Enara azpizuria (Delichon urbicum) hegazti paseriforme migratzailea da, eta horietako batzuk Gasteizko udalerrian ugaltzen dira. Programaren helburu nagusia da habien errolda egitea, hegaztiaren kontserbazio-egoeraren berri izateko. Beste espezie askok bezala, enarak airearen kalitatearen berri ematen digu, eta, horregatik, adierazle biologikotzat har daiteke.

Habiak eraikinetan egiten dituzte; baina jendeak kendu izan ditu zikinkeria garbitzeko eta errehabilitazio-lanak egiteko. Programak eraikinetan egiten diren lanen kudeaketa eta gizartearen kontzientziazioa lortu nahi du.

Landa-lana egiteko boluntarioek ez dute prestakuntza berezirik jaso behar, baina habiak topatzeko argibideak jasotzen dituzte. Ibilbidean topatzen dituzten enara azpizuriaren habiak erregistratzen dituzte. Koordenatuak jaso eta argazkia atera behar diote. Lana errazteko fitxa baten laguntza dute, eta, datu hauek islatu behar dituzte: boluntarioaren datuak, data, habien koordenatuak eta ikusitakoaren deskribapena.

Urte osoan zehar martxan dagoen ekimena da, baina errolda apirila eta abuztua bitartean egitea gomendatzen da. Hilabete horietan ugalketa fasean daude, eta errazagoa izaten da habietatik sartu-irtenak ikustea.

Datuak posta elektronikoz bidaltzen dira. Nahi izanez gero, Twitter zein Facebook sare sozialen bidez ere bidali daitezke.