Urrutiko mahaigaina eta screencasting-ak

Zer da urrutiko mahaigaina?

Proiektu batzuk egiteko, interesgarria da urrutitik eragitea, hau da, fisikoki RPi gailua dagoen lekuan egon gabe jardutea. Edo, besterik gabe, sagurik, teklaturik edo pantailarik gabeko RPi gailuari aginduak beste ordenagailu batetik ematen ikastea.

Minecrafterako aplikazioei dagokionez, screencasting-ak egiteko erabili daiteke RPi gailua.

Zer da screencasting bat?

Era honetako programek pantailan jasotzen den guztia grabatzen dute, eta tutorialak egiteko zein klaseak emateko erabiltzen dira. RPi3an zuzenean pantaila-argazkiak atera daitezkeen arren, hanka-motz geratzen da bideoak bihurtzeko edo errendatzeko. Aitzitik, pantailan agertzen dena grabatu ere egin daiteke beste ordenagailu batetik ikustean. Konexio hori gertatzeko aukeratu den teknologia da VNC.

VNC abiaraztea

VNC edo Virtual Network Computing, azken batean, sare-zerbitzu bat da (interfazea, alegia). Aurrez instalatuta datorren arren, ez da martxan jartzen aktibatu arte; Raspbianen ohikoa denez, menutik zein terminaletik aktibatu daiteke. Hasteko, hautatu Enable (gaitu) aukera Hobespenak > Raspberry Pi Configuration barruan, Interfaces erlaitzean, VNC atalean, edo bestela, egin terminaletik sudo raspi-config idatzita (pasahitza: raspberry): joan Advanced Options > VNC aukerara, eta sakatu Yes.

VNC programa bezero-zerbitzari ereduan oinarritzen da. Raspbianek zerbitzari gisa funtzionatzen du eta konektatzen denak, ostera, bezero gisa. Hori bideratzeko, VNC programak lehentasunez instalatuta dakar RealVNC etxearen VNC Connect zerbitzaria. Aurreko pausoa egitean, goiko programa-barran agertzen den ikonoak adierazten du programa martxan dagoela. Berriz desgaitu arte, gailua pizten den bakoitzean abiarazten da VNC zerbitzua.

Beste ordenagailu batetik RPi pantailan gertatzen dena jasotzeaz gain, Minecraft grabatzeko ezarpen batzuk aldatu behar dira zerbitzariaren aldean. Horretarako, egin klik aipatu ikonoan, eta, ondoren, sakatu eskuineko marradun botoiari; segidan, hautatu Options... Troubleshooting atalean eta gaitu Optimize Screen Capture > Enable Experimental Direct Capture Mode. Ezaugarri horri esker, gainjarritako irudien programak ikusten dira; bestela, atzeko leiho beltza ikusten da soilik. Halaber, beste xehetasun batzuk ere aldatu daitezke hobeto ikusteko, leku berean (Options… barruan), beheragoko Expert atalean aldagai hau eguneratuta: ServerPreferredCoding=JPEG. Horrekin guztiarekin, prest dago zerbitzaria urrutitik konektatzeko.

Hori guztia egindakoan, bezeroa izango den gailuan VNC Viewer instalatu eta konfiguratu behar da. Bakoitzaren sistema-eragilearen araberakoa da deskarga: iOS, Android, macOS, Windows, Linux, Chrome, Solaris, AIX… Deskargatzeko, egin klik lotura honetan. Bezeroaren atalean, sakatu File > New Connection programa abiarazi eta konexioa ezartzeko.

Dena den, RPi gailuaren sare lokaleko IP helbidea zein den jakin behar da konexioa ezartzeko. Alde batetik, terminalean ifconfig idatzita jakin daiteke, eta, bestetik, nahikoa da VNC zerbitzaria irekitzean ezkerraldera begiratzea. Bidea edozein delarik ere, IP helbideak tankera hau du: 192.168.0.X.

Aurrera jarraitzeko, jomugako sisteman sartzeko, alegia, erabiltzailearen kredentzialak sartu behar dira, eta honako hauek ditu Raspbianek lehenetsita: erabiltzailea pi eta pasahitza raspberry. Horiek sartu bezain laster, RPi mahaigaina agertzen da, eta bertatik zuzenean eraginda bezala kontrolatzen da. Azken ezarpena konfiguratzeko, sakatu tekatuan F8 eta Properties… barruan, Expert erlaitzean, ezarri ColorLevel=full. Kito! Egoeraren jaun eta jabe zara.

Bestalde, badago VNC bidez makina birtualak jartzeko aukera ere. Lotura honetan daude horretarako ezarpenak eta baita sare lokaletik at, Internet bidez, zerbitzaria atzitzeko azalpenak ere.

Pantaila-argazkiei dagokienez, berriz, ezer instalatu gabe egiten dira bezeroaren gailutik, erabiltzaileak duen sistemaren arabera, betiere. Alabaina, gehienetan aparte instalatu behar izaten dira pantailaren bideoak grabatzeko programak. Esaterako, Ubuntun pantaila-bideoak ateratzeko tresna egokia da Peek, GIF formatu arinean grabatzen baitu. Raspbianen, aldiz, Minecraften pantaila-irudiak eskuratzeko tresna egokiena raspi2png da; eta gogoratu RPi3 makalegia dela bideoak jasotzeko, baina hura dela gainjarritako irudiak dituzten aplikazioak grabatzeko gaitasuna duen bakarretakoa. Instalatu beharrik ez duen aukera bat Screencast-O-Matic da; hodeiko zerbitzu bat da eta Google Drive edo Dropboxen gordetzen ditu grabazioak. Ordainpekoa da, hala ere.

Atal hau amaitzeko, ezin da aipatu gabe utzi SSH urrutiko kontrolerako aukera. SSH ere zerbitzu gisa gaitu behar da, eta aukera ematen du urrutitik agindu-lerrora sartu eta administratzailearen baimenekin jarduteko: programak abiaraztea, geratzea, fitxategiak kopiatzea edo bidaltzea, besteak beste. Xehetasun gehiagorako, hona hemen lotura.

Raspbianek raspi2png aplikazioa du, eta baliabide ona da gainjarritako irudiak darabiltzaten programei argazkia ateratzeko, era arruntean aterata Minecraften leiho beltza bakarrik jasotzen baita. Hemen, segundu batez itxaroteko agindu zaio, prestatzeko. Beste aukera bat da VNC bidez konektatuko gailutik bideoa edo argazkia jasotzea.