Ikusgarriak diren arren, nahiko ezezaguna da herritarrentzat odonatuen intsektuen ordena. Kontserbazio-programarekin, Gasteizko udalerriko ur-ekosistemetan bizi diren odonatuen ikerketa egiten da, eta animalia horien ekologiaren, portaeraren eta sakabanaketaren inguruko informazioa biltzen da. Eraztun Berdea eta hiri barneko ur-ekosistemak ikertzen dira. Lortutako datu horiei guztiei esker, ikertu diren uren egoera eta kalitatea zehaztu da, eta ur-eremuen kudeaketan eragin da. Ondorioz, hiri barneko hainbat ur-eremuren perimetroa aldatu da dagoeneko. Gainera, porlana kendu da, eta odonatuen bizitza eta ugalketa babesteko bestelako materialak jarri dira.

Herritarren zientzia egiteko odonatuek eskaintzen dituzten abantailak honakoak dira:

  • Ikusgarriak dira eta harrapatu gabe erraz identifikatzen dira, gehienetan.
  • Ur-eremuetako uraren hainbat faktoreren adierazleak dira.
  • Araba aldean 51 espezie bizi dira (espezie kopurua ez da zabala).
  • Hainbat espezie arriskuan daudenez, populazioen banaketa eta dentsitatea ikertzea interesgarria izaten da, benetako egoeraren diagnostikoa egiteko.

2014an jarri zen martxan helburu nagusi batekin: Gasteizko ur-ekosistemetan bizi diren odonatuen ekologia, portaera eta banaketaren ezagutza areagotzea. Helburuak bi taldetan daude antolatuta: zeharkako konpetentzien garapenerako helburuak (herritarren partaidetza sustatzea, kontzientziazioa bultzatzea…) eta helburu zientifiko-teknikoak. Hauek dira batzuk:

· Udalerriko odonatuei buruzko jakintza hobetzea, espezien populazioaren dinamika ezagutu ahal izateko.

· Espezieen bilakaera aztertzea, laginketa egiteko gune finkoak ezarrita.

· Interesgarriak diren eta mehatxatuen dauden odonatu espezieentzat guneak aurkitzea.

· Informazio guztia datu-base eguneratu eta komun batean biltzea, kontsultatzeko.

· Kartografia bat eratzea laginketan lortutako informazioarekin.

Programa aurrera ateratzeko eta parte-hartzaile guztien lana koordinatzeko, egutegi bat ezartzen da.

· Lehenengo laginketa: maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartean

· Bigarren laginketa: ekainaren 16tik uztailaren 15era bitartean

· Hirugarren laginketa: irailaren 16tik urriaren 15era bitartean

Landa-lana goizeko 11:00etatik arratsaldeko 17:00etara bitartean egiten da. Gainera, baldintza meteorologiko jakin batzuk behar izaten dira laginketa eraginkorra izateko: gutxienez 20ºC-ko tenperatura, egun eguzkitsua eta haize bortitzik gabekoa. Prismatikoak eta odonatuen identifikazio-gida dira beharrezkoak lana egiteko. Horrez gain, unean bertan betetzeko fitxa bat jarraitu behar dute, eta informazio hau jaso: laginketa-eremua, boluntarioaren izena, data, laginketa-ordua, ikusitako espezieak eta espezie bakoitzeko kopuruaren estimazioa, baldintza meteorologikoak eta ugaltze-seinaleak. Landa-lana bideratzeko fitxan azaltzen da azken datu hori kalkulatzeko jarraibidea.

Identifikatutako espezie bakoitzaren argazkiak hartzea komeni da, programaren koordinatzaileak edo beste adituren batek ontzat eman ditzan. Garrantzitsua da argazkiak zuzen etiketatzea.

Herritar bakoitzak lortzen dituen datuak koordinatzaileari bidali behar dizkio. Bidalketa posta elektronikoz zein posta arruntez egin daiteke, eta nahi izanez gero, ornitho.eus plataforman ere txerta daitezke. Horretarako, Gasteizko Udalak laguntza eskaintzen du. Sakatu hemen jarraibideak ikusteko.