Gizarteak dituen behar energetikoek ingurumen-arazo larriak sortzen dituzte, hala nola, airearen kutsadura eta erregai-fosilen gehiegizko erabilera. CEAk kontsumo energetiko baxuko eraikinen beharra bultzatzea proposatzen du. Eskola-jarduera hori Eraikuntzako Institutuan (Eraiken) egiten da, bertan ekintzarako aproposak diren eraikuntzak dituztelako: Zero eraikina, DOMO, ikasleak eraikitzen ari diren etxea eta praktikak egiteko tailerra.

Ekintzaren helburu zehatzak hauek dira:

  • Energiaren erabileraren ondorioz sortzen diren arazoak ikusaraztea.
  • Kontsumo energetikoa murrizteko teknologiaren erabilera sustatzea.
  • Energia aurrezteko eta modu eraginkorrean erabiltzeko ohiturak bultzatzea.
  • Eraikuntza iraunkorraren garrantziaren gainean sentikor bihurtzea.
  • Aurreztearen garrantziaz eta eraginkorrak izatearen garrantziaz hausnarketa egitea.
  • Eraikinen energia beharrak zein diren ezagutzea eta behar horiek energetikoki modu jasangarriagoan nola bete daitezkeen ezagutzea.

Teknologiarako konpetentzia da bereziki lantzen den oinarrizko konpetentzia. Horrez gain, energia aurreztearen beharraz eta eguneroko ohiturak jasangarriagoak izatearen beharraz ohartarazten du.

DBHko 2. ziklorako eta Lanbide Heziketarako prestatuta dago, eta abendua eta urtarrila bitartean egin daiteke.