Meategira masusta bila joandako pitoi hegalariaren eleberria


Hitzaurrea

Adventure Time marrazki bizidunetako kapitulua edo umeentzako ipuin baten izenburua dirudi, baina ez da hala, programatzen ikasteko aukeratutako baliabide sortarekin egindako hitz-jokoa baizik. Funtsean, egitasmo honen xedea da proposamen erakargarria, jasangarria eta bidezkoa aurkeztea: gailua eta plataforma (masusta), aplikazioa (meategia), lanabesa (pitoia) eta auzolanerako tresna (aztikeria):

Raspberry Pi (Raspbian) + Minecraft + {Python | Scratch} + Git

Minecraft bideo-jokoan aplikatuko dira ikasgaiak, eta bideo-jokoa pizgarria da ikasleak erakartzeko, programatzen ikastea eta aisialdia lotzen baitira. Aukera aparta da sortzeko, eraldatzeko, ikasteko, irudikatzeko eta partekatzeko. Ikastaroaren oinarria programatzeko tutoriala da, baina hari jarraitzeko interes berezirik ez duenak ere bere kabuz jardun dezake goiko erlaitzetan ikertzen.

"Konputazioa printzipioa da; ordenagailua, aldiz, lanabesa."

Robert Denning

"Teleskopioak astronomiari dagozkien beste dagozkie ordenagailuak Konputazio Zientziari."

Edsger Dijkstra

Minecraft programatzeko inguruneak sistema baten gainean jardun behar duenez, plataforma gardena aukeratu da. Halabearrez aukeratu ere, funtzionamendua erakusten ez duen tresnatik ez baita doan ezer ikasten. Ez soilik alderdi ekonomikoari erreparatuta, esparru gehiago ere garesti ateratzen baitira mugak eta eragozpenak agertzen hasten direnean. Hori dela eta, kode irekiko gailuak eta aplikazioak erabiliko dira hemen.

Kode Irekia (Open Code edo Open Source Code) deitzen zaio egitura ikusgai edo libre uzten duen softwareari zein hardwareari, eta jaso eta berregin nahi dituenak kontsultatzeko moduan uzten ditu. Subiranotasun teknologikoa jakintza libretik hasten da, eta eredu hori babesten duten baliabideen alde egin da hemen. Izan ere, Minecraftek badu hezkuntzara doitutako bertsioa (Minecraft: Education Edition), baina baztertu egin da ordaindu egin behar delako, jarduerak oso bideratuak direlako eta, batez ere, Windows 10 sistemara mugatzen delako. Horren ordez, Minecraft: Pi Edition aukeratu da, kodea partzialki libre duelako eta sistema libre baten gainean dabilelako (Raspberry Pi gailua eta haren Raspbian sistema-eragilea).

Izan ere, ikastaro honetan alternatiba praktikoak, arinak eta erabilera anitzekoak erakutsi nahi dira, Eskola 2.0 eramangarrien proiektu zaharkituaren alternatibak, alegia. Gurasoek, ikastetxeek eta ikasleek independenteki kudeatzeko besteko kostua eta mantenu jasangarria duen eredu gardena aurkeztu nahi da.

Aitzakia eta plataforma zehaztu ostean, ikasteko programazio-lengoaia hautatu behar da, eta egokiena da ez dakien batek erraz ulertzeko eta idazteko modukoa izatea. Baldintza horiek betetzen dituzten bi programazio-lengoaia hauek landuko dira: alde batetik, Scratch aplikazioa, programatzen ikasten hasteko eta adimen konputazionalaren oinarriak jasotzeko; eta, bestetik, Python, aplikazio errealak dituen benetako programazioa. Hala izanagatik ere, ikasten hasteko samurra da (lengoaia interpretatua delako), eta ezaugarri aurreratuak baliatzeko ahalmena du (objektuak, alegia).

Azkenik, bolo-bolo dabilen auzolan informatikorako tresna sartu da. Software librearen garapenean eragile guztiek parte hartzea ahalbidetzen duen tresna da Git, garatzaileek eta kontsumitzaileek ezagutu beharrekoa. Gainera, koherentzia-ariketa da: jakintza aske jaso, aske jasotakoaren gainean tresna berriak sortu, eta sortutakoak partekatuz jakintza areagotu.

Ikasgaien arteko lankidetza curriculumean

Aspalditik du arrakasta Minecraftek gazteen eta nerabeen artean, eta aukera ematen du hainbat ikasgaitako edukiak aurkezteko eta azaltzeko (Matematika, Fisika, Geografia eta Historia, Teknologia, IKT, hizkuntzak...). Esate baterako, Herrialde Katalanetan hasi dira egitasmoak curriculumeko hainbat alderdi Minecraftekin lantzeko, eta dagoeneko erabiltzen dute AEBetan, Suedian, Ingalaterran edo Irlandan. Euskal Herrian ere hasi dira irakasle batzuk erabiltzen, eraikuntzak egiteko, istorioak kontatzeko zein ikasleek gustuko dutena kontaraziz zailtasunak dituzten hizkuntzan jarduteko.

