Lokalaren atera hurbildu zara. Inguruetan ez dago inor zelatatzen, baina badirudi trajez jantzitako gizona ez dagoela bakarrik. Ahots asko entzuten dira kanpotik. Arretaz entzutea erabaki duzu.
-------------------------------------
DADOEN JAURTIKETA
{Pertsonaiaren «pertzepzioa» ataleko puntuazioa} versus {2 puntuko zailtasun-maila (maila ona)}
-------------------------------------
JAURTIKETA ARRAKASTATSUA
Honako solasaldi hau entzun duzu:
—Eser zaitezte, esan behar dizuedana oso garrantzitsua da-eta. Sugaarrek agindu zigun lana bukatzear gaude. Hilabetetan egon gara talismanaren bila; azkenik, badakigu non dagoen. Dakizuenez, gure kide bat antigoaleko gauzen dendara bidali dugu. Dirudienez, dendari horrek erosi zituen Amaia alargunaren ondasunak, hil zenean, eta taldekidea talismanari buruzko informazioa lortuko duelakoan bidali dugu hara.
Bat-batean, hitz egiten dagoenari telefono mugikorrak jo dio. Telefonoa hartu, eta, mezua irakurri ondoren, hizketan jarraitu du.
—Berriak izan ditugu. Talismana hiriko museoaren biltegian dago gordeta. Badakizue zer egin behar duzuen. Presta zaitezte, har itzazue erremintak, eta aurrera.
Eraikin horretatik urrundu egin zara, barrukoak irten baino lehen. Jo ezazu «Museoa. Lehenengo bukaera» atalera.
ARRAKASTARIK GABEKO JAURTIKETA
Atea itxita dagoenez, ezin duzu ezer argi entzun. Hala eta guztiz ere, argi daukazu barrukoak azpikeriatan dabiltzala. Jo ezazu «Taldeari jarraiki» atalera.