Bideo-jokoa: amua

Zer da Minecraft?

Matematikoki adieraztearren, kuboz osatutako matrize erraldoi bat da Minecraft. Mundu irekia da bideo-jokoa, bakoitzak nahi duena egiteko askatasuna ematen duen mundu birtuala. Ez dago gidoirik eta ez dago hari zehatz bati jarraitu beharrik. Bizirautea eta sorkuntza ditu ardatz: etenik gabe, gau eta egun, lehengaiak ustiatu, sortu, babestu, elikatu, esploratu, atseden hartu... egiten dira, zikloan.

Minecraft: Pi Edition, berriz, jatorrizkoaren aspaldiko bertsio baten moldaketa arina da. Bertsio honek arerio doilor eta odolzalerik gabeko ingurunea erakusten du, eta ez dago bizirauteko erronkarik: ez dago ez basapiztiarik, ez gaueko etsai zelataririk, ezta bizirautea arriskuan jarri dezakeen inolako mehatxurik ere. Are gehiago, ez dago jan beharrik eta inork ezin du urpean ustekabean ito; ez du bereizten ez egunik ez gaurik, eguraldia ez da aldatzen ezen urrutira ikustea ukatzeko lainoagatik ez bada. Meatze-lan astunik ez dago, normalean nekez ustiatzen diren materialak inbentarioan baitaude nahieran. Alabaina, ahaideen funts bera du: blokezko ingurunea eraldatzea, hain zuzen.

Bestalde, eutsi egiten dio multijokalarian jolasteko aukerari: lokalean edo sarean jolastu daiteke eta aukeran dago partida bakarrean hainbat ordenagailutako erabiltzaileak batzea auzolanerako.

Code.org webgunean programazioa lantzeko jardueren artetik, batek Minecraft du ardatz. Zator meategira programatzera! Scratch atalekoaren antzekoa da. Hona hemen bideo-jokoari egindako aurkezpena!

Zergatik Minecraft: Pi Edition?

Jakintzari etekina ateratzeko eta jakintza hori eraginkorra izateko, ezinbestekoa da ezagutzak modu erakargarrian jasotzea. Norbere gabeziak aitortu behar dira batetik, eta bestetik, horiek asetzeko beharra ikusi. Ikastaro honetan, jolasaren bidez programatzen irakatsiko da; izan ere, astuna eta aspergarria da zenbaki-segidak ordenatzeko algoritmoak buruz ikasiz programatzen aritzea. Horretarako, kode irekian partzialki utzi den bideo-joko arrakastatsu baten programazioan sakonduko da, eta gustuko jardunean landuko dira Informazio eta Komunikazioen Teknologietako oinarrizko konpetentziak eta gaitasunak. Izan ere, Minecraftek sekulako aukerak ematen ditu. Programatzeko aukera asko emateaz gain, lanabes bikaina da hasiera-hasieratik abstrakzio espaziala eta matematikoa lantzeko.

Minecraft Pi oso arina da teknikoki, eta makina apalenak ere gobernatu dezake. Baliabide material gutxi behar izatea ere ezinbesteko baldintza da oinarrizko hezkuntza eta jakintza unibertsala bermatzeko.

Minecraft Piren mugak erabiltzailearen irudimenak zehazten ditu. Nahieran eraiki eta apurtu daiteke jokalariaren ingurua, eta Pi Edition honen azken xedea programatzen ikastea den arren, jolasean pertsonaiaren kontrola ere hartu daiteke. Sormena, ekintzailetza, pentsamolde kritikoa, errespetua, herritartasuna eta elkarlana sustatzen ditu, arazoak eta erronkak autonomiarekin ebazteko.

Eginez ikastea du ardatz, hau da, erronka errealei probetxuzko irtenbideak bilatzen ikastea, behar adinako autonomiaz bilatu ere. Hainbat programazio-lengoaiarekin eragin dakioke, Pythonekin edo Javarekin, nahi izanez gero. Gainera, doikuntza batzuk eginda, Scratch ingurunetik ere programatu daiteke.

Esan gabe doa Minecraft Pi ez dela software librea, jabedun softwarea baizik, baina partzialki bada ere, kode irekiduna da; hau da, liburutegia lau haizetara zabaldu dute apropos, nahi duenak nola funtzionatzen duen ulertu eta eguneratzeko baimenarekin, gainera. Askatasun horri ezarri dioten muga bakarra da eratorritako produktu berria komertzialki banatzeko debekua. Gainerakoan, ez kikildu! Ikasi, berrasmatu, eraiki, jolastu, lehiatu! Zatoz meategira programatzera!

Minecraft Pi eskolan

Minecraft diziplinarteko proiektuetarako lanabesa ere izan daiteke eta herrialde askotan dagoeneko erabiltzen dute Hizkuntzak, Kimika, Geologia, Geografia, Historia, Musika edota Teknologia ikasgaietan. Egiturak nahieran konbinatuz, mundu birtualak eraikitzen dira, eta mundu horiei sinesgarritasun handiagoa emateko jokalariak mozorrotu egin daitezke. Horrela, erraza izaten da istorioan buru-belarri murgiltzea.

Halaber, lehengai motak eta haien ustiaketa, osaera edo lanketa modu erakargarrian erakusteko aukera ematen du eta baita oinarrizko egiturak landu eta hainbat solairutako eraikinak sortzeko ere, habeak eta zutabeak doi-doi jarriz. Horrekin batera, erabiltzaileak bere musikarekin alaitu dezake soinurik gabeko Minecraft Pi goibela, programatzeko oinarrizko ezagutza xumeak aplikatuta. Bide batez, marrazketa diedrikoa ere landu daiteke, Minecraftekin sortu nahi diren irudien bistak eta perspektibak aurretiaz paperean zirriborratuz. Horrez gain, ezinbestean lantzen da matematika ere, etengabe ibili behar baita koordenatu kartesiarrekin kalkuluak egiten. 3D inprimagailua dutenek haien sorkuntzak eskalan inprimatu ere egin ditzakete, Mineways programarekin zuzenean formatura esportatuz, besteak beste.

Jonathan McCallum youtuber-aren ingeleseko klasea Minecraftetik. Ikasleak gonbidatzen ditu haien bizipenak eta bideo-jokoaren funtzionamendua azaltzera. What could you tell me about Minecraft? izan zen abiapuntua, galdera-eragilea; ez da beste aitzakiarik behar.