Orkideak (Orchidaceae), beste hainbat espezie bezala, ekosistemen osasunaren edo egoeraren adierazleak dira, bioadierazleak. Haien ezaugarri aipagarrienetako bat da egokitzapen morfologiko bereziak hartzen dituztela animaliek polinizazioa bideratzeko, eta, horretarako, loreek animalia jakin baten itxura hartzen dute. Estrategia zoofiliko horri esker, animalia erakarriko dute, eta baliatuko dute orkidearen zabalkuntza egiteko.

Programaren helburu nagusia da Gasteizko Eraztun Berdean eta albitz-belardietan dauden orkidea familiako landareen populazioaren jarraipena egitea. 2013an jarri zen martxan, eta lortutako emaitzak Gasteizko bio dibertsitatearen egoeraren adierazle gisa erabiltzen dira. Gainera, balio du orkideak eta ingurumena zaintzeak zer garrantzia duen nabarmentzeko. Ekimenari esker, 50 orkidea-espezie baino gehiago zentsatu dira ikertutako eremuetan, eta horietako batzuk arriskuan dauden espezieak dira.

Programak Gasteizko belar-mozketaren egutegian eragina izan du: urtean bost mozketa egitetik, bi mozketa egitera pasa da orkideak erroldatu diren eremuetan. Beraz, ziklo fenologikoa errespetatzen da, orkideen kontserbazioa aintzat hartuta.

Programaren helburuak bi taldetan daude antolatuta: zehar-konpetentzien garapenerako helburuak eta helburu zientifiko-teknikoak.

Zehar-konpetentzien garapenerako helburuak:

· Eraztun Berdean antolatzen diren ingurumen-jardueren garapenean laguntzea eta inguruneak dituen balioak ezagutzera ematea.

· Herritarrak Gasteizko ingurune naturalen inguruko kontzientziazio- eta jarraipen-programetan parte hartzera bultzatzea, horretarako hainbat jardunaldi antolatuz.

· Herritarren lankidetza sustatzea kontserbazio lanetan.

· Herritarrek Eraztun Berdearekin duten erlazioa indartzea, eremuarekiko ezagutza handitzea eta ingurumenarekiko interesa sustatzea.

Helburu zientifiko-teknikoak:

· Gasteizen bizi diren orkideen espezieak identifikatzea eta katalogo batean jasotzea.

· Eraztun Berdearen eremuan eta albitz-belardietan bizi diren orkideen inbentarioa egitea.

· Landa-lana egiteko eremuak aukeratzea, orkideen presentziari erreparatuta.

· Orkideen zentsua egitea, haien dinamika, fenologia eta kontserbazio-egoera ezagutzeko.

· Orkideen polinizatzaileak identifikatzea.

· Orkideak bizi diren zonaldeetako kudeaketa hobetzea, haien kontserbazioa bermatzeko.

Programa aurrera ateratzeko eta parte-hartzaile guztien lana koordinatzeko, egutegi bat ezartzen da. Boluntario bakoitzak aldez aurretik finkatutako eremu jakin baten ikerketa egiten du. Urtean, gutxienez, hiru bisita egin behar ditu datuak biltzeko. Bisitak honako denbora-tarteetan egin behar dir

· 1. bisita: apirilaren bigarren hamabostaldian

· 2. bisita: maiatzaren bigarren hamabostaldian

· 3. bisita: ekainaren bigarren hamabostaldian

Egutegia orkideak ikusteko garai egokienari erreparatuta eginda dago, espezie guztiak ikusi ahal izateko. Baina, hiru bisita horiez gain, boluntarioek apirila eta iraila bitartean beste hainbat bisita egiteko aukera dute. Derrigorrezkoak ez badira ere, komenigarriak dira hainbat espezie topatzeko.

Laginketa bakoitzean parte-hartzaileek landa-lana egiteko fitxa bat jarraitu behar dute. Bertan informazio hau jaso behar dute: laginketa-eremua, data, ikusitako espezieak eta espezie bakoitzaren kopurua eta egoera fenologikoa.

Lana errazteko eta parte-hartzea eraginkorra izateko, orkideetan aditua den koordinatzaile bat izendatzen da. Gainera, landa-lana hasi aurretik, boluntarioek orkideen inguruko ikastaro bat egiten dute, espezieak identifikatzeko, erroldatzeko eta kontserbatzeko estrategiak jasotzeko. Behin ikastaroa jasota, parte-hartzaile bakoitzak landa-eremua aukeratzen du.

Herritar bakoitzak koordinatzaileari bidali behar dizkio lortutako emaitzak. Bidalketa posta elektronikoz zein posta arruntez egin daiteke, eta, nahi izanez gero, Natusfera webgunean ere txerta daitezke. Horretarako, Gasteizko Udalak laguntza eskaintzen du.

Sakatu hemen jarraibideak ikusteko.