Zer ez luke egingo ama batek bere semea babesteko? Nora eramaten gaitu patuaren indarrak? Borrokatu gaitezke etorkizunak prestatu digunaren kontra? Egin behar genuke halakorik? Josu, 10 urte izanda, oraindik gazteegia da bere buruari galdera horiek egiteko; baina, laster, galderei ez ezik, beste kontu batzuei ere egin beharko die aurre. Badirudi Josuk gure inguruan gertatzen denarekin ez daukala inolako loturarik, ez bere familiaren jatorriarekin, ez umezurtz-etxean betetzen dugun lanarekin, ez eta munduan dauden arriskuekin ere. Baina kontu horiengatik guztiengatik gaude gu hemen. Aitonak, nire aitak, ezin du gehiago itxaron, denbora agortzen ari zaio. Nik ezin dut nire burutik kendu Josu nire sabelean zela ospitale honetara etorri behar izan nuenekoa, nire senarra agurtzeko, gaur nire aita agurtuko dudan moduan. Hilzorian dagoen eta hain maitea duzun pertsona agurtzea oso gogorra da, baina are gogorragoa da ezin esatea zergatik hil den, betiko bizi behar izatea sekretu horrekin, zeure gain hartu behar izatea etorkizunak egitasmo hori zeukala prestaturik zure familiarentzat; alegia, ongia berrezartzeko borrokatu behar duzula.
Heldu gara: 127. logela. Leiho-saretak erdi jaitsita daude, eta kanpoko itzalek gela barruko ormetan dantzatzen dute barruan gertatzen ari dena kontuan izan gabe. Josuk, oraindik ere herabeki, ohera hurbildu, eta aitonari eskua laztandu dio astiro. Gizonak apurka-apurka ireki ditu begiak.
—Kaixo, laztana! Heldu zarete. Pozten naiz. Ea, Josu, emadazu musu bat. Klara, nola egin duzue honainoko bidaia? Arazorik izan al duzue?
—Ez, ez dugu arazorik izan. Ondo egin dugu bidaia, zaude lasai. Badirudi oraingoz egoera bare dagoela.
Josuk arduratsu begiratu nau; ez du ulertzen zer-nolako arriskuak egon daitezkeen ospitalerainoko ordu erdiko auto-bidaia batean. Aitona da berarentzat garrantzitsuena.
—Aitona Bittor, gaur nola egin duzu lo ? Neke-aurpegia daukazu…
—Ondo, Josu. Gutxi egin dut lo, baina hori normala da nire adineko agureetan; loezina izaten dugu eta, lo gutxiago egiten dugu.
Memento horretan ohartu naiz Josu leiho ondoan kokatuta dagoen aulkiari begira dagoela. Ez dakit asmatu duen aulki hori kalean gertatzen dena ikusteko espresuki kokatuta dagoela hor: ikusteko, bai, baina ikusia izan gabe.
—Nola doakizu Azken Argiko lagunekin, maitea?
—Ondo, aitona! Denok familia handi bat osatzen dugu, edo gutxienez hori esaten du amak.
—Pozten nau hori entzuteak, Josu. Badakizu umezurtz-etxea gure familiarena izan dela nik neuk 1971. urtean sortu nuenetik. Gero, zahartu nintzenetik, zure amak zuzendu du, eta zure aitak ere zuzendu zuen, zu jaio baino hilabete batzuk lehenago izandako sute hura gertatu zen arte. Etorkizunean, Josu, zuk zeuk zuzenduko duzu. Klara, nola moldatzen zara bakarrik? Orain, ez baitut ezertarako balio.
—Neska-mutilak beti dauzkat prest laguntzeko. Baina, aita, ez esan horrelakorik, oraindik asko egin dezakezu eta.
—Klara, errealitatea onartu egin behar duzu. Josu, hurbildu zaitez, utzidazu zure aurpegia ikusten. Nire antza daukazu; handia, gainera: begi urdinak, ilehoria, zurbil samarra… Gizonduko zara, ez kezkatu, ikusiko duzu… Baina, ahalik eta lasterren, hemendik alde egin behar duzue. Klara, zain ezazu semea, bera da etorkizuna.
—Baina, aitona, zer diozu? Heldu berriak gara!
—Klara, utz gaitzazu bakarrik, mesedez.
—Aita, ez da une egokia, oso ahul zaude; har itzazu egun batzuk indarrak batzeko eta…
—Klara…
—Bihar ere etor gaitezke…
—Klara… ez.
—Ez zaigu ezer gertatuko!
—Klara, mesedez.
—Aita…
—Klara, utz gaitzazu bakarrik, arren.
Logelatik irten naiz, nire aita agurtuko dudan azken aldia hori izango dela onartuta. Ez dakit Josuren burutik zer-nolako gogoetak pasatzen ari diren, baina begiradarekin lasaitzeko aukera baino ez daukat atea itxi baino lehen.
—Josu, laster zure bizitzan aldaketa garrantzitsu bat gertatuko da. Oraindik ez didazu ulertzen, baina lehenago edo geroago ulertuko duzu. Ni desagertzen naizenean…
—Aitona, ez esan horrelakorik!
