Ingurumen Gaietarako Ikastegia (CEA) da Gasteizen ingurumen-hezkuntza programak bultzatzen eta kudeatzen dituen erakundea. 80ko hamarkadan sortu zen Gasteizko eskualdean ingurumen-hezkuntza bultzatzeko asmoz, eta 1995ean erakunde autonomo bihurtu zen. Gaur egun hainbat esparru aztertzen ditu: Geografia Informazioko Sistemak, teledetekzioa, enpresentzako ingurumen-zerbitzuak, ingurumenean izandako inpaktuen balorazioak eta zuzenketak, birziklatzea etab. Gainera, elkarlanean aritzen da hainbat unibertsitaterekin eta ikerketa zentrorekin, besteak beste, praktikaldiak eta doktoretza-tesiak aintzat hartzeko.

Orokorrean, lau arlo garatzen ditu:

1) Ingurumen-sentsibilizazioa eta hiri-iraunkortasuna

2) Iraunkortasunerako informazioa eta berrikuntza

3) Iraunkortasunaren azterketa, diagnosia eta ebaluazioa

4) Agentzia Energetikoa

Webgune honetan 1 atala garatuko da, eta DBHra eta DBHOra egokitutako eskola-jarduerak azalduko dira (Eskolako Agenda 21 ez da landuko). Gainerakoei buruzko informazioa ikusteko sakatu hemen.

ESKOLA-JARDUERAK

Aspaldikoa da CEA eta eskolen arteko harremana, eta bizirik dirau. Denborak aurrera egin ahala, parte hartzen duten ikasleen adina aldatu egin da; izan ere, adinean gora doazen ikasleen parte hartzea txikiagoa da.

Grafikoak adierazten du zein izan den ikasle-kopuruaren bilakaera:


Ikusten denez, Lehen Hezkuntzako eskolak dira gehien parte hartzen dutenak. Beste muturrean daude Batxilergoko ikasleak. Horien partaidetza gero eta eskasagoa da, azken urtean 53 ikasle baino ez. Arrazoia selektibitatea prestatzeko behar duten denbora da. Batxilergoko curriculuma oso zabala da, eta, normalean, denboraz justu ibiltzen da irakasleria edukiak emateko. Hori dela eta, Batxilergoan, eta batez ere Batxilergoko 2. mailan, ez da kanpoko ekintza askorik egiten..

CEAk antolatzen dituen eskola-jardueretarako baliabide didaktikoak daude. Hau da, eskola-jarduera bakoitzak material didaktiko jakina du. Hartara, irakasleek unitate didaktikoak eta bestelakoak erabil ditzakete eskola-jarduera osatzeko. Ekintzek erabateko zentzu pedagogikoa izan dezaten, komeni da irteera egin baino lehen aztertzea ikasleekin zer landuko den, eta, ondoren, aztertutakoaren laburpena eta ebaluazioa egitea. Eginkizun horretarako CEAk sortu dituen materialak erabil daitezke.

Prestatutako ekintzak bat datoz Heziberri 2020k ezartzen duen curriculumarekin; beraz, egoki antolatuz gero, ondo txerta daitezke jarduera horiek eskolako eguneroko lanean.