Itxura susmagarria duen gizona baino bizkorragoa izan zara, eta plazako arkupeetan ezkutatu zara, esku artean zer darabilten jakiteko. Hortik, museoaren sarrera ikus dezakezu. Inguruan begiratzen duzu; dena dago lasai.
Tupustean, kirola egiteko arropa daraman gizona agertu da. Ondoren, plazara ematen duten kaleetatik, beste pertsona batzuk agertu dira, eta hari hurbildu zaizkio. Haietariko batek keinu bat egin du, eta museoaren sarrerarantz abiatu dira.
Argi daukazu gaiztakeriaren bat egingo dutela. Ez dago astirik; zirt edo zart egin behar duzu. Telefono mugikorra atera, eta poliziari deitzea erabaki duzu. Bost minutu igaro ondoren, patruila-auto bat agertu da plazan. Bertatik, lasai, emakume bat eta gizon bat atera dira; antza, ez dute zure abisua kontuan hartu. Dena dela, museora sartu dira.
Zu arkupeetan ezkutaturik zaude oraindik. Ardura handiz begiratu duzu museorantz, baina hor ez da ezer gertatzen ari… Oker al zeunden?
Bat-batean, sirena batzuen soinuek zure gogoetak eten dituzte. Hainbat patruila-auto iritsi dira plazara. Poliziak, pistolak eskuan dituztela, barrura sartu dira korrika batean. Uf! Arrazoia zeneukan! Eskerrak!
Hortik gutxira, kirola egiteko arropa daraman gizona eta haren kolaboratzaile guztiak eskuburdinak ipinita atera dituzte museotik. Ez duzu berriro haietaz arduratu beharko.
Pozik zaude. Beste egun bat hartu beharko duzu erosketak egiteko, baina hori baino garrantzitsuagoa den zerbait lortu duzu. Ziztu bizian, Azken Argira bueltatu zara, eta Jaun Zuriaren zaintzaileei, zure kideei, gertatutakoa azaldu diezu. Klara harro egongo da.