—Josu, nik mundu hau utzitakoan, zure ama eta umezurtz-etxeko lagun guztiak babestu beharko dituzu. Oraindik gaztea zara, baina urte batzuk barru zure betebeharra egin ahal izateko trebatu behar duzu.
—Babestu? Trebatu? Baina zertaz ari zara?
—Ez dago hori azaltzeko denborarik. Har ezazu liburu hau, bertan gure familiaren historia dago idatzita, eta, irakurtzen duzun heinean, nor zaren eta nor izatera heldu behar duzun jakingo duzu.
—Baina ez dut ezer ulertzen!
—Josu, gogoratu hitz hauek: ausardia bihotzak neurtzen du, eta ez indarrak.
—Baina…
—Eta, orain, zoaz , tira. Heldu iezaiozu zure amari eskutik, eta bueltatu zaitezte Azken Argira neska-mutil guztiekin.
—Baina…
Atea lotsaz ireki du Josuk, liburua eskuartean daukalarik. Nik ere haren adinean irakurri nuen liburua. Jadanik ez dago itzulbiderik.
JAUN ZURIAREN ZAINTZAILEAK. KRONIKAK
HITZAURREA
Nik, Bittor Zurieneak, oroitzapen hauen egileak, nire familiaren jatorriaren historia kontatzen dut, ongiaren zaindarien zikloarekin jarraitzeko asmoz. Liburu hau irakurtzen ari bazara, heldu da mundu honetan zure ondarea zein den jakiteko unea. Baina irakurtzen jarraitu baino lehen, hitzeman behar duzu bai liburu honen existentzia bai barnean adierazten dena inoiz norbaiti ezagutaraziko diozun sekretua dela. Zure familiari buruz jakitear zaudena jakin eta onartu nahi ez baduzu, hobe duzu liburu hau ixtea eta seguru egongo den leku batean ezkutatzea. Inoiz liburua komeni ez den pertsona batek atzeman dezakeela uste baduzu, ken ezazu begi-bistatik, erre ezazu, edo desagerrarazi. Bihotzak esango dizu noiz egin hori, eta, nahiz eta gogorra izan, ez egon zalantzan, ez utzi liburua txarto erabiltzen, ondorioek kontzientzia pozoituko lizukete eta.
Hemen hasten da nire historia, zure historia; finean, gure historia. Hau duzu benetako jatorria:
LEHENENGO ATALA. 1951ko urriaren 25a
Bigarren Mundu Gerrak Europa suntsitu zuen, eta bazirudien gu, Gerra Zibila pasata, inoiz ez ginela leheneratuko. Gerora, giroa asko aldatu zaigu; baina, oraindik ere, Bilbon eta inguruko herrietan amets galduen giroa daukagu. Ni jadanik gizondu naiz, 15 urte ditut, eta nire adineko mutilak mundu bidezkoago bat lortzeko borrokatzen ari dira. Nire «guda», ordea, beste bat da; oraingoz, nire lagun Xanti eta biok baino ez dugu ezagutzen hori. Guztia duela 3 urte hasi zen.
Orduan, nire herriko mutilentzako ikastetxera joaten nintzen. Han, Matematika, Naturaren Zientziak, Literatura eta Historia ikasten genituen, besteak beste. Ni ez nintzen ikasle bikaina, inondik ere; aitzitik, ikasle txarra nintzen. Erraz murgiltzen nintzen ametsetako mundu magikoan, batez ere on Ramirok azalpen aspergarri haiek ematen zituenean. On Ramiro gizon beldurgarria eta serioa zen, eta, ikasmahaian, nintzen baino txikiagoa sentiarazten ninduen, ikaskideen aurrean behin eta berriro barregarri uzten ninduen eta. Gizon hark, ezagutzen ez nuen arrazoiren batengatik, gorrotatu egiten ninduen. Egiten nituen mugimendu guztiak kontrolatzen zituen, eta ibilaldi onirikoetan burutik pasatzen zitzaizkidan irudiei lotutako komentarioak egiteko gaitasun bitxia zeukan. Hori gertatzen zenean, ikasgelan denek egiten zuten barre, nire izualdia bikoitza zelako: alde batetik, ustekabean bueltatzen nintzen errealitatera; bestetik, nire buruari galdetzen nion nola izan zitekeen gizon hura gauza horrelako gauzak egiteko. Akaso, ez zen hain arraroa. Izan ere, nire amak beti esaten zidan ozen hitz egiten nuela gauetan, eta ez zen bitxia izango ikasgelan ere tontakeriaren bat ozen esatea irudimena hegan hasten zitzaidan bakoitzean. Horregatik, eta aitortuko ez ditudan beste hainbat gauzagatik, etiketatxoa ipini zidaten ikastetxean: «arraroa».
Jolastorduetan, ikaskide batekin batzen nintzen, Xantirekin, hain zuzen. Ez zen azkarra, baina ondo pasatzen genuen elkarrekin, komikiak irakurtzen eta kromoen bildumak egiten.