Zatoz meategira programatzera! material-bilduma hau IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) edo Informatika ikasgaietara bideratuta dagoen arren, biltzen ditu beste arloetarako ereduak eta ikasgaien arteko elkarlanerako proposamenak ere. Esan gabe doa Raspberry Pi euskarria bera ere erabilgarria dela ordenagailuak erabiltzen diren edozein ikasgaitan, eta, bide batez, ikastetxeko zenbait gelatako masifikazioa arintzeko balio dezakeela.

Oharkabeko ikasgaia

Herrialde askotan balio handia dute aplikazioen programazioak eta adimen konputazionalak, eta XXI. mendeko Latina dela ere esaten da. Ez dago zalantzarik egungo ikasleek haien lan-ibilbidean eta bizitzako beste esparru batzuetan erabiliko dituztela, baina gaur-gaurkoz gutxietsi egiten dira. Ikuspegi motza da konputazioa mugatzea ordenagailua erabiltze hutsera, zientzia zabala baita; izan ere, lan-esparru horretan arituko ez direnek ere aterako diote etekina programatzen ikasteari: arazoei konponbide egituratuak edo analitikoak bilatzeko, algoritmo propioak sortzeko edo adimen konputazionala eskuratzeko, matematikaren oinarriak egoera errealetan aplikatzeko, robotikan hasteko, elektrizitatea eta elektronika lotzeko, besteak beste, erabiltzen baita.

Edurne Larraza Donostiako Informatika Fakultateko irakaslearen iritziz, adibidez, harropuzkeria da pentsatzea programatzen ikasteak arestian aipatutako gaitasun horiek guztiak bermatu ditzakeela: "Oso desberdina da hori esatea eta ziurtatzea programatzen ikasten duen pertsona orok gaitasun horiek garatu eta bizitzako beste egoeratara transferentzia egiteko gaitasuna garatuko duela". Dena den, deigarria dena programazioa ez irakastea da STEM paradigmako (Sciences, Technology, Engineering and Mathematics) komunikazio-hizkuntza amankomuna izanda ere.

Edurne Larrazaren arabera, argi dago "informatika jakiteak lagunduko diela umeei inguratzen dituen mundua ezagutzen [...] hori dela derrigorrezko hezkuntzaren helburuetako bat eta ezin [...] ukatu informatikaz inguraturik bizi garenik". Aitzitik, programatzen ikasteak dinamikak irauli eta partaide izatearen sentimendua sortzen du, eta mesede egiten die informatika karrera gisa ikusten ez duten kolektiboei. Halaber, konputazioaren ezagutza goiztiarrek bigarren hezkuntzaren eta unibertsitatearen arteko arrakala lekuntzen ere lagundu dezakete.

Atzeratuta goaz oraindik orain, beste lekuetan baten batzuk ohartu baitira teknologiaz inguratuta dagoen gizarte batek, erabiltzaile-ikuspuntutik harago, garatzaile eta sortzaile digitalak beharko dituela bihar; alegia, aurreikusten dute etorkizuneko herritarrek gai izan beharko dutela aplikazio xumeenak barrutik nola funtzionatzen duen jakiteko, haien produktu teknologikoak sortzeko eta merkatuan daudenak aldatzeko. Esaterako, laster, Internet of Things edo Gauzen Interneta etxean bertan doitzeko hainbat nozio jakin beharko dira, eta garai batean etxean josteko makina izatea bezain arrunta izango da 3D inprimagailua edukitzea eta konponketa txikiak egiteko autonomia izatea. Irakurtzeko gaitasuna zabaldu zenean, analfabetoak gizarteak baztertutako multzoa bihurtu ziren, eta XXI. mendeko mundu berri honetan programatzen ez dakienak ez du jakingo idazten eta irakurtzen: analfabeto digitala izango da, norbanakoekiko, enpresekiko eta gainerako herrialdeekiko dependetea.

Bien bitartean, gure hezkuntza-sistemak ebidentziei entzungor egin eta esparru honetarako orduak murrizten dihardu. Teknologia erabiltzaile-kontsumitzaile soilak (gainera, horretan ere maila makurrekoak) sortzen dituen hezkuntza-sistema da gurea, eta ez inondik inora sortzaile digitalak sortzen dituena. Horren ordez, analfabeto digitalak eta etorkizun hurbilean beste herrialdeen menpeko morroi teknologikoak sortzen ari gara. Larria da sakeleko telefonoen auzia ere: ikastetxeetan egoki erabiltzeko hezi eta indarguneak baliatu beharrean, klaustroetan sistematikoki debekatzen dira, eta badirudi gizartea norabide batean doala eta eskola beste batean.

Esanak esan, hala bazan edo ez bazan, sar dadila block.PUMPKIN.id-an, eta irten dadila herriko ikastetxeko block.CHALKBOARD.id digitalean.