Ura baliabide mugatua da, eta jakina da kontsumoa behar baino handiagoa dela. Egoeraz jabetzeko jarduera antolatu du CEAk, AMVISArekin batera.

Bi bisita gidatu egin daitezke:

1) Arakako EUAra: ura edangarria izateko zer prozesu egin behar den azaltzen da. Instalaziora bisita egiten da, maketa bat aztertuta hornikuntza-sarea ezagutzen da eta tailerra egiten da.

2) Krispiñako ur-araztegira: ur zikinek naturara bueltatu baino lehen izan behar duten tratamendua nolakoa den azaltzen da. Instalazioak bisitatzen dira, eta ekintza praktiko bat egiten da laborategian.

Teknologiarako konpetentzia eta konpetentzia zientifikoa lantzen dira. Horrez gain, zehar-konpetentzia hauek: elkarbizitzarako konpetentzia eta izaten ikasteko konpetentzia.

Ekintzaren helburuak hauek dira:

  • Gasteizko ura edangarri izateko eta garbitzeko erabiltzen diren instalazioak ezagutzea.
  • Araztegiek lan egiteko behar duten energiaren kontsumoaren berri ematea.
  • Uraren kutsaduraz sentsibilizatzea.
  • Ura aurrezteko ekintzak bultzatzea.

DBHrako, Batxilergorako eta formakuntza zikloetarako prestatuta dagoen eskola-jarduera da, urria eta ekaina bitartean egin daitekeena.