Museora hurbildu zarenean, kirola egiteko arropa daraman gizona eraikinaren atarian ikusi duzu. Urduri, telefono mugikorra begiratzen ari zen, norbaiten zain zegoen. Azkenik, urduritasunari eutsi ezinik, berak egin du deia. Badirudi haren plana bertan behera gelditzea lortu duzula.
Museora sartu zara, eta berrogeita hamar urtetik gorako gizon bat hurbildu zaizu. Barruan ez dago beste inor. Gizona oso atsegina izan da, eta museoan dauden antzinako argazkiak, dokumentuak eta tresnak erakutsi dizkizu.
Argazkien artean, batek arreta deitu dizu. Gizonak esan dizu argazkian agertzen den emakumea Amaia alarguna dela, hiriko pertsonarik adintsuena.
—Emakumeak daraman lepokoa oso polita da, ziur nago aberatsa zela, eta bitxirik garestienak argazkirako ipini zituela —komentatu diozu museoko arduradunari.
—Ez pentsa! Hori uste genuen; baina, aditu bati aholkua eskatu genionean, huskeria zela esan zigun, eta biltegian utzi genuen ahaztuta. Duen balio bakarra antzinakoa izatea da.
—Eta etorkizunean zer egingo duzue lepokoarekin?
—Egia esan, museoan ez daukagu lekurik; beraz, norbaiti oparitzea pentsatuta neukan… —dio arduradunak zuri begira.
—Oparitu? —galdetu diozu, lotsati.
—Bai, oparitu. Inoiz oparitu ditugu gauzak, biltegian lekua egiteko.
—Nire ustez, oso lepoko polita da. Ni Azken Argia umezurtz-etxean bizi naiz, eta gure zuzendari Klarari benetan ederra irudituko litzaioke.
—Aspaldidanik ez da gaztetxo bat museora etorri… Eguna alaitu didazu! Gustatuko al litzaizuke lepokoaren jabe izatea?
Irribarre batez baietz esan duzu. Azkenik! Talismana esku onetan dago! Sugaarrek indartsuagoa bilakatzeko aukera galdu du!