Gasteizen herritarren zientzia egiten duen programarik berriena da. 2018an jarri zen abian, eta, dagoeneko dozena bat boluntario biltzen ditu. Hala ere, proban dago oraindik. Gasteizko udalerrian badira nekazariak diren familia ugari. Lurzoruaren egoerak produkzioa erabat baldintzatzen du, eta munduan lurzoru-hektarea asko galtzen dira kutsadurak edo higadurak jota urtero.

Programa honen helburu nagusia da nekazaritza-ekosistemen osasun-egoera diagnostikatzea. Zehar-konpetentzien garapenerako helburuak (herritarren partaidetza sustatzea, kontzientziazioa bultzatzea…), eta helburu zientifiko teknikoak ditu:

· Nekazaritza-praktika jasangarriak bultzatzea, sozio-ekonomia eta ingurumenaren ikuspuntutik.

· Lurzoruaren osasunean eragin dezaketen ekintzen berri ematea.

· Lurzoruaren osasuna hobetzeko ekintzak zehaztea.

· Informazio guztia datu-base eguneratu eta komun batean biltzea, kontsultatzeko.

· Arabako nekazariak lurzoruaren kontserbazioaren eta babesaren partaide egitea, haien lurren eboluzioa eta egiten dituzten jardueren ondorioak aztertzeko.

Programa aurrera ateratzeko eta parte-hartzaile guztien lana koordinatuta egoteko, egutegi bat ezartzen da:

· Lehengo landa-lana: maiatzaren 1etik 31ra

· Bigarren landa-lana: urriaren 1etik 31ra

Emaitza egokiak lortzeko, garrantzitsua da landa-lana ikerketa-zorua baldintza onenetan dagoenean egitea; horretarako, baztertu egin behar dira egun oso beroak eta hotzak, edo euri handikoak.

Neurketak egiteko Lurzoruaren Osasun Txartelak (LOT) erabiltzen dira. Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak diseinatu ditu, eta hainbat erakundek egindako (NEIKER, BLE, ENEEK eta ABERE) NEOT eskuliburuan (Nekazaritza-ekosistemen Osasun Txartelak) oinarritu da. Lurzoruen osasunaren 13 adierazle jasotzen dira, baita diagnostikoa egiteko jarraibideak ere.

Laginak labore-lerro artean hartu behar dira, eta hori egiteko tresneria banatzen zaie partaideei:

· Balantza (0-10 kg)

· Pala laua

· Hagaxka markaduna (8 mm-ko Ø)

· Zilindroa (10 cm-ko Ø) eta mailua

· pH-paperak eta ur oxigenatua (110 bol)

Horrez gain, momentuan betetzeko fitxa bat jarraitu behar dute, eta informazio hau jaso: laginketa-eremua (koordenatuak), data, baldintza meteorologikoak eta neurketen emaitzak.

Landa-lana egiteko, ikerketan erabilgarriak izan daitezkeen gidak hau izaten du eskura: izurriteak identifikatzeko gida, makro-fauna identifikatzeko gida eta emaitza txarren interpretazioa eta horiek hobetzeko aholkuak jasotzen duen gida.

Lana errazteko eta parte-hartzea eraginkorra izateko, hegaztietan aditua den koordinatzaile bat izendatzen da. Herritar bakoitzak hari bidali behar dizkio datuak. Bidalketa posta elektronikoz zein posta arruntez egin daiteke. Nahi izanez gero, Natusfera webgunera datuak igotzeko aukera dago. Hori egiteko jarraibide-fitxa erabil daiteke.