Gero eta gehiago dira Gasteizko udalerrian topatzen diren espezie exotiko inbaditzaileak. Gizakia da horren errudun, berak mugitu baititu jatorrizko kokapenetik garraioak erabilita (itsasontzia, hegazkina, autoa…). Planetaren tenperaturaren igoerak ere izan du eragina lekualdatzean.

Horrenbestez, kanpoko espezieak bertako espeziekin elkartu dira Gasteizko udalerrian, espezie autoktonoen kalterako. Espazio-lehiaketa sortu dute, oso modu errazean eta azkarrean hedatzen baitira.

Programaren helburua da espezie exotiko eta inbaditzaileak goiz detektatzea. Horretarako, herritarren zientziaren metodologia erabiltzen du, eta beste erakunde batzuetan erabilitako estrategiak jarraitzen ditu.

Landa-lana egiteko boluntarioek ez dute prestakuntza berezirik jaso behar, baina fauna eta florako espezie exotikoen eta inbaditzaileen zerrenda eta gida bat eskuratzen dute. Ibilbide batean zehar topatzen dituzten espezieak erregistratzen dituzte. Koordenatuak idatzi behar dituzte, eta argazkia atera behar diote. Lana errazteko fitxa baten laguntza dute, eta datu hauek jaso behar dituzte: boluntarioaren datuak, data, koordenatuak eta ikusitakoaren deskribapena. Urte osoan zehar egin daitezke erregistroak.

Datuak posta elektronikoz bidaltzen dira. Nahi izanez gero, Twitter zein Facebook sare sozialen bidez ere bidal daitezke.