Araba oso inguru egokia da eguneko zein gaueko tximeleta-espezie asko topatzeko, bai dituen kokapen geografiko eta ezaugarri geofisikoengatik, bai bertako biztanleek ingurumenarekin izan dituzten jokabideengatik. Gaueko tximeletak ingurune naturalaren egoeraren adierazleak dira, eta bete-betean pairatzen dute klima-aldaketen eragina. Ondorioz, ingurune jakin bateko tximeleten populazioaren bilakaerak adierazten du eremu horrek hobera ala okerrera egin duen. Kontserbazio-programa aurrera eramateko Asociación Zerynthia-ren laguntza jasotzen dute.

Programa honek du boluntario gutxien. Alde batetik, hiru urte bakarrik daramalako martxan (2016an jarri zen abian), eta bestetik, gaueko tximeletak ez direlako pertsona askorentzat erakargarri. Hori dela eta, Ataria interpretazio-zentroak hainbat ekintza antolatzen ditu, jendea erakartzeko eta parte-hartzaileen fidelizazioa lortzeko. Besteak beste, seminarioak, jarduera praktikoak…

Programaren helburu nagusia da gaueko tximeleten jarraipena indartzea Gasteizko udalerrian. Gutxi ezagutzen diren espezieen informazioa jasota, populazio-dinamikak aztertzeko informazioa lortzen da. Gogoratu behar da tximeletek ere hainbat landareren polinizazioan laguntzen dutela, eta gaueko tximeleten ezaugarri nabarmenetako bat dela forma askotariko antenak dituztela.

Programaren helburuak bi taldetan daude antolatuta: zehar-konpetentzien garapenerako helburuak (herritarren partaidetza sustatzea, kontzientziazioa bultzatzea…) eta helburu zientifiko teknikoak:

· Gasteizen dauden tximeleta gautarren inguruko ezagutza hobetzea, zabaltzea eta eguneratzea.

· Herritarrei tximeleta gautarren berri ematea, eta kaltegarriak eta nazkagarriak direlako ustea okerra dela jakinaraztea.

· Ugaritasunari eta fenologiari buruzko datuak eskuratzea.

· Ugarien diren espezien populazio-joeren berri izatea, klima-aldaketarekin nahiz tokian tokiko beste faktore batzuekin erlazionatzeko. Izan ere, tximeleta gautarren balio bioadierazlea egunekoena bezain interesgarria da.

· Espezie mehatxatuei eta babestuei buruzko informazioa biltzea, hala nola, Proserpinus proserpina edo Eriogaster catax espeziei buruzkoa.

· Espezie berriak dauden detektatzea, espezie inbaditzaileen balizko plagen aurrean alerta goiztiarra emateko moduan egoteko.

Programa aurrera ateratzeko eta parte-hartzaile guztien lana koordinatzeko, egutegi eta ordutegi bat ezartzen da. Hauek dira errolda egiteko ezarritako datak:

· Programaren hasiera: 2016ko urtarrilaren 1a

· Programaren bukaera: 2017ko abenduaren 31

· Laginketak: astero eta, ahal izanez gero, egun eta ordu hauetan:

      • Asteazkenetan, 8:00etan
      • Larunbatetan, 10:45ean

Laginak hartzeko argi-tranpa bakarra dago Salburu parkean. Tranpa finkoa da, eta gauean sitsak harrapatu eta atxikitzeko aukera ematen du, hil gabe. Sentsore fotosentikorra du, eta automatikoki pizten da argi-intentsitatea jaitsi dela nabarmentzen duenean. Tranpa 65 x 65 x 120 cm-ko mahaia da, eta merkurio-gasezko argia du tximeletak erakartzeko. Oihalezko kaiola batean erortzen dira, bonbillaren azpian jarritako metalezko inbutu bati esker, eta bertan geratzen dira harrapatuta, hurrengo goizera arte. Tranparen barruan arrautza-ontzi batzuk izaten dituzte, babes-leku. Boluntarioak goizean goiz hurbiltzen dira tranpara espezieak identifikatzera, eta askatzen dituzte, kalterik ez eragiteko. Kremailera batek aukera ematen die tximeletak askatzeko.

2016 urtetik 518 taxon identifikatu dira, eta 2018an 4414 tximeleta erroldatu zituzten tranpa bakarra erabilita. Etorkizunean, Olarizun beste tranpa bat jartzea espero dute. Aipatzekoa da 2018an identifikatu zuten Cydalima perspectalis espezie inbaditzailea, Asiatik ekarritakoa. Datu gutxi dauden arren, sumatzen dute ez dagoela erlazio zuzenik ilargi-fasearen eta gaueko tximeleta kopuruaren artean. Ikerketak aurrera egin ahala, ziurtatuko da hipotesia.

Parte-hartzaileek fitxa bat jarraitu behar dute laginketa bakoitzean. Informazio hau jaso behar dute: laginketa-eremua, boluntarioaren izena, data, laginketa-ordua, ikusitako espezieak, baldintza meteorologikoak eta ilargi-fasea.

Lana errazteko eta parte-hartzea eraginkorra izateko, tximeletetan aditua den koordinatzaile bat izendatzen da. Gainera, landa-lana hasi aurretik, boluntarioek eguneko tximeleten inguruko ikastaro bat egiten dute, espezieak identifikatzeko, erroldatzeko eta kontserbatzeko estrategiak jasotzeko. Behin ikastaroa eginda, parte-hartzaile bakoitzak landa-eremua aukeratzen du. Egitekoa errazteko eta bideratzeko gida bat ematen zaie.

Herritar bakoitzak lortzen dituen datuak koordinatzaileari bidali behar dizkio. Bidalketa posta elektronikoz zein posta arruntez egin daiteke, eta, nahi izanez gero, Natusfera webgunean ere txerta daitezke. Horretarako, Gasteizko Udalak laguntza eskaintzen du.

Sakatu hemen jarraibideak ikusteko.