Udaberriko egun batean, ikastetxeko zuzendariak esan zigun biharamunean Historiako gaia irakastera beste irakasle bat etorriko zitzaigula. Nik, gutxienez, on Ramiro bezalako beste munstro bat ez etortzea espero nuen. Gainera, egun hartan berandu heldu nintzen eskolara. Kalezulo batean katu bat nazkatuta zeukaten ume batzuk —ni baino nagusiagoak ziren— gerturatu zitzaizkidan; hamaiketakoa lapurtu, eta Xantiri erakutsi nahi nizkion kromo berriak apurtu zizkidaten. Eskolara negartsu eta dardaratsu heldu nintzen. Horretaz gain, on Ramiroren erretolika entzun behar izango nuen... Hatz-koxkorrekin lotsaz jo nuen atean, eta, nire aurpegian oihu bat jasotzeko prestaturik nengoela, atea ireki, eta zer esan ez nekiela geratu nintzen. Irakasle hura ederra zen, benetan: andereño adats luze ilehoriduna zen, eta irribarre polita zuen. Nire ikasmahaira lagundu, eta bere burua aurkeztu zidan: «Edurne andereñoa naiz». Eta hor bukatu zen dena: ez nuen jaso, ez oihurik, ez errietarik.
Edurne andereñoaren klaseetan historia maitatzen ikasi nuen. Dibertigarriagoa zen dena, eta, harrezkero, ez genituen data eta izen-zerrenda bukaezinak buruz ikasi behar izaten. Ikasgaikoak nik amesten nituen istorioen antza zeukan.
Egun batean, gure herriaren izenaren jatorria azaldu zigun; horretarako, Jaun Zuria Bizkaiko Lehen Jaunaren istorioa baliatu zuen:
«IX. mendean, erbesteratutako Eskoziako printzesa bat heldu zen Mundakako kostaldera. Jendeak harrera ona egin zion, eta emakumea han geratu zen bizitzen. Ilunabarrean, lo zegoelarik, Sugaar deabruak haurdun utzi zuen. Handik 9 hilabetera, begi urdinak eta ile horia zituen ume bat jaio zen. Zuria izena ipini zioten. Apurka-apurka umea hazi egin zen, eta, onbera zelako, estimu handitan zeukan jendeak.
Garai hartan, Leoneko erregea bizkaitarrei zergak igotzen hasi zen. Egoera jasanezina zenez, bizkaitarrek aurre egitea erabaki zuten. Zuriari beren buruzagia izateko eskatu zioten, errege-odola zeukalako. Paduran izan zen guda, Bilbotik hurbil, eta, hain odoltsua izan zenez, tokiari Arrigorriaga izena ipini zioten. Bizirik atera ziren etsaiei Luyandoko haitzetan dagoen Malato zuhaitzeraino jarraitu zieten bizkaitarrek, han baitzegoen Bizkaiko muga. Borroka hartan, Leoneko erregearen anaia Ordoño kondea hil zuten, eta haren hilobia Arrigorriagako elizan kokatu. Sancho Astegis Durangoko Jauna ere bertan hil zen, eta haren alabarekin ezkondu zen gero Jaun Zuria».
Hurrengo egunean, ez zirudien Edurne andereñoa nirekin haserre zegoenik; aitzitik, irribarre egin zidan arratsalde horretan bertan, talde osoa Arrigorriagako Santa Maria Magdalena eliza bisitatzera joango ginela esan zigunean. Bazirudien egun horietan ezerk ez zeukala zentzurik. Lehen aldiz joango ginen txangoan, on Ramirok ez baikintuen inoiz ikastetxetik atera. Egoera ezohikoa, hortaz. Baina are arraroagoa iruditu zitzaigun beste hau: on Ramirok gogotsu aurkeztu zuen bere burua gurekin joateko.
On Ramirok eta andereño Edurnek ez zuten harreman onik; ni oso pozik nengoen, ordea, zeren Edurne on Ramiroren sumindurak eztanda egiten zuen unetan agertzen baitzen. Behin, nire «aingeru begiraleari» mitologiari buruzko lan bat entregatzera nindoala, eztabaida bizian ari zirela entzun nituen. Bulegoaren atea erdi irekita zegoen, eta han, mugan, geratu nintzen, eskua altxaturik, sartzeko baimena eskatu nahirik. Ez nekien zer egin: atean jo, edo buelta eman. Baina nik lana entregatu nahi nuen. Egia esan, Edurne ikastetxera heldu zenetik, hobeto nenbilen ikasketetan; baina, edonola ere, laminei buruzko idazlan hark lana eman zidan. Bulegora sartuko nintzela erabaki nuenean, nire izena entzun nuen. Ezustean, lurrera jausi zitzaizkidan koadernoa eta laminei buruzko lana. Egurrezko estutxeak, nire eskuetatik jauzi egin, eta atea jo zuen. Kolpearen ondorioz atea irekita ikusi nuenean —hiru segundo ez ziren igaroko—, korrikan hasi nintzen, eta hantxe bertan utzi nituen material guztiak. Benetan gertatzen ari al zen? Neu al nintzen eztabaidaren gaia?
