Rol-jokoa egin ahal izateko, pertsonaiak sortu behar ditugu. Gure buruan irudikatzeaz gain, paperean ere adierazi behar dugu nolakoak diren. Horretarako, fitxa bat emango digu jokoaren zuzendariak.
Oraingoz, «Pertsonaiaren orria» hutsik dago, baina adibide batekin ikasiko dugu nola bete.
Lehenengo eta behin, buruan daukagun pertsonaiaren deskribapena egingo dugu. Horretarako, gaur egun arte haren bizitza nolakoa izan den azalduko dugu: zer lortu duen eta zer une garrantzitsu bizi izan dituen. Gero, fisikoki nolakoa den adieraziko dugu, eta, ondoren, haren alde psikologikoa deskribatuko dugu. Girotze-atalean irakurri dugun moduan, badakigu Jaun Zuriaren Zaintzaileak talde sekretuaren kideetako bat izango dela; orduan, pertsonaiak elkarte horretako kide izateko zer bide egin duen azaldu beharko dugu.
Hori guztia idazten dugunean, «pertsonaiaren orria» beteko dugu. Bertan, aurretik egin dugun deskribapenaren eskema bat egin behar dugu; horretarako, puntuazio-sistema bat erabiliko dugu, eta, ondoan, esaldi labur bat idatziko. Pertsonaiaren ezaugarrien zerrenda osatzen hasiko gara:
indarra: indar fisikoa (zer edo zer mugitzeko, altxatzeko, bultzatzeko...)
bizkortasuna: gorputz osoarekin ekintzak egiteko erraztasuna (jauzi egin, gora egin, ihes egin...)
trebetasuna: eskuekin edo oinekin berariazko lanak egiteko abilezia (konponketak egin, zer edo zer ireki, janaria prestatu, lapurtu, josi...)
erresistentzia: ekintza fisikoak eskatzen duen lanari aurre egiteko ahalmena
adimena: arrazoitzeko ahalmena (asmakizunak ebatzi, irakurritakoa ulertu...)
ezagutza: bizitzan zehar ikasitako ezaguerak eta datuak
pertzepzioa: inguruan gertatzen dena ikusteko, entzuteko eta antzemateko ahalmena
borondatea: ekintza konplexuen aurrean irmo jokatzeko ahalmena (ikasi, beldurrari aurre egin...)
karisma: besteak konbentzitzeko gaitasuna
Pertsonaiak sortzen hasteko, zerrendako ezaugarri bakoitzari 1 puntu ezarriko diogu; baina, ondoren, puntuazio hori aldatzeko aukera izango dugu, eta ezaugarri bati 1 puntu kendu eta beste ezaugarri bati 1 puntu gehitu, adibidez. Demagun erresistentziari 2 puntu ezarri nahi diogula; orduan, beste ezaugarri bati 0 puntu eman beharko diogu. Hori nahi beste alditan egiteko aukera izango dugu, baina beti ere 3 jarraibide hauek kontuan izanda:
- Ezaugarri bakar batek izan dezake 3 puntu.
- 3 ezaugarrik 2 puntu izan dezakete.
- Ezaugarri bakar batek izan dezake -1 puntu.
Kontuan izan ezaugarri bati -1 puntu emateko arrazoi sendoa izan behar dugula. Adibidez, gure pertsonaiak pertzepzioan -1 puntu baldin badu, ikusmen edo entzumen arazoak izango ditu. Jokoaren zuzendariak, ganorazko arrazoirik eman ezik, ez digu ezaugarri bati -1 puntu ipintzen utziko.
Puntuazioa zehaztu ondoren, aurretik egindako deskribapen-testu luzearen eskema egingo dugu. Deskribapenaren eskemak 4 atal hauek izango ditu: deskribapen fisikoa (altua, herrena, beltzarana...), nortasunaren deskribapena (misteriotsua, harroa, errukigabea...), ezaguerak (hizkuntzak, errobotika, gizarte-zientziak...) eta zaletasunak (margotu, dantzatu, kirola egin...). Hala eta guztiz ere, badaukagu deskribapen-testuan agertzen ez den daturen bat gehitzea zerrenda hau osatzeko:
deskribapen fisikoa: gure pertsonaiaren itxurari lotutako berezitasunak; hitz-kopurua: 4 izenondo.
nortasunaren deskribapena: gure pertsonaiaren izaerari lotutako berezitasunak; hitz-kopurua: 4 izenondo.
ezaguerak: ikasiz, pertsonaiak ikasi dituen ezaguerak; ezaguera-kopurua: «ezagutza» ezaugarriari dagozkion puntuak +1 puntu.
zaletasunak: trebatuz, pertsonaiak bereziki ondo egiten dituen gauzak; zaletasun-kopurua: «borondatea» ezaugarriari dagozkion puntu berak (gutxienez 1 puntu).
Sortuko ditugun pertsonaiek ez dute zertan «perfektuak» izan. Kontuan izan pertsonaiek zer ezaugarri izan halako abantailak eta desabantailak izango dituztela. Akaso zenbait abantaila izango ditugu pertsonaia altua hautatzen badugu; baina, era berean, besteek baino arazo handiagoa izango dugu ezkutatzeko, esaterako.
Bideo-jokoetan bezala, rol-jokoetan ere pertsonaiei agortu egiten zaie «bizia». Gure istorioan, Jaunaren zinginarri magikoa erabili baino lehen, Zuriaren zaintzaileok edonolako zauriei aurre egiteko zer erresistentzia daukagun kalkulatu behar dugu. Zaurien larritasunaren arabera, 5 maila hauek ezarriko ditugu pertsonaiaren orrian:
urratuak: indarra + erresistentzia + 1 puntu; gutxienez 2 puntu.
zauriak: indarra edo erresistentzia (horietatik altuena) + 1 puntu; gutxienez 1 puntu.
zauri larriak: indarra edo erresistentzia (horietatik baxuena) +1 puntu; gutxienez 1 puntu.
ezindua: 1 puntu.
hilzorian: 1 puntu.
Gure pertsonaiek zer kalte jasan duten jakiteko, dadoak jaurti beharko ditugu, eta lortutako emaitza kalkulatu; baina hori nola egin arauen atalean ikasiko dugu.
Hemen, beheko koadroan, «Objektuak» atala ikus dezakegu. Bertan, jokoaren zuzendariak partidaren hasieran pertsonaiari zer objektu emango dizkion edo jokoan zehar zer objektu lortu dituen adieraziko da.
Behean, «Pertsonaiaren orria PDF» eranskina daukazue, inprimatu eta pertsonaiak sortzeko. Dena dela, has gaitezke jokatzen, dagoeneko pertsonaia batzuen orriak (Malenena eta beste 4 pertsonaiarenak) sortuta daude-eta.
Pertsonaia horiez gain, Bittor Zurienea eta Xanti pertsonaien orriak ere eginak dituzue atal honetan. Nahi baduzue, zuek asmatutako abenturaren batean erabil ditzakezue.