Hegaztiak biodibertsitatearen eta ingurumenaren egoeraren adierazleak dira, eta erraz errolda daitezke. Espezie motak, hegazti-kopurua eta populazioen joera faktore ekologikoen aldaketen menpe daude.

Programa 2014an jarri zen martxan, eta helburu nagusia da Gasteizen eta inguruan bizi diren hegazti populazioen egoera zein den ezagutzea, urte batetik besterako fluktuazioak antzemanez. Eginkizunean Espainiako Ornitologia Elkarteak (SEO/BirdLife) laguntzen du.

Orain arte jasotako datuak baliagarriak izan dira, hegaztien populazioaren gorabeheren arrazoiak zein diren jakiteko, eta kontserbazio-jarduera egokiak martxan jartzeko. Dagoeneko, populazio-aldaketa nabarmena antzeman da bederatzi espezietan. Ikusiko da joera bere horretan mantentzen den.

Programaren helburuak bi taldetan daude antolatuta: zehar-konpetentzien garapenerako helburuak (herritarren partaidetza sustatzea, kontzientziazioa bultzatzea…) eta helburu zientifiko-teknikoak. Hauek dira batzuk:

· Bioaniztasunaren egoeraren informazioa jasotzea.

· Erroldatzen diren hegaztien ekologiaren informazioa jasotzea.

· Espezie bakoitzak hiriko ekosisteman zer habitat aukeratzen duen zehaztea.

· Ikertutako eremuetan bizi diren espezieak zehaztea, baita populazio-joera ere.

· Populazioa galdu dituzten eremuak identifikatzea.

· Hegaztien habitatean eragin negatiboa izan ditzaketen jardun urbanistikoak identifikatzea.

· Hiriko hegaztiak biltzen dituen Gasteizko kartografia sortzea.

Programa aurrera ateratzeko eta parte-hartzaile guztien lana koordinatzeko, egutegi bat ezartzen da.

· Lehenengo laginketa: apirilaren 15etik maiatzaren 15era

· Bigarren laginketa: maiatzaren 15etik ekainaren 15era

Komeni da landa-lana goizeko lehen orduetan egitea, orduantxe baitaude hegaztiak bizien. Goizeko hamaikak bitarteko denbora-tartea da unerik egokiena datu errealak lortzeko. Komeni da baldintza meteorologikoak kontuan hartzea lana hasi aurretik: euria, haizea edota lainoa bada, ez da erroldarik egin behar.

Ikertu beharreko eremua eta ibilbidea zehaztu ondoren (lehenengo urtean zehazten da), errolda egiten hasten da. Hamar geldiune egin behar dira ibilbidean zehar, eta geldiune bakoitzean 5 minutuko entzunaldia edo behaketa egin behar da, norberaren ahalmenaren arabera. Geldiuneen arteko gutxieneko distantzia 500 metrokoa behar du izan. Laginketa puntura hurbiltzerakoan altxatzen diren hegaztiak eta urrunera ikusten direnak ere erroldatu behar dira.

Unean bertan fitxa bat bete behar dute, informazio hau jasotzeko: laginketa-eremua (koordenatuak), boluntarioaren izena, data, laginketa-ordua, baldintza meteorologikoak, habitataren deskribapena eta egoera-aldaketa (aurreko urarekin alderatuta), ikusitako edo entzundako espezieak, espezie banako kopurua eta hegaztiarekiko distantzia. 25 metroko erradioko zirkunferentzia zehazten da distantzia zehazteko, eta hegaztiak erradio horren barruan edo kanpoan dauden zehaztu behar da. Eginkizuna egiteko prismatikoak beharrezkoak izaten dira.

Landa-lana hasi aurretik, boluntarioek ikertu behar dituzten hegaztien inguruko ikastaro bat egiteko aukera dute. Eduki teorikoak azaltzen zaizkie, eta laginketa-demostrazio bat egiten da goiz batean.

Lana errazteko eta parte-hartzea eraginkorra izateko, hegaztietan aditua den koordinatzaile bat izendatzen da. Herritar bakoitzak hari bidali behar dizkio datuak. Bidalketa posta elektronikoz zein posta arruntez egin daiteke, eta nahi izanez gero, SACRE plataforman ere txerta daitezke. Horretarako Gasteizko Udalak laguntza eskaintzen du.