Eguneko tximeletak, beste espezie asko bezala, ingurumenaren osasunaren adierazleak dira. Gasteizko Udalak bertako tximeleta populazioaren inbentarioa eta jarraipena egin nahi du; hartara, udalerriaren ingurumen-egoeraren berri izango du lortutako emaitzekin. Izan ere, datuok balia daitezke Gasteizko udalerriko espazioak kudeatzeko eta hobetzeko jarraibideak ezartzeko unean.

2015ean jarri zen martxan, eta nabarmentzekoa da Lopinga achine espeziea zentsatu dela. Orain arte bakarrik Urduñan eta Europako Gailurren Parke Nazionalean zegoen erroldatuta. Europar Batasunak onartutako Habitat Zuzentarauan kaltebera kategorian katalogaturiko espeziea da Lopinga achine.

Programaren helburuak bi taldetan daude antolatuta: helburu orokorrak eta helburu espezifikoak.

Helburu orokorrak:

Bat egiten dute herritarren zientzian antolatzen diren beste ekintzen helburuekin. Hauek dira:

· Herritarrei zuzendutako ingurumen-jarduerak bultzatzea.

· Herritarren eta ingurumen naturalaren arteko erlazioa bultzatzea eta herritarrak biodibertsitatea kontserbatzeko eta babesteko ekintzetan parte hartzera bultzatzea.

· Herritarren parte-hartzea bultzatzea herritarren zientzian eta kontserbazio-lanetan.

· Habitat naturalen eta zonalde berdeen kudeaketa hobetzea.

· Biodibertsitatearen kontserbazio-egoeraren adierazleak sustatzea.

· Informazio guztia datu-base eguneratu eta komun batean biltzea, kontsultatzeko.

Helburu espezifikoak:

· Hiriko, hiri-inguruko eta nekazaritza-eremuko tximeletak identifikatzea eta inbentarioa egitea, herritarren parte-hartze zuzena sustatuta.

· Hainbat espezierentzat beharrezkoak diren guneak aurkitzea.

· Identifikatutako espezieak zenbatzea, populazio erroldak eginda.

· Tximeleta-espezie guztien jarraipen fenologikoa egitea.

· Gasteizko udalerrian bizi diren eguneko tximeleten katalogoa eratzea eta arriskuan dauden eguneko tximeletei bizi-eremu seguruak bermatzea.

· Informazio guztia datu-base eguneratu eta komun batean biltzea, kontsultatzeko.

Programa aurrera ateratzeko eta parte-hartzaile guztien lana koordinatzeko, egutegi bat ezartzen da. Boluntario bakoitzak aldez aurretik finkatutako eremu jakin baten ikerketa egin behar du, eta sei laginketa egin honako denbora tarteetan:

· 1. laginketa: apirilaren hamabostetik maiatzaren hamabostera

· 2. laginketa: maiatzaren hamaseitik ekainaren hamabostera

· 3. laginketa: ekainaren hamaseitik uztailaren hamabostera

· 4. laginketa: uztailaren hamaseitik abuztuaren hamabostera

· 5. laginketa: abuztuaren hamaseitik irailaren hamabostera

· 6. laginketa: irailaren hamaseitik urriaren hamabostera.

Parte-hartzaile bakoitzak lursail-eremu bat hartzen du laginketa egiteko. Oinez egin behar du, eta datuak fitxa bati jarraituta jasoko ditu. Informazio hau jaso behar du: laginketa-eremua, boluntarioaren izena, data, laginketa-ordua, ikusitako espezieak eta baldintza meteorologikoak. Gutxienez ordubeteko landa-lana egin behar du irteera bakoitzean, eta baldintza meteorologiko egokiekin egitea komeni da; hau da, egun eguzkitsuetan eta haize handirik gabekoetan.

Asmoa da laginketak urtero egitea, populazioen patroiak ezagutzeko eta intsektu horien kudeaketarako eta kontserbaziorako neurri egokiak hartzeko. Hori dela eta, komeni da urtero lursail berak izatea, horrek bermatuko baitu ezagutzea zer gorabehera ematen den aztertutako eremu bakoitzean.

Lana errazteko eta parte-hartzea eraginkorra izateko, tximeletetan aditua den koordinatzaile bat izendatzen da. Gainera, landa-lana hasi aurretik, boluntarioek eguneko tximeleten inguruko ikastaro bat egiten dute, espezieak identifikatzeko, erroldatzeko eta kontserbatzeko estrategiak jasotzeko. Behin hori eginda, parte-hartzaile bakoitzak landa-eremua aukeratzen du, eta lanerako gida bat jasotzen du.

Laginketak egin ondoren, parte-hartzaile bakoitzak koordinatzaileari bidali behar dizkio datuak. Identifikatutako espezie bakoitzaren argazkiak hartzea komeni da, koordinatzaileak ontzat eman dezan; horregatik, garrantzitsua da argazkiak zuzen etiketatzea. Bidalketa posta elektronikoz zein posta arruntez egin daiteke. Gainera, nahi izanez gero, Ornitho.eus plataforman ere txerta daitezke. Horretarako, Gasteizko Udalak laguntza eskaintzen du.

Sakatu hemen jarraibideak ikusteko.