Gizonaren atzetik zoazela, hiriko plazara heldu zara, eta, dagoeneko, kirola egiteko arropa daraman gizona museoaren sarreran zain dago.
Minutu batzuk igaro ondoren, pertsona batzuk museora hurbildu dira. Bakoitza kale batetik etorri da, eta sarreran elkartu dira. Handik gutxira, museora sartu dira.
Oso argi daukazu jende hori ez dela arropa zuzena; beraz, telefono mugikorra hartu, eta poliziari deitu diozu. Handik bost minutura, patruila-autoa agertu da. Poliziak astiro doaz, eta ez du ematen zure abisua kontuan hartu dutenik. Hala eta guztiz ere, barrura sartu dira.
Kezkatuta begiratu duzu museorantz, baina hor ez da ezer gertatzen ari… Oker al zeunden?
Bat-batean, sirena batzuen soinuek zure gogoetak moztu dituzte. Hainbat patruila-auto iritsi dira plazara. Poliziak, pistolak eskuan dituztela, barrura sartu dira korrika batean. Uf! Arrazoia zeneukan! Eskerrak!
Hortik gutxira, kide susmagarri guztiak esposaturik atera dituzte museotik. Ez duzu berriro haietaz arduratu beharko.
Pozik zaude. Beste egun bat hartu beharko duzu zure erosketak egiteko, baina hori baino garrantzitsuagoa den zerbait lortu duzu. Ziztu bizian, Azken Argira bueltatzen zara, Jaun Zuriaren zaintzaileei, zure kideei, gertatutakoa azaltzeko. Klara harro egongo da.