Eliz atarian, on hutsa zirudien apaiz bat zegoen gure zain. Elizari buruzko zenbait datu eman zizkigun, baina niri egurrezko atearen ondoan kokatuta zegoen hilobiak eman zidan atentzioa. Edurne andereñoak kontatutakoa egia bazen, hilobi hark Ordoño kondearena izan behar zuen. Apaizak barrura sartzera gonbidatu gintuen, eliza bisitatzen jarraitzeko. On Ramiro gurekin sartu zen; Edurnek, ordea, barruan hotz egingo zuela esan, eta kanpoan geratzea erabaki zuen. Apaizak santuen irudiak erakusten zizkigun bitartean, ikaskide batek zangotrabaz lurrera bota ninduen; egurrezko bankuen kontra talka egin, eta egundoko zarata atera nuen. Mutil gehienek barre egin zuten, baina on Ramirok, bere senetik aterata, kalera bota ninduen, nahiz eta apaizak ez kezkatzeko esan zion. On Ramiro nirekin atera zen eliz atarira, eta lurrean esertzeko esan zidan; baina ni, urduritasunaren ondorioz edo, txizalarri nintzen, eta metro batzuk aldendu nintzen maskuria husteko.
Handik bost minutura bueltatu nintzen. Bazirudien ikaskideek eliz barruan jarraitzen zutela. Baina han ez zegoen, ez Edurneren, ez Ramiroren arrastorik. Eraikinaren inguruan ibili nintzen, beldurturik, bisitaldia bukatu zela eta denek handik alde egin zutela pentsatzen. Baina ikusi nuena imajina nezakeena baino txarragoa izan zen. On Ramiro han zebilen, zerbaiten bila, inguruak arakatzen. Nire bila ote zebilen? Ez nuen hainbeste denbora eman txiza egiten! Errieta entzuteko prest nengoen; baina, bat-batean, on Ramiro itzuli egin zen, eta, betaurreko biribil haien atzetik, sugegorriarenak ziruditen begi distiratsuak agertu ziren. Sekulako ezustekoa izan zuen, eta atzerantz egin nuen salto; hartan, Ordoño kondearen hilobiarekin behaztopa egin, eta 1.000 urte inguruko hilobi ezegonkorra lurrera bota nuen. Lurrean Erdi Aroko gudari baten kaskoa eta zenbait hezurtxo sakabanatu ziren; alabaina, haien artean atentzioa eman zidan objektu dirdiratsu bat bazegoen. Barne bulkada batek objektu hura hartzera bultzatu ninduen: urrezko orrazi bat zen. Zer egiten zuen han, gudari baten hilobian, urrezko orrazi batek? Hura hartzeko keinua egin nuen; baina, ustekabean, izaki ero bat etorri zitzaidan gainera. On Ramiro zen. Berak ere orrazia hartu nahi zuen. Une horretan, Edurne andereñoa agertu zen, nire «aingeru begiralea». «Ez hurbildu!» egin zion oihu on Ramirok; baina Edurne, hitzik esan gabe, gure artean sartu zen, bizkor eta indartsu, ni defendatzeko asmoz. Andereñoak, on Ramiro jakatik oratu, eta airean altxatu zuen. Haren eskuek argi berezia zeukaten, on Ramiroren gorputzetik suge-itxurako laino bat atera zen. Hura sinestezina zen! Bat-batean, on Ramiro eta Edurne lurrera erori ziren, eta laino hura, odola izozteko moduko barre-algara bat niri zuzendu ondoren, desagertu egin zen.
Ni zutitu orduko, Edurnek hilobia lehengo tokian kokatu zuen, ilea eta arropak atondu zituen, eta on Ramiro altxatu zuen lurretik. Gizona zeharo aldatuta zegoen; haren aurpegia erlaxatuta zegoen, eta harrituta begiratzen gintuen, gertatutakoa gogoratuko ez balu bezala. Edurneri nekea nabari zitzaion, aingeru-aurpegia zurrun zeukan, eta haren ile horia, lehenago distiratsu izandakoa, zimel eta ilun ageri zen. Begiratu egin ninduen, eta, keinu batez, lurretik urrezko orrazia hartzeko adierazi zidan.
Une horretan, apaizak elizako ateak ireki zituen. Segidan, kanpoan dena ondo zegoen galdetu zigun. Barneko indar batek orrazia arropen artean ezkutatzeko esan zidan, eta, huraxe egitera nindoala, objektua ukitu bezain laster, begi urdinak, ile horia eta aurpegi zurbila zuen gudariaren irudia gogoratu nuen. Egia esan, ez zen berriro amesten hasteko unerik egokiena. Irudi hura, baina, nire ametsak baino askoz ere garbiagoa zen. Gudariak, hilobiaz harandiko ahotsarekin nire izena esan, eta bere burua aurkeztu zuen: «Jaun Zuria naiz, Bizkaiko Lehen Jauna, eta zure familiako arbasoa». Hemen idatzita uzten dut harekin izan nuen elkarrizketa:
«—Bittor, zu oraindik bizirik dagoen nire azken ondorengoa zara, eta nik hasitako gaizkiaren kontrako borrokarekin jarraitu behar duzu. Hemendik aurrera, Jaun Zuriaren zaintzailea izango zara, eta Sugaar deabruaren erasoei aurre egin beharko diezu.
