Mika (Pica pica) ospe txarra duen korbidoen familiako hegaztia da. Gizakiak bizi diren lekuetan egokitzeko ahalmena du, eta oso ugaria da Gasteizen. Izan ere, nekazaritza-eremuak utzi eta hirira mugitu da, ehizatik ihesean. Jarraipen-programak, kontserbazioaz gain, gizarteak harekiko duen iritzi negatiboa aldatu nahi du. Horretarako, miken habien errolda egiten da.

Urte osoan zehar martxan dagoen ekimena da, baina errolda apirila eta uztaila bitartean egitea gomendatzen da. Hilabete horietan mikak ugalketa fasean daude, eta errazagoa izaten da habietan dauden indibiduo kopurua zenbatzea.

Landa-lana egiteko boluntarioek ez dute material berezirik eraman behar. Habiak oso erraz ikusten eta identifikatzen dira, zuhaitzen adaburuetan edo sasietan egoten direlako. Lana egiteko, boluntarioek ibilbide batean zehar topatzen dituzten miken habiak erregistratzen dituzte. Koordenatuak idatzi behar dituzte, eta argazkia atera behar diote. Lana errazteko fitxa baten laguntza dute, eta datu hauek jaso behar dituzte: boluntarioaren datuak, data, habien koordenatuak eta ikusitakoaren deskribapena.

Datuak posta elektronikoz bidaltzen dira. Nahi izanez gero, Twitter zein Facebook sare sozialen bidez ere bidal daitezke.