1. SARRERA ETA LANAREN JUSTIFIKAZIOA
Rol-jokoak ikasgelan lanarekin hau landu nahi dut: testu-ezaugarriak, testu motak, literatura, sormena eta taldean erabakiak hartzen jakitea. Materiala DBHko lehen zikloko Euskara eta Literatura ikasgairako prestatu dut, eta bereziki egokia da talde txikietan, hezkuntza-premia bereziko taldeetan edo komunikazio-tailerretan lantzeko.
Lan honetan proposatzen ditudan jarduera guztien eredua emango dut, baina irakasleak aukeran du hemen aurkituko dituen materialen ordez beste batzuk asmatzea edo, lan hau abiapuntutzat hartuta, ikasleei beste eredu bat sortzea proposatzea.
2. LANDUKO DIREN GAITASUNAK
Heziberri 2020 plana oinarritzat hartuta, konpetentzia hauek lantzen dira lan honen bidez:
Konpetentzia orokorrak:
- ikasten ikasteko konpetentzia: pentsatzen eta ikasten jakitea
- hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia, eta teknologia digital eta mediatikoa erabiltzeko konpetentzia: komunikatzen jakitea
- gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia: elkarrekin bizitzen jakitea
- norberaren autonomiarako konpetentzia: izaten jakitea
- norberaren autonomiarako eta ekimenerako konpetentzia. ekimenez jokatzen jakitea
Berariazko oinarrizko konpetentziak:
- hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia: hizkuntzak eta literatura
- matematikarako konpetentzia: matematika gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia (elkarrekin bizitzen jakitea)
- teknologiarako konpetentzia: teknologia
- arterako konpetentzia: plastika eta ikus-entzunezko adierazpena
- gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia: gizarte-zientziak
3. HELBURUAK
- Testu-ezaugarriak (kohesioa, koherentzia eta egokitzapena) ezagutzea.
- Komunikazio-egoeraren arabera, erabili beharreko erregistroen artean bereiztea.
- Kanalen (bai ahozkoa, bai idatzizkoa) berezitasunak ulertzea eta egoki erabiltzea.
- Igorlearen asmo komunikatiboaren araberako testuak ulertzea eta ekoiztea.
- Sekuentzia motaren araberako testuak ulertzea eta ekoiztea.
- Hizkuntzaren funtzioak testuetan bereiztea.
- Idatzizko zein ahozko narrazioak ulertzea eta ekoiztea.
- Narrazio-testuaren berezitasunak (narratzailea, pertsonaiak, denbora...) bereizten eta erabiltzen jakitea.
- Norberaren sormenetik abiatuz eta ideiak antolatzeko eskema erabilita, istorioa planifikatzea.
- Testua kohesionatzeko denbora-antolatzaileak egoki erabiltzea.
- Deskribapenaren berezitasunak (izenondoak, topografia, erretratua, subjektibotasuna, objektibitatea...) bereiztea eta erabiltzea.
- IX. mendeko Euskal Herriko historia eta mitologia ezagutzea.
- Argudioak emanez, taldeka erabakiak hartzen jakitea.
- Rol-joko baten arauak ulertzea eta erabiltzen jakitea.
4. EDUKIAK
- testu-ezaugarriak: kohesioa, koherentzia eta egokitzapena
- komunikazio-egoeraren erregistro-mailak
- ahozko eta idatzizko kanalen berezitasunak
- igorlearen asmo komunikatiboaren araberako testuak
- sekuentzia motaren araberako testuak
- Hizkuntzaren funtzioei buruzko teoria
- idatzizko zein ahozko narrazioen egitura
- sormena eta berrikusketa
- denbora-antolatzaileak
- deskribapenaren egitura eta berezitasunak
- euskal mitologia eta historia
- ahozko argudio-testua
- rol-jokoetarako terminologia eta arauak
5. EBALUAZIO-IRIZPIDEAK
- Ea testu-ezaugarriak (kohesioa, koherentzia eta egokitzapena) ezagutzen dituen.
- Ea komunikazio-egoeraren arabera erregistro motak erabiltzeko gauza den.
- Ea kanalen (bai ahozkoa, bai idatzizkoa) berezitasunak ulertzeko eta egoki erabiltzeko gauza den.
- Ea igorlearen asmo komunikatiboaren araberako testuak ulertzeko eta ekoizteko gai den.
- Ea sekuentzia motaren araberako testuak ulertzeko eta ekoizteko gauza den.
- Ea hizkuntzaren funtzioak komunikazio-egoeretan bereizten dituen. - Ea idatzizko zein ahozko narrazioen egiturak ezagutzen dituen.
- Ea testua planifikatzeko eskema, oharrak… erabiltzen dituen.
- Ea denbora-antolatzaileak egoki erabiltzen dituen.
- Ea deskribapen-testuak ulertu eta egoki ekoizten dituen.
- Ea Euskal historia eta mitologiari buruzko datuak ezagutzen dituen.
- Ea ahozko argudioak emateko gaitasuna egoki erabiltzen duen.
- Ea taldean erabakiak hartzeko prozesuan egoki parte hartu duen.
- Ea rol-joko baten terminologia egoki erabiltzen duen.
- Ea rol-joko baten arauak errespetatu dituen.
6. METODOLOGIA
- denbora: 55 minutuko 6 saio gutxi gorabehera
- espazioa: ikasgela edo taldean lan egiteko leku egoki bat
- antolaketa: bakarka eta bereziki talde txikietan
- baliabideak: inprimatutako orriak, ordenagailua, Internet, Sitesa, musika eta dadoak
7. JARDUERAK
- Ikasleei rol-jokoa zer den azaldu (brainstorming).
- Erabiliko den terminologiaren zerrenda egin.
- Jokoaren sistema eta arauak azaltzeko argibideak eman.
- Testu-sailkapenak eta hizkuntzaren funtzioak aztertu, bereziki jokoan erabiliko direnak.
- Jokoaren abiapuntutzat hartu den ipuina irakurri eta ulertu.
- Jokoa girotzeko, datuak eta bestelako materialak (arropak, musika...) bilatu.
- Jokoan izango diren pertsonaien deskribapenak egin.
- Jokatu beharreko abenturak sortu eta idatzi.
- Taldetan antolatu, jokoaren zuzendaria izendatu eta jokatzen hasi.
- Esperientzia partekatu.
- Ebaluazio-fitxa bete.
8. ANIZTASUNAREN TRATAERA
Talde heterogeneoak egingo dira 4 eremu hauek kontutan izanda: genero-aniztasuna, gizarte-aniztasuna, kultura-aniztasuna eta gaitasun-aniztasuna.