—Zer diozu? Ez dut ezer ulertzen! Ziur zaude ni, Bittor Zurienea, ikasgelako mutil baldarrena, Erdi Aroko heroi baten zaindaria izateko pertsonarik egokiena naizela? Agian aurpegiak nahasiko zenituen, nire adineko mutilok antz handia daukagu eta…
—Bittor! Entzudazu! Orain azalduko dizudana funtsezkoa duzu bizirauteko:
Sugaar deabrua, Anbotoko Mariren maitalea, dut aita. Deabruak nire ama, Eskoziako printzesa erbesteratu bat, haurdun utzi zuen. Marik, Sugaarrek bere gaizkiaren oinordeko nahi ninduela jakinda, haize leun gisa bisitatu ninduen ume nintzelarik, eta bere jakituriarekin eta ontasunarekin bedeinkatu. Deabruak bere ahaleginak zapuztuta ikusi zituen, txikitatik ongia egiteko joera nuelako eta inguruko jendeak estimu handitan ninduelako. Orduan, haserre, mendekua prestatu zuen. Gizaki-itxura hartuta, Leoneko erregearen aurrean aurkeztu zen. Anbizioaren hazia erein zuen harengan, zeren hark bizkaitarrok zergen bitartez ito baikintuen. Pobrezia, gaixotasunak eta heriotza berehala heldu zitzaizkigun lurraldera, eta jendeak errege haren kontrako gudan buruzagi izateko eskatu zidan. Bizkaitarrok guda irabazi genuen, baina garesti, herrikide asko betiko galdu genituen eta.
Guda bukatu zenean, Dalda Astegis Durangoko Jaunaren zurtzarekin ezkondu, eta seme bat izan genuen. Umeak urte bi zituela, Dalda hil egin zen, eta ni, haren gabezia jasan ezin nuenez, Arrigorriagara bueltatu nintzen umearekin, han bakean biziko ginelakoan.
Behin, ibaiertzetik paseatzen nenbilela, norbaitek ahaztuta utzitako urrezko orrazi bat ikusi nuen. Hartzeko hurbildu nintzenean, berarena zela eta itzultzeko esaten zidan emakume-ahots bat entzun nuen. Eskuetatik orrazia kentzeko ahaleginetan zebilkidan emakumea lamina zen. Indartsu ari zen; baina, nahiz eta ahaleginak egin, ezin zuen nahi zuena lortu. Orduan konturatu zen edozein gizon baino indartsuagoa nintzela. Nor nintzen galdetu zidan, eta nire burua aurkeztu nion. Laminak bazuen nire entzuera, Arrigorriagako istilua gertatu zenetik erdi-jainkoa nintzen ospea bainuen. Bazirudien, baina, izaki txundigarri hark niri buruzko hainbat gauza zekizkiela. Luze aritu ginen hizketan, eta, apurka-apurka, elkar ezagutu genuen. Etxera itzuli aurretik, laminari orrazia bueltatu nion. Harrezkero, egunero joaten nintzen ibaiertzera laminarekin egotera, eta maitemindu egin ginen. Gure amodioa ezinezkoa zen, ordea; gizakien eta laminen arteko amodioa debekaturik zegoen.
Bitartean, Sugaar mendekua prestatzen zebilen. Gauetan, herriak eta larreak suntsitzen zituen. Nik ezin nuen jasan jende errugabe hura sufritzen ikustea, eta Sugaarri behingoz aurre egitea erabaki nuen. Nire lamina maiteari laguntzeko eskatu nion. Baina laminen boterea mugatua zen, ezin zirelako ibaiertzetik luzaroan urrundu, gaixotu nahi ez bazuten behintzat. Nik gutxienez umeak salbatzen ahalegintzeko eskatu nion. Laminak, orduan, indar guztiak biok batu gintuen urrezko orrazian ezarri zituen. Guztiz ahuldurik gelditu zen, eta hil aurretik hauxe azaldu zidan: urrezko orrazia erabilita, Sugaarrek bereizi gabe egindako erasoen ondorioz hildako umeak bizitzara salbu bueltatuko zirela; denboraz, objektu magiko hark indarra galduko zuela, eta, bukaeran, ume gazteenak bakarrik salbatzeko indarra izango zuela. Orraziaren magiari eutsiz hori guztia gerta zedin, baldintza bakar hau ezarri zuen: laminetan sinesten zuten umeak izatea.
Urrezko orrazia Ordoño kondearen hilobian ezkutatzea erabaki nuen, uste bainuen hilobi hura inork ez zuela profanatuko eta Sugaarrek ez zuela inoiz sumatuko orrazia nire etsaiaren gorpuaren ondoan gorde nezakeenik. Hori egin ondoren, Sugaarren bila joan nintzen Anboto mendiaren inguruetara. Banekien gaizkia erabat eta betiko erauzteko modurik ez neukala, baina gutxienez borroka nintekeen hark hartutako izate fisikoaren aurka, luzarora ahuldu eta suntsitzeko. Borroka gogorra izan zen, ordea, Sugaar herensuge bihurtu zelako. Eskerrak Marik tximista batez haren izate fisikoa suntsitu zuela. Jainkosak ezin zuen jasan deabru haren odol-gosea eta egiten zituen ekintza basatien errua berari leporatzea; izan ere, Sugaarrek Mariri ez zion inoiz barkatu semea, ni neu, gaizkiaren oinordeko izatetik askatzea.
Larri zauriturik, herrira bueltatzea lortu nuen. Semeari egia kontatu, eta urrezko orrazia non ezkutatu nuen esan nion. Gero, betiko desagertu nintzen.»
