Etorkizuneko sormen-eduki gehienak digitalak izango direnez, lehenbailehen eskuratzea komeni da haiek ekoizteko programazioaren gutxieneko nozioak. Idazle finak idatzizko hizkuntza menperatu behar duen neurri berean jakin beharko luke programatzen eduki digitalaren sortzaile trebeak, bestela muntatzaile baten menpe egon beharko baitu. Horiek horrela, askok uste dute musikaren etorkizuna Sonic Pi eredua dela.
Eredu sinplea denez, egokia da irakaskuntzarako eta erabiltzaile hasiberrientzako, baina, aldi berean, tresna bikaina da erabiltzaile aurreratuenek ekoizpen profesionalak egiteko ere.
Aizu! Noizko DJ sesioak edo kontzertuak?
Hainbat plataformatarako dago eskuragarri: Windows, macOS, Linux eta Raspberry Pi. Sonic Pi lehentasunez dator instalatuta Raspbian sisteman, eta ez dago ezer egin beharrik erabiltzeko: Menuan, Programazioa atalean dago abiarazteko lasterbidea.
Musika eta Informatika (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) ikasgaien arteko proiektuentzat oinarri izan daiteke: tutorial, adibide eta argibide gehiago dituzte eskuragai haien webean: sonic-pi.net.