuko dugu oinarri, lanak kutsu magikoa izatea nahi dugulako. Azken finean, Jon Juaristik adierazi zuen bezala, «Jaun Zuriaren kondaira fikziozko genealogien, folklore-ohituren eta Erdi Aroko literatura europarrean hedatuta zeuden gaien sintesia da; alegia, hala aitortu ez arren, agian betidanik izan dena: literatura».