Beraz, nik hilobi hartan aurkitutako urrezko orrazi hura, gure familiaren benetako jatorriaren lekukoa, mendez mende eta belaunez belaun gordea zen, gaizkiaren kontra borrokatzeko erabili gabe eta erdi ahaztua.
Hurrengo, nire ikaskideen barreak gogoratzen ditut. Edurne andereñoa apaizari azaltzen ari zitzaion: Bittor traketsak Ordoñoren hilobiarekin behaztopa egin zuela, on Ramiro eta biek dena konpondu zutela eta horregatik zeudela hain nekaturik. Hor nengoen ni, lurrean botata, ergel aurpegiarekin, guztien txantxak entzuten. Hauxe galdetzen nion nire buruari: bi minutu baino igaro ez baziren, nola zitekeen nire buruan hura guztia gertatu izana.
Gau horretan ez nuen lorik egin. Gertatutakoari buruz ere ez nuen inorekin hitz egin. Segurtasun-neurri moduan, orrazia beti soinean eramatea erabaki nuen. Goizean, erdi lo eta berandu heldu nintzen ikastetxera. Zer edo zer gertatzen zen, korridoreetan ezohiko zarata zegoen. Xantik egoera azaldu zidan: goiz hartan, on Ramiro benetan pozik zegoen, atsegin eta irribarretsu. Ikasle guztiak harrituta zeuden, baina nahiago zuten egoera hori aurrekoa baino. Xantiri Edurne andereñoa non zegoen galdetu nion, eta berak kontatu zidan zuzendariak jakinarazi ziela Edurnek ikastetxetik alde egingo zuela adineko izeko bat gaixotu zitzaiolako eta zaindu behar zuelako.
Sasoi hartan, egunak normaltasun osoz igaro ziren, eta ume guztiok on Ramiroren eskoletara pozago joaten hasi ginen. Bazirudien egun batzuk lehenago gertatutako guztia ahaztuta zegoela. Xantik, nire betiko lagunak, zer edo zer sumatzen zuen, ordea, ondoegi ezagutzen baininduen dena ondo zebilela sinesteko. Baina nik ezin nion ezer kontatu, nik neuk ere ez nuelako ulertzen gertatutakoa.
Etxera heldu nintzenean, ama negar batean aurkitu nuen. Norbaitek, etxera sartu, eta dena hankaz gora ipini zuen. Dena den, ez zirudien lapurrek baliozko ezer lapurtu zutenik. Une horretan, nire bizia arriskuan egon zitekeela konturatu nintzen, eta ez nengoen nire amarena ere arriskuan ipintzeko prest. Ezin nuen saihestu Jaun Zuriak oinordetzan utzi zidan ardura.
Arratsalde horretan bertan, orrazia berriro ukitu nuen une berean, Jaun Zuriak lehenengo eginkizuna ezarri zidan:
Gaizkia geldiarazi behar nuen, ni neu gizon bilakatzeko. Horretarako, Orozkoko mendien inguruetan oraindik bizirik zegoen azken jentilaren bila abiatu nintzen. Izaki hura konbentzitu behar nuen jendea Sugaarren sarraskietatik babesteko. Izan ere, hark bakarrik mugi zitzakeen bake-eremua osatzeko behar ziren harri magikoak.
Gau horretan, etxetik alde egin nuen. Hotz egiten zuen, zerua oskarbi baitzegoen. Halere, ibaiertzeko lanbroak bidea ezkutatzen zuen, eta astiro-astiro nindoan Nerbioi ibaiaren ondotik Altube ibaiadarrerantz. Bat-batean emakume gazte bat aurkitu nuen ibaian sarturik. Hasieran ikaratu egin nintzen, baina berehala ezagutu nuen: Edurne andereñoa zen. Gazteago zirudien, eta, jantzita zeraman tunika zuriaren azpitik, bi ahate-hanka zituen agerian. Argi zegoen: Edurne lamina zen. Ikastetxera ni zaintzeko etorri zela azaldu zidan, bizia arriskuan ipini zuela ibaitik urrun hainbeste egun egonda, eta, ondoren, barkamena eskatu zidan, agurtu gabe alde egin izateagatik. Mende horietan guztietan, Sugaarrek indarrak berreskuratu zituela esan zidan, eta, horren ondorioz, mundua arriskuan zegoela; horregatik, ausarta izateko eta nire patua onartzeko eskatu zidan. Zoritxarrez, jadanik lamina gutxi existitzen ziren munduan, eta haien indarra ez zen lehenagokoa: indarge zeuden, kutsadurak eta jendeak mundu magikoan ez sinesteak ahulduta.
Lamina hori esaten ari zitzaidan une berean, zarata arraro eta kezkagarri bat entzun genuen zuhaixka baten atzean. Atzera egin nuen. Edurne, berriz, nire aurrean kokatu zen, babesteko asmoz. Izaki gaiztoa eta itsusia aterako zela uste nuen. Itsusia, akaso, izan zitekeen, baina inondik inora ere ez gaiztoa, nire lagun Xanti baitzen. Lamina gainera etorri zitzaion. Xanti zela azaldu behar izan nion, nire ikasgelako laguna, eta kalterik ez zigula egingo. Zer edo zer gertatzen zitzaidalakoan, Xanti kezkatuta zegoen eta, gau hartan, jarraitu egin ninduen. Jakina, nire lagunak lamiak kontatutako istorio osoa entzun zuen... eta han zegoen lurrean, aho zabalik eta begiak oso irekita.
Orduan, Xanti eta biok Jaun Zuriaren Zaindariak elkarte sekretua sortu genuen.
Orozkora heltzeko, 2 egun behar izan genituen. Bidetik, aldendu egin ginen bidarietatik, haien galderei erantzun behar ez izateko. Zertan ari ote ziren 12 urteko bi mutiko inguru horietan? Laminak esan zigunaren arabera, jentila Itxinako mendigunean bizi zen. Egunez, Itxulegor edo Supelegor kobazuloetan egoten omen zen, artzainetatik ezkutaturik, eta, gauez, Atxularreko begiaren pean izaten omen zen.
BIGARREN ATALA. 1961eko maiatzaren 16a
Igarotako 10 urte hauetan, bakea izan dugu. Sugaarren erasoaldiak eten egin zituen jentilak sortutako perimetro magikoak. Hala ere, herenegun Edurne berriro jarri zen gurekin harremanetan, zerbaiten berri emateko. Ibaiertzean batu ginen. Beti bezain ederra eta gaztea zirudien; gu, ordea, nagusitu egin gara, jada 25 urte dauzkagu.
Bake-denboraldi honetan, Sugaar indarberritu egin dela ohartarazi zigun Edurnek, eta guk, borrokatzeko prest bagaude ere, kontuan izan behar dugu urrezko orraziak ez digula eragiten. Jaun Zuriak lamiari laguntza eskatu zionean, hark umeak bakarrik salbatzeko indarra ezarri zion orraziari. Umeak ez garenez, Edurnek esan digu Sugaarren erasoei aurre egiteko gudari gehiago beharko ditugula. Datorrena datorrela, prestaturik egon behar dugu.
Azken urte hauetan, urrezko orrazia ikastetxeko leku ezkutu batean egon da. Garrantzitsua zen hura etxetik aldentzea, eta, une oro orrazitik gertu egon ahal izateko, irakasle izateko ikasi nuen. Egun, Historiako irakaslea naiz, nire umetako ikastetxe berean. Helburu hau jarri diot nire buruari: neska-mutilek, gutxienez taldetxo batek, mundu magikoan eta bereziki laminetan sinestea, haiek izan baitaitezke etorkizunean Sugaarren kontra borrokatuko diren gudariak. Gaur egun, nire armarik eraginkorrena irakaskuntza da: ikasleak heztea, pertsona zintzoak, adeitsuak eta erantzuleak izan daitezen. Bihar-etzi, haietako batek zaintzaile ona izateko ezaugarriak izan ditzake, eta hori lorpen handia litzateke.
Labur esanda, mundua leku segurua izatea nahi nuke.
HIRUGARREN ATALA. 1971ko abuztuaren 8a
Atzo, nire alaba Klara jaio zen. Zurienea familiaren oinordekoa eta etorkizuna dugu, ez bakarrik nire familiarena, baita Azken Argia umezurtz-etxearena ere. Bera ere, beste belaunaldi batekoa izan arren, Jaun Zuriaren Zaintzaileak elkartearen kidea izango da egunen batean.
Azken urte hauetan, Xanti eta biok hainbat misio egin behar izan ditugu. Sugaar gero eta indartsuagoa da, eta, orain, beste izaki batzuk ditu ondoan. Mundu magikoa bitan banatu da: ongiaren jarraitzaileak, batetik, eta gaizkiarenak, bestetik. Gu, Jaun Zuriaren zaintzaileak, oztopoa gara Sugaarrek burutu nahi duen egitasmoan, eta borrokan jarraitu behar dugu mundua iluna izan ez dadin. Pauso eman dut horren alde: ikastetxea —bertako zuzendaria naiz— umezurtz-etxe bilakatu dut: Azken Argia etxea. Besteen begietara, abandonatu dituzten edo familia galdu duten umeak babesten ditugu. Errealitatea bestelakoa da, ordea: ume horiek mundua babestu beharko dute.
Gu, nagusiok, ezin gara borrokatu; arriskutsuegia izango litzake, urrezko orraziak ezin baikaitu babestu. Ni neu objektu magiko horren zaindaria naiz, Jaun Zuriaren leinukoa, eta, Klara nagusitu arte, hura gorde dezakeen pertsona bakarra.
Sugaarren erasoek ondorio latzak izan dituzte (lur-jausiak, uholdeak, suteak...). Horietako batzuk agertu dira, egunkarietan, adibidez; beste batzuk isildu ahal izan ditugu. Gudari kementsu anitz dauzka Azken Argiak, eta haien ahaleginari esker gaude gaur egun gauden moduan. Familia handia gara, eta, umezurtz-etxeko atera ume bat heltzen zaigunean, gure familiaren abizena ipintzen diogu. Beste batzuek, gurasoak galdu dituztenek, adibidez, aldatu egiten dute izena; horrela ez dago gure arteko liskarrik, eta, bide batez, leinuaren oinordekoa babesten dugu.
Klara da guztion esperantza.
LAUGARREN ATALA. 1985eko ekainaren 12a
Gaurkoa egun gogoangarria izan da, Klarak lehenengo misioa izan baitu. Aitortu behar dut Azken Argiko atetik sartzen ikusi dudan arte urduri egon naizela. Beste hiru kiderekin batera, zenbait egunez kanpoan izan da.
Duela hilabete batzuk, inguruko herrialdeetako jendea gaixotzen hasi zen. Kontu ulergaitza zenez, ikertzen aritu ginen, eta ura kutsaturik zegoela ikusi genuen. Arrainak eta ibaiertzetako animaliak ere hil egiten ziren. Hondamen hark Sugaarren erasoekin zerikusirik ote zeukan argitzen aritu ginen, eta hauxe ondorioztatu genuen: antza denez, deabruak gizakiaren pentsamenduetan eragin dezake, eta, kasu horretan, enpresari-talde bat manipulatu zuen lantegiko hondakinak ibaira isurtzeko.
Jaun Zuriaren zaindariek lan bikaina egin dute: gobernuz kanpoko erakunde bateko kideak konbentzitu zituzten kutsaduraren gaian esku hartzeko. Bitartean, Sugaarrek manipulatutako pertsonak nor ziren jakin, eta, Edurne laminaren laguntzari eta aholkuei esker, gaizkia haien gorputzetatik ateratzea lortu zuten. Batera borrokatuz, indartsuagoak gara. Eskerrak gaurko misioan ez dela inor hil.
Klara pozarren bueltatu da etxera; sumatzen dut Mikelek badaukala horretan zerikusirik. Azken bolada honetan, askotan egoten dira elkarrekin, eta misio honetan elkarrekin joan izanak gehiago elkartu ditu. Nolanahi ere, aitortu behar dut hori ez dela halabeharrez gertatu. Azken finean, nik umezurtz-etxean geratu behar izaten dut urrezko orrazia zaintzen; beraz, Mikel da nire alaba babesteko pertsonarik egokiena.
BOSGARREN ATALA. 1997ko martxoaren 5a
Xanti, nire lagun leiala, ospitalera eraman dugu. Udaz geroztik, gaixotasunak gogor jo dio, eta hemen ezin diogu lagundu. Orain dela urte asko Jaun Zuriak agindutako lehen misiotik, etengabe egin du lan. Min ematen dit urrun egongo dela pentsatzeak, baina Alzheimerren gaixotasuna hura baino indartsuagoa da, eta arreta bereziak behar ditu.
Gazteek ere gaizki pasatu dute anbulantzia haren bila etorri denean. Haiek betidanik eduki nahi izan duten senidetzat daukate. Dena den, ez dugu itxaropena galdu behar, bisita egingo diogu ospitalean. Han, Jaun Zuriaren Zaintzaileei buruz hitz egiten badigu ere, inor ez da konturatuko esaten duena egia edo gezurra den. Halakoa da bizitza, Xanti maitea.
SEIGARREN ATALA. 2006ko apirilaren 2a
Gaur zoritxarreko istripua izan dugu Azken Argian. Sugaarrek eraso egin dio gure elkarteari. Ez dakit nola lortu duen umezurtz-etxearen benetako eginkizunaz jabetzea. Errua nirea izan da. Ardurapean dauzkat ume hauek eta familia bera, eta huts egin diet. Klara lur jota dago, eta ez da gutxiagorako, sutean Mikel galdu dugu eta.
Gauez arnasarik hartu ezinik esnatu gara denok; inor ez da ezertaz ohartu, beranduegi zen arte. Klara eta biok urrezko orraziaren gotorlekuan ezkutatu gara. Dudan adinean, traba baino ez dut egiten larrialdi-egoeretan. Klarak, ume gazteenak ohetik altxatu, eta aretoan bildu ditu; gero, nirekin orrazi magikoa babestera etorri da. Eskerrak Sugaarren izaki gaiztoek ez dutela gotorlekua aurkitu. Nire hezurrek ezin dute borroka bat gehiago jasan, eta Klarak, haurdun dagoenetik, ezin du umea galtzeko moduko arrisku-egoerarik bizi, jaioko den ume hori guztion esperantza da eta.
Jaun Zuriaren zaintzaile trebatuenek egin diote aurre erasoari; gazteak dira, eta urrezko orraziaren magia baliatzeko aukera daukate oraindik. Mikelek ez, ordea. Nire alabaren senarrak gugatik, Azken Argiko kide guztiengatik, eman du bizia. Bere semearen aurpegia ikusteari uko egin dio, Klarak eta ume hauek guztiek etorkizun hobea izan dezaten.
Orain arte, Jaun Zuriaren zaintzaileok gaizkia geldiarazteko borrokatu gara, baina gaurtik aurrera hasiko da benetako guda. Sugaar, hurbil duzu heriotza!
ZAZPIGARREN ATALA. 2006ko irailaren 13a
Josu txikia gaur etorri da mundura. Jaun Zuriaren azken ondorengoa da: Josu Zurienea. Etorkizunean, berak zuzenduko du umezurtz-etxea; poliki-poliki hazi egingo da, benetako zaindari bihurtu arte. Orain, hain da txikia eta ahula... Gure arbasoen antza dauka: ilehoria eta zurbila da, begi urdinak ditu...
Josu, ongi etorri mundura!