Skins: larruazal aldagarriak

Minecraft erakargarria da, besteak beste, eskaintzen dituen pertsonalizazio-aukerengatik. Ingurunea nahi bezala doitu eta eraikitzeaz gain, nork bere avatarra mozorrotu dezake (gogoratu mutila denean Steve izena duela eta neska denean, Alex). Horrek aukera ematen du jolasa pertsonalizatzeko eta nahieran girotutako abenturak sinesgarriago egiteko. Minecraft partidan batzen diren gainerako jokalariek ere pertsonalizatu ditzakete haien avatarrak.

Alex eta Steve dira Minecrafteko lehenetsitako larruazalak 2015az geroztik.

Zaleentzat aski ezaguna da Alexek lehenetsita dakarren itxura, Minecraften sistema guztietan berdina baita. Hala ere, erraza da mozorroa edo larruazala aldatzea Pi bertsioan, nahikoa baita gustukoa aukeratu eta Minecraften jatorrizko karpeta batean eranstea. Ingelesez skins deitzen zaie irudi horiei eta aukera dago Internetetik deskargatzeko. Ezer baino lehen, eduki horrek zein lizentzia mota duen begiratu behar da, sortzailearen lana errespetatzeko.

Aitzitik, deskargatzerik ez badago, editatzeko programa batekin norberak marraztu ditzake nahi dituen irudiak. Sarearen bidez komunitatearekin partekatzeko ere aukera badago, gainera. MinecraftSkins.net webguneak mozorro-aukera zabala du, eta etengabe ari da hazten, auzolanean. Bestela, aukera interesgarria da Minecraft.novaskin.me bera ere.

Adibide gisa, hona hemen Alexen lehenetsitako mozorroa programak kargatzeko behar duen formatuan adierazita. Eredu horri jarraituz sortu behar da nork bere buruan duen mozorro berezia ere.

Arestian aipatu bezala, Minecraft programaren karpeta batean erantsi behar dira nahi diren irudiak, baina gogoan izan honako hau: litekeena da bertsioaren arabera karpeta horren kokapena aldatzea. Hori gertatuz gero, karpetak miatu behar dira irudiak topatu arte.

Pauso gutxian aldatzen zaio itxura pertsonaiari: eskuratu skin bat (deskargatuta edo sortuta), ireki irudi gisa egiaztatzeko hura dela, kopiatu dagokion karpetan, jarri izena eta jolastu, besterik gabe.

Mozorroa deskargatzea

Mozorroa deskargatzeko, ireki nabigatzailea eta joan MinecraftSkins.net gunera, mozorro piloa baitago doan, besteak beste, telesailetako pertsonaienak, filmetakoak, fantasiazkoak zein mitologikoak. Hautatu gustukoena eta deskargatu lokalera Download botoiari sakatuta. Hona hemen gauez agertzen diren etsai higuingarrien itxura duena:

Hori jantzita utziko al gaituzte behingoz gauez bakean?

Deskargatutakoa egiaztatzea

Saretik deskargatzen den edozer gauza /home/pi/Downloads karpetara joateko lehenetsita dago. Irudia bertan dagoela egiaztatzeko, zabaldu fitxategi-kudeatzailetik Menua > Gehigarriak > File Manager eta joan aipatu karpetara.

Larruazala karpetan kopiatzea

Mozorroa karpetan kopiatzeko, zabaldu terminala Menua > Gehigarriak > Terminala aukerari sakatuta edo teklatutik CTRL + ALT + T sakatuta.

Ezer baino lehen, komeni da Alexen jatorrizko mozorroaren kopia bat egitea, nahi denean hasierakora bueltatzeko. Horretarako, idatzi honako hau agindu-lerroan:

cd /opt/minecraft-pi/data/images/mob/
sudo cp char.png steve.png

Eta horrela, lasai asko, lehenetsitako lekuan kargatzen du:

sudo cp /home/pi/Downloads/zombie.png char.png

Bistakoa denez, deskargatu berri den irudiaren izenarekin ordezkatu behar da aurreko agindukoa.

Eginda dago! Ikustea bakarrik falta da.

Minecraft berrabiaraztea

Arestiko eragiketak egin bitartean programa zabalik egon bada, itxi eta berriz sartu; bestela, ireki Minecraft: sartu terminalean minecraft-pi, edo sakatu menu-barrako aplikazioen erlaitzean Jokoak atalaren barruko lasterbidea.

Minecraft mundua kargatzen denean, lehentasunezko ikuspuntua aldatu behar da nork bere burua ikusteko (konektatzen diren gainerako jokalariek konektatze hutsarekin aurrez aurre ikusten zaituzte). Sakatu teklatuko ESC botoiari eta, jarraian, ezkerreko goiko aldeko ikurrari. Bukatzeko, sakatu Back to Game.

Pauso horiek guztiak emandakoan, Alex kanpotik ikusten da! Betiko ikuspuntura itzultzeko, aldiz, egin kontrako bidea eta sakatu ikurrari berriro ere.

Zer moduzko itxura du Alexek?

Zombiea naiz orain! Kar-kar-kar!