Badira Gasteizen eskolara bizikletaz joaten diren ikasle eta irakasleak; eta ezagunak dira, zirkulazio-arauak ez errespetatzeagatik, noizean behin izaten diren istripuak. Gasteizko Udalak, jasangarritasuna hobetu nahian, bizikletaren erabilera bultzatzen du eskola-ekintzen bidez.

Helburu nagusia da hirian bizikletaz seguru eta autonomiaz zirkulatzeko behar diren trebetasunak eskaintzea. Horretarako, bizikletaz ibiltzeko diseinatutako azpiegiturak dituzten kaleetan zein hiriko gainerako bideetan, nola zirkulatu behar duten azaltzen zaie ikasleei. Gainera, bizikletaz ibiltzeko janzkera aproposa zein den jakingo dute, eta kaskoaren garrantziaz ohartuko dira.

Ekintza eskolan bertan egiten da. Ikasleek haien bizikleta eta kaskoa eraman behar dute. Ikastaroan oinarrizko zirkulazio arauak ezagutuko dituzte, eta bizikletaren maneiuan trebatuko dira. Arazo-egoerak planteatzen zaizkie eta ikasleek irtenbidea bilatu behar diote arazoari.

Ekimen horretan lantzen den oinarrizko konpetentziarik esanguratsuena elkarbizitzarako konpetentzia da. Horrez gain, mugikortasunaren inguruko hausnarketa eta garraio jasangarrien erabilera bultzatzen da.

LMHko 6. mailako eta DBHko 1. zikloko ikasleei dago zuzenduta. Urria eta maiatza bitartean egin